Innobasquek antolaturiko Cleantech Now!-k ekonomia zirkularrean, iraunkortasunean eta teknologia garbietan sartzen ditu gazteak berrikuntza irekiko tailer baten eta ideia eta proiektuen lehiaketa bidez.
- Unibertsitateko eta lanbide-heziketako 300 ikaslek kolaboratu dute gaur Gasteizen 6 enpresarekin (Tubacex, Koopera, Nabari, Azaro Fundazioa, Ayuda en Acción eta Gasteizko Udalarekin), hauek erronkak aurkeztu dizkietelarik laguntza eskatuz.
- Ramiro Gonzalez Vicentek, Arabako ahaldun nagusiak, eman dio jardunaldiari hasiera, Txema Villaterekin, Innobasqueko zuzendari nagusiarekin, batera, eta beste pertsona garrantzitsu batzuk ere bertan izan dira.
Gasteiz, 2015eko azaroaren 9a. Unibertsitateko eta lanbide-heziketako 300 ikasle inguru aritu dira gaur lanean elkarrekin, hainbat ikastetxe eta jakintza-arlotatik etorritako taldetan, 6 euskal erakundek (Tubacex, Nabari, Koopera, Azaro Fundazioa, Ayuda en Acción eta Gasteizko Udalak) ekonomia zirkularrari buruz planteaturiko erronkei konponbide berritzaileak emateko. Cleantench Now!-ren hirugarren edizioa, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatua, prototipatze eta berrikuntza irekiko tailerra eta ideia eta proiektu berritzaileen lehiaketa da, gazteak ekonomia zirkular, iraunkortasun eta teknologia garbietara hurbiltzen dituena, eta arreta hondakinen murrizketan jartzen du beste sektore batzuen balio-katean txertatzeko.
Ramiro González Vicentek, Arabako ahaldun nagusiak, eman dio jardunaldiari hasiera, Txema Villaterekin, Innobasqueko zuzendari nagusiarekin, batera, eta amaiera, berriz, Nerea Melgosak, Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi ordezkariak, eta Lola Elejaldek, Innobasqueko Eraldaketa Sozioekonomikoaren Arloko zuzendariak, eman diote.
“Cleantech Now! ekinbideak enpresa ikasleekin konektatzen du eta ikastetxeen, unibertsitateen eta hainbat jakintza-arloren arteko trukea sustatzen du hibridazioaren bidez”, esan du Villatek. Gonzalez Vicentek, berriz, adierazi du: “Sistema bat eraikitzen lagundu behar dugu, non ikasleak unibertsitatean prestatzen diren, baina baita enpresan ere. Eta eginkizun honetan, erakundeok ekonomikoki lagundu behar dugu ikasleek beren zereginak lantokietan bete ditzaten. Berrikuntza Foru Aldundi honen apustuetako bat da eta, horren haritik, legealdi honetan indartu egingo dira horretarako laguntzak, bai enpresentzat eta bai partikularrentzat. Prestaturiko gaztez beteriko areto batean gaude, eta gainera talentua duzuela erakutsi duzue. Talentu hau ezin da galdu. Ezin diogu hori geure buruari onartu”.
Iván Lopezek eta Xabier Islak, IEFPS Errepelegako ikasleak, smart city-etan aparkatzeko app-eri buruzko proiektu batekin irabazi dute lehiaketa. Pilar García de Salazar-ek, Arabako Garapen Ekonomiko eta Lurralde Orekako foru-diputatuak, eta Juncal Ibeas-ek, Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zuzendariak, banatu dituzte sariak.
Berrikuntza irekiko tailerra
Tubacex, Nabari, Koopera, Azaro Fundazioa, Ayuda en Acción eta Gasteizko Udalaren ordezkariek gazteekin batera lan egin dute.
Gasteizko Udalak hondakinen bilketa pneumatikoak sortzen duen problematika azaldu du. Tubacex industria-enpresak altzairutegietan hondar-beroa ez dela ustiatzen azaldu du, eta parte-hartzaileek hori berreskuratzeko aukerak landu dituzte. Ayuda en Acción-ek Bolibiako herri batean presa baten eraikuntzak sorturiko ur-lasterraren ustiapenari buruzko erronka aurkeztu du. Azaro Fundazioak zur-industriaren erabilera berriak, produktu eta negozio berrien ustiapena eta sorkuntza planteatu ditu. Bestalde, Koopera-k tresna elektronikoen hondakinetan eta hauen erabilera posibleetan arreta jartzeko eskatu die ikasleei. Azkenik, Nabari startup-ak bere sektorearen inguruko erronka bota du: arropa adimenduna.
Proiektu eta ideien lehiaketa
IEFPS Errepelegako ikasleek aurkezturiko proiektuak irabazi dute ekintzailetzako prestakuntza-programa, 7.000 eurotan balioetsia, Cleantech Now! lehiaketa irabazi duelako.
Aurkezturiko 7 ekinbideak epaimahai kualifikatu baten aurrean defenditu dituzte, eta epaimahaia Azaro Fundazio, Tubacex, Ausolan, Gasteizko Udal eta Innobasqueko ordezkariek osatu dute. Proiektuak, alderantzizko vending makinez gain, eguzki-energia fotovoltaiko, motor elektriko adimendun, ekoizpen-sistemen automatizazio, ikasleentzako modulu-etxe edo supermerkatuko produktuentzako etiketatzearen ingurukoak izan dira.
Cleantech Now! Innobasquek sustatzen du UPV/EHU, Mondragon Unibertsitate, Deustuko Unibertsitate, Nafarroako Unibertsitatearen Tecnum, eta Tknika-ren bidez eta Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Ausolan-en laguntzarekin.