2.000 pertsona inguruk berrikuntzaz blai egin dute Bilbon Euskalduna jauregia, bertan izan baita Global Innovation Day-ren bosgarren edizioa: 25 hitzaldi, 57 txoko, 27 tailer eta Berrikuntzaren Campusa.
- Berrikuntza adimendunean ardaztu den jardunaldi honek ibilbidea osatu du berrikuntzaren lau faseetan zehar: inspirazioa, ideazioa, hazkundea eta konexioa; hitzaldietan 4.0 industriak jendearengan izango duen eragina, hiri adimendunak, Europako joera berritzaileak eta dagoeneko mundua aldatzen ari diren gazteen zeregina aztertu dira.
- Iñigo Urkullu lehendakariak, Innobasqueko presidentearekin eta Zuzendaritza Batzordearekin batera, euskal berrikuntzaren foro handi honetako txokoak bisitatu ditu, eta gero Innobasqueren Batzar Nagusiari eman dio hasiera, bertan Berrikuntzaren Euskal Agentziaren 2016-2020 Plan Estrategikoa aurkeztu delarik.
Bilbo, 2016ko ekainaren 14a. 2.000 pertsona inguruk parte hartu du Global Innovation Dayren bosgarren edizioan, euskal berrikuntzaren hitzordu handian, eta bertan ehunen bat erakundek lagundu dute Euskadiko berrikuntzaren onena eta berrikuntza elkarlanean egiteak duen balioa ezagutarazteko. Txema Villatek, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendaria nagusiak, azpimarratu duenez, “Euskadi berrikuntzan Europako abangoardian kokatzea erronka kolektiboa da, publiko eta pribatuaren konpromisoa areagotzea eskatzen duena”.
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak, Global Innovation Day-ren esparruan Innobasquek arratsaldean egin duen Batzarrari hasiera eman diolarik, esan du “ezagutzaren gizartea, enpresako berrikuntza, prestakuntza eta pertsonen talentua funtsezkoak direla lehiakortasunean, hazkundean eta enpleguan irabazteko”. Halaber, berrikuntza gizarteratzeko egiten duen ahalegina eskertu dio Innobasqueri, eta gogoratu du epe luzerako apustua dela, hau da, “gaur inbertitu egin behar dela bihar emaitzak lortzeko”.
Smart Innovation: gakoak
Jardunaldiaren ikuspegia praktikoa eta parte-hartzailea izan da. Egunean zehar, 27 tailer egin dira, eta horietan praktikatzen eta berrikuntza egiten ikasi da biomimetikan, marketinean, prototipatuan edo start up-en kudeaketan, besteak beste. Edizio honetan ibilbideak sortu dira proiektu berritzaile ororen lau faseetan zehar: inspirazioa, ideiagintza, hazkundea eta konexioa. Lau etapa horietan ardaztu da Berrikuntzaren Campusa, ibilbide didaktiko hau zuzenduta dagoelarik honetan sakondu eta trebatzera: nola egin berrikuntza eraginkortasunez hainbat metodologiaren bidez. Aldi berean Innobasque sareko erakundeen produktu eta zerbitzurik berritzaileenak ezagutarazi dira 57 txokoetan.
Bestalde, hitzaldien ardatza berrikuntza adimendunaren gakoak izan dira lau panelen bidez: pertsonak, 4.0 industria, hiri adimendunak
eta berrikuntza-joerak Europan.
2016ko Global egunari 11 gaztek eman diote hasiera. “Smart people” panelean, mundua aldatzen ari diren gazte horietako batzuen parte-hartzea izan da. Panelak euskal gazteen itxaropenak eta aukerak erakutsi ditu. Izaro Martínez eta Maddi Martínez-ek, Begoñazpi Ikastolako ikasleek, kontatu dute zelan Legoñazpi Dayn Bigarren Hezkuntzako ikasleek ikastetxeko agintea hartzen duten robotikan, zientzian eta berrikuntzan lehiatzeko, ikastetxe osoa inplikatzea bilatuz. Beraiekin batera izan dira Lorea Argarate eta Borja Mollá, Global Shapers Bilbao-ko kideak; gazte lider globalak izan daitezkeenen komunitatea da hau, beren inguruan aldaketa bultzatzen dutenak, World Economic Forum-aren berotasunean sortuak. Euskadi da orain 452 hub-etako bat, 169 herrialdetan 5.000 sharper baino gehiago daudelarik. Odile Sánchez, Laima Otsoa, Lucía Uría eta Robert Bravo gaztetxoak, 5 days to dance-koak, kontatu dute nola bi koreografo sartu ziren Donostiako Manuel Larramendi ikastolara, ikasleei erronka eginez koreografia bat presta zezaten aurrez inolako esperientziarik gabe; ekinbide honek sormenak elkarlanean duen ahalmena garatzen du, eta beste leku batzuetan errepikatzen ari dira. Azkenik, Imane Bensaleh, Amina Cherif eta Embarka Gachbar-ek, dantza eta rap artean, 12 Nubes berrikuntza sozio-pedagokikoko esperientzia azaldu dute, hezkuntza-ekintza formala espazio ez formalarekin lotzen duena, eta gazteen ekintza, parte-hartzea eta sorkuntza sustatzen dituena. Ekinbide hau gaztetxo talde baten inguruan sustatzen da, eta DBHko ikasleak dira Gasteizko Gizarteratze Institutuan.
“Smart Enterprises”en, Venezuelako irakasle eta Singularity Universityren sortzailea den José Luis Cordeirok ikuspegi futurista eman du eta hemendik 30 urterako errealitateei buruz hitz egin du, gaur ezinezkoak iruditzen zaizkigunak, adibidez, bizitza ia norberak nahi beste luzatzea, ondorioak ia pentsaezinak direlarik. June Solak, Trimek-Innovalia Metrology-koak, 3D inprimaketa eta artea batzea proposatu du.
Aurrerago, “Smart living” panelean, Mara Balestrini-k, Ideas for Change-ko zuzendariak, bere “Más allá del smart: la ciudad contributiva” hitzaldian hiritarren neurrira egindako hirien adibide gisa Seul, Amsterdam, Bologna eta Bristol jarri ditu, hiritarren lankidetza baliotsuak sortu baitira arlo publiko, pribatu eta mundu akademikoarekin. Francis Pisani, bidaiari nekaezina eta teknologia berrien eta hauek hirien eraldaketan duten eraginaren aztertzailea, jatorri frantziarrekoa da, hirurogeita hamar urtetik gorakoa, bi aldiz munduari bira emandakoa Gizateriaren etorkizuna diseinatzen duten berrikuntza-guneen bila. Ondoren, Euken Sesék, Donostia Sustapena-koak, azaldu du Donostia nola bihurtu den smart hiriaren erreferentzia hiru osagai hauekin: berrikuntza, talentua eta adimen kolektiboa. Segidan, Pilar Conesak, hiri adimendunetan aitzindaria eta Antevertiko presidenteak, azpimarratu du teknologia, beharrezkoa izan arren, ez dela aski hiri bat adimenduna eta bere biztanleentzat atsegina izan dadin.
“Smart innovation”en txandan, Tania Kimovak hartu du parte, TNS Opinion-eko ikerketa-zuzendariak; hau Europako Batasuneko Innobarómetroaren arduraduna da eta Europako ia 15.000 enpresaren artean berrikuntzan dauden joerak neurtzen ditu. Txostenak azaldu du berrikuntzan inbertitzen duten enpresek joera dutela ekipamenduan edo softwarean (p), prestakuntzan (d), ospean eta branding-ean (Y) eta antolaketa- eta prozesu-hobekuntzan (S) inbertitzeko. Albert Bravo Bioscak, Nesta berrikuntzako britainiar agentziakoak, esperimentazioaren alde egin du berrikuntza hobeto egiteko modu gisa, eta beraien laborategian, Innovation Growth Lab-en, nola egiten duten azaldu du. Bideokonferentziaz, Europako Batzordeko Adam Watson Brown analistak “Digital Futures: a journey into 2050 visions and policy challenges” txostenaren berri eman du, eta hor politika berriak diseinatu beharra azpimarratu da, prozesu parte-hartzaileetan oinarrituta, teknologia digitalak erabiliz. Bestalde, Martin Duckworth-ek, merkatu eta negozio-eredu berrien garapenean esperientzia duen britainiar estrategak, “Strategic Foresight: Towards the 3rd Strategic Programme of H2020” azterketaren emaitzak zehaztu ditu sakon, eta bertan Horizon(te) 2020 programaren hirugarren boladaren xehetasunak aurreratzen dira, hiperkonektibitatea eta big data, energiaren prezioaren jaitsiera, migrazioak, osasuna, klima-aldaketa, lehen sektorea, bioteknologia eta, arau global berri gisa, ezegonkortasuna azpimarratuz.
Bloke honi amaiera Toby Shapshak hegoafrikarrak eman dio, eta ikuspegia Afrikara birarazi du, “han berrikuntza hobea baita” esan du, “etorkizuna Afrikan dagoela” gaineratuz. “2040an bilioi bat afrikar izango dira lanerako adinean, hau da, munduan 5 gaztetatik bat afrikarra izango da, eta horrek lan-indarrik handiena bihurtzen gaitu”.
PMP Management Factory-ren “Powerful Conversations”en, eraldaketa digitalaren lidergoa aztertu dute Mosiri Cabezas (Telefónica), José de la Peña Aznar (Neolabels), Adolfo Ramírez Morales (Banco Santander) eta Oswaldo Lorenzok (Business School).
Azkenik, “Madurez en Dirección de Proyectos en Euskadi 2016” txostena aurkeztu da, Mondragon Unibertsitateak egina, Innobasquerekin lankidetzan. Lanak esaten du badela munduan joera bat, justifikatua, proiektuen arabera lan egiteko, negozioetan berrikuntza eta aldaketa bultzatzen dituelako. Joera hau gehituz joango da, project management dagoeneko garrantzizko faktorea delarik lehiarako. Euskadin arrakasta-faktore nagusiak detektatu dira, eta kudeaketa mota honetarako oztopoak ere bai.
Global Innovation Dayk berriro bihurtu du euskal berrikuntza sare sozialetan joera.
Innobasqueren Batzar Nagusia
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Innobasqueko presidenteak, Zuzendaritza Batzordeko kideekin Global Innovation Dayko txokoak bisitatu ondoren, arratsaldean hasiera eman dio Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkideen Batzar Nagusiari.
Batzarrean, Innobasqueko Zuzendaritza Batzordea berritu da; 60 lagunek osatzen dute eta Euskadik berrikuntzarekin duen konpromisoa adierazten dute: % zientzia eta teknologia mundukoak dira, % enpresakoak, % herri-administrazioetakoak eta gainerako % gizartekoak.
Innobasqueren 2016-2020 Plan Estrategiko berria (ikus ondoko marrazkia) ere aurkeztu da, Zuzendaritza Batzorde, bazkide, Eusko Jaurlaritza eta agentziaren barne-taldearen ekarpenekin egina, erakundearen III. Zikloa hasten delarik horrekin. Denboraldi honetan, eginkizun berriak izango dira aurreko beste batzuk finkatzeaz gain, aliantza publiko-pribatuaren hedapenean sakontzeko erronkarekin, bazkide-sarearen gaitasunak aktibatuz.
Planak 5 helburu planteatzen ditu:
- Berrikuntza politikei laguntza estrategikoa emateko Innobasqueren eginkizuna indartzea.
- Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuekin bat etorraraztea jarduera, eta Euskadi lurralde berritzaile gisa kokatzen laguntzea.
- Innobasqueren eginkizuna, berrikuntzan behaketa- eta prospektiba-eragile gisa, indartu eta sakontzea.
- Elkartze-oinarriaren tamaina, aniztasuna eta lotura areagotzea.
- Diru-sarreren oinarria zabaldu eta dibertsifikatzea agentziaren iraunkortasuna bermatzeko.
2015eko ekitaldiko jardueraren errepasoa ere egin da, eta horren zehaztasunak bertaratuei eman zaien Memoria 2014-2015 txostenean agertzen dira.
Bere hitzaldian, Villatek nabarmendu du “milaka pertsona eta erakundek osatzen dugula Innobasque, elkarrekin gizarte berritzailea bultzatu nahi dugularik guk desiratutako etorkizunik onena eraikitzeko”.