Fabrikazio aurreratuak gaitasun, zientzia- eta teknologia-baliabide eta I+G-b emaitzen kontzentrazio handia biltzen du Euskadin, eragina dutelarik hainbat enpresa-arlotan. Horren adibideak erakutsi dira gaur.
- Elkarlaneko edo lankidetzazko robotika da industria-aro berri honen ardatzetako bat: %30eraino gehitzen du enpresa-lehiakortasuna eta lan-kostuak %18raino murrizten ditu, herrialdeen eta sektoreen arabera.
- Aldaketa handi honetara egokitzeko, eta horretan funtsezko zeregina dute IKTek, ingeniariek gaitasun berriak garatu behar dituzte eta lasterrago ikasteko gai izan behar dute.
Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb)Argazkia
Bilbo, otsailaren 24a. Ingeniaritzak produktu, prozesu eta zerbitzu berritzaileen bidez egiten die aurre sortzen ari den industria-iraultza berriaren erronkei: fabrikazio aurreratua, 4.0 industria edo fabrika adimenduna. Etorkizuneko fabrika honetan pertsonak, makinak eta materialak beren artean komunikatzen dira denbora errealean, Interneteko konexioa errazten duten software kapsulatuei (embedded) esker. “Innobasqueren Astearteak” programako jardunaldi honetan –“Ingeniaritza eta Berrikuntza”ren ingurukoa eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak Telekomunikazio Ingeniarien Euskal Elkargoarekin lankidetzan antolatua- agerian geratu da Euskadi ongi kokatua dagoela lehiakortasunean irabazteko aukera handi honetaz baliatzeko. Fabrikazio aurreratua espezializazio adimendunaren hiru ildoetako bat da, duela gutxi onarturiko Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasota dagoena.
Ekitaldian izan dira Lourdes Pozueta, Avancex+i-ko bazkide zuzendaria; Ignacio Sola, Duestudio Industrial Design-eko bazkide sortzailea; Ibon Mitxelena, Moldkar-eko zuzendaria; Amaia Bernaras, Idom-eko senior aholkularia; Emilio Sánchez, CEIT-IK4-ko Robotika eta Mekatronikako ikertzailea; José Félix Rojas, astrofisikoa eta UPV/EHUko Planeta Zientzien Taldeko kidea; Álvaro Ubierna, Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoko dekanoa; eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.
Fabrikazio aurreratuak gaitasun-kontzentrazio handia biltzen du Euskadin, bai zientzia- eta teknologia baliabide eta I+G+b emaitzak metatzen dituelako eta bai enpresa-arloen eta emaitza-ustiatzaileen dimentsioari dagokionez. Hori da CEIT-IK4-ko Emilio Sánchez lantaldearen kasua, robot prototipo bat diseinatu baitute, bizkarrezurraren ebakuntzan kirurgialariari lagunduko diona, orain arte eskuz egiten zen zerbaitetan. Hau bezalako elkarlan edo lankidetzazko robotika-sistemetan, profesionalak robotarekin lankidetzan egiten du bere zeregina, eta horrela robotaren trebetasuna eta zehaztasuna ingeniariaren esperientziarekin eta iritziarekin uztartzen dira. Boston Consulting Group-en txosten baten arabera, elkarlaneko robotikaren erabilerak %30eraino gehitu dezake lehiakortasuna eta %18raino murriztu lan-kostuak, herrialdeen eta sektoreen arabera.
Transferentziaren beste adibide bat PlanetCam-en garapena izan da, oinarrizko zientzian egindako ikerketaren emaitza den kamera astronomikoa, planeten fenomeno atmosferikoak eta meteoritoen, asteroideen edo kometen inpaktuari ematen dioten erantzuna aztertzeko kalitate handiko irudiak biltzen dituena. Bere garapena Planeta Zientzien Taldeak gauzatu du, lehen fasean Idom-ekin elkarlanean; trakzio-gaitasun handiko ingeniaritza-enpresa honen egoitzan izan da lehen jardunaldia, eta bertan beste sektore batzuekiko beste lankidetza-proiektu batzuk erakutsi dira.
Fabrikazio aurreratuari esker, produktu erabat pertsonalizatuak egingo dira balio-kate globalizatuetan, nabarmen gehituz kalitatea eta malgutasuna. Horretarako beharrezkoa izango da tartean dabiltzanek, ingeniariek, gaitasun berriak garatzea, eta lasterrago ikasteko gai izatea zenbait metodologiari esker; horien artean dago, adibidez, Lourdes Pozuetak, Estatistikan doktorea eta Avancex+i enpresakoak, azaldu duena, aldi berean hainbat faktorerekin egindako esperimentazioan oinarritua.
Testuinguru honetan, Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoak informazioaren eta komunikazioaren teknologien zeharkakotasuna nabarmendu du, iraultza honi aurre egiteko funtsezko osagai gisa.
Azkenik, Gipuzkoako Duestudio Industrial Design enpresak industria-diseinuaren balioa aldarrikatu du eta Tecnalia Moldkar-en spin off-ak erakutsi du, serie laburren prototipatua ahalbidetzen duen 3D inprimaketari esker, gai direla produktu berrien merkaturatzeak suposatzen dituen tempoak eta kostuak murrizteko.
Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.