Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio hasiera Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XV. Asteari, eta gogoratu du Euskadik 11.100 milioi euro inbertituko dituela 2020ra arte ikerketa estrategikoko 40 lerro garatzeko.
- Felix Goñik -EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradun, ikertzaile aitzindari eta ospe handikoak- hasierako hitzaldia egin du, eta Gizateriaren aurrerapenerako zientzia-jardueraren alde egin du sutsu.
- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea zabalkunderako ekinbidea da, zientzia, teknologia eta berrikuntza hiritar guztiengana hurbiltzeko helburuaz Europa osoan egiten dena.
Bilbo, 2015eko azaroaren 2a. Gaur arratsaldean, Iñigo Urkullu lehendakariak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen XV. edizioari hasiera eman dio Bilboko Euskalduna jauregian. Berarekin batera izan dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko kide garrantzitsuak; Kontseilua hau zientzia, teknologia, ikerketa eta berrikuntzan parte hartu, aholku eman eta lidergoa zertzeko organo gorena da. Euskadik zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin duen konpromisoa berritu du horrela.
Urkulluk baieztatu du erakundeak, enpresak eta gizartea bera ongi jabetzen direla etorkizunerako inbertsiorik onena zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren alde egitea dela: “Euskadiko ekonomiaren etorkizuna dugu jokoan”. Horren haritik, esan du Eusko Jaurlaritzak 14 milioi gehiago jarri dituela I+G programatarako aurrekontuan eta gogoratu du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak 11.100 milioi euro inbertitzeko aurreikuspena duela 2020ra arte ikerketa estrategikoko 40 lerro garatuz. “Gakoa”, lehendakariaren arabera, “lankidetzaren espirituari eustea da”.
Beraren ondoren, Jesus M. Ugaldek, Jakiunde-Zientzia, Arte eta Letren Euskal Akademiako lehendakariak, bere kideetako bat aurkeztu du: Felix Goñi (Donostia, 1951), zientzialari ospetsua eta ikertzaile aitzindaria Euskadin. EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak izan du hasierako hitzaldia emateko ardura, eta Gizateriaren aurrerapenerako zientzia-jardueraren alde egin du sutsu, eta zientzian egiten diren inbertsioen eta horien emaitzen analisi kuantitatibo eta kualitatibo zehatza egin du. Nerabezarotik zientzia egoki irakastearen garrantzia ere azpimarratu nahi izan du.
Iñaki Lopez kazetari ezagunak zuzenduriko hitzaldian Lauro Ikastolako lau ikasle izan dira, eta kontatu dute robotikarekiko grinak Moonbots-en munduko finalera eraman zituela, Ilargian misioei buruz Googlek deituriko nazioarteko lehiaketara. Nerua jatetxeko chefak, Josean Alijak, Michelin izar baten jabeak, ere hartu du parte, eta laborategi bat eta goi-gastronomiako sukalde bat nola antolatzen diren alderatu ditu. Horiekin batera izan da Izaskun Astondoa, Astondoa Pirotekniako gerentea, eta berak su artifizialen koloretako argien magiaren atzean dagoen fisika eta kimika azaldu ditu. Gainera, Jose Maria Bretos izan da, Musika Akustikako irakaslea Musikenen eta Fisikan doktorea EHUren eskutik, eta erakutsi du musika, dardara akustikoz osatua dagoenez, zientzia dela.
“Gaur eraldaketa-prozesua hasi zuen belaunaldiaren aurrean gaude, lekukoa ondorengoei lagatzen ari delarik”, esan du Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, eta Goñiren beteranotasuna azpimarratu du arratsalde honetan bere inguruan izan dituen gazteen aldean, “zientzia-pentsamenduarekiko kar edo grina erakutsi dutelarik”. “80ko urteetan Euskadin hasi zen proiektuak etorkizun handia du” eta “ezagutza-nodo berritzaile gisa ezagut gaitzaten” laguntzen du.
Azkenik, Jose María Guibert-ek, Deustuko Unibertsitateko errektoreak, eman dio ekitaldiari amaiera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Astearen irteteko pistola-tiroa; ekinbide hau Europa osoan egiten da eta Euskadiri buruz lurralde berritzailearen irudia ematen du. Azaroaren 2tik 15eraino, askotariko tipologia duten erakunde ugarik jarduerak antolatuko dituzte zientzia, teknologia eta berrikuntza herritar guztiengana hurbiltzeko.
Ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera izan da esteka honen bitartez.