Berrikuntzaren Euskal Agentzia euskal berrikuntzaren estrategia publiko-pribatua azaltzera gonbidatu dute iberoamerikar eremuan, ospe eta preskripzio-gaitasun handiko hausnarketa eta erabakitzeko foroetan.

 

Datorren urriaren 29an, Pedro
Luis Uriarte Innobasqueko presidenteak emango dio hasiera Mexikoko Berrikuntza
eta Lehiakortasunaren Jardunaldi Nazionalari
, Guadalaja probintzian,
hitzaldi honekin: “Berrikuntza: paradigma lehiakor berri baten
zutabea, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren kasua
“. Hitzaldi honek irekiko
ditu Zientzia eta Teknologiaren Kontseilu Nazionalak (CONACyT) antolaturiko
topaketa honetako eztabaida-saioak, horietan Munduko Bankuak, Herrialde Amerikarren
arteko Garapen Bankuak (BID) eta Mexikoko eta Latinoamerikako herrialde
askotako berrikuntza-sistemako eragileek hartuko dutelarik parte.

Halaber, azaroaren 13an eta 14an, Estatu eta Gobernu
Buruen XIX. Iberoamerikar Gailurra prestatzeko Adituen Mintegian
parte hartuko du Innobasquek, aurten “Berrikuntza eta Ezagutza” izango
duelarik aztergai. Mintegi hau Narcís Serra buru duen CIDOB Fundazioak antolatu
du, CEPALekin eta Idazkaritza Nagusi Iberoamerikarrarekin elkarlanean.
Mintegiaren programan berrikuntzaren eta ezagutzaren sustapenarekin zerikusia
duten gaiak aztertuko dira, betiere Latinoamerikako ezaugarri bereziak
kontuan hartuta. Pertsona eta erakunde adituen ekarpenekin proposamen eta
gomendio sorta prestatuko da, eta estatu-
eta gobernu-buruei helaraziko die Enrique Iglesias Idazkari Nagusi
Iberoamerikarrak Estorilen azaroaren bukaeran egingo den Goi-bileran.
Innobasqueko presidentea den Pedro Luis Uriartek “Ezagutza, ikerketa eta
teknologia berriak” gaiaz hitz egingo du.

Bestalde, gaur eguerdian bertan
Euskadin ordezkaritza duten kontsulatuetako arduradun gorenak elkartu dira
Innobasque-ren egoitzan, proiektuaren berri zuzenean jasotzeko. Euskadin abian
den prozesuaren nondik norakoak jaso eta atzerrian horren bozgorailu bihurtzeko
eskatu zaie.

Ekitaldi hauek euskal berrikuntza
zabaltzeko Innobasquek hainbat forotan egin duen lanaren osagai dira; besteak
beste, hauetan parte hartu du: Espon mintegia (Praga), FemCAT Forum (Bartzelona), Ameriketako
Berrikuntza Foroa (Montevideo), Erkidegoen I+G+b Estrategien Nazioartekotzeari
buruzko Topaketa (Santander), Open Days (Brusela)… Bestalde, Limousine (Frantzia),
Vejle-ko Udal (Danimarka), Corfo Proiektu (Txile) edo American Marshall
Memorial Fellowship (AEB)-ko ordezkaritzak izan dira azkenaldian Innobasque
bisitatzen, zuzen-zuzenean ezagutzeko lankidetza publiko-pribatuaren
esperientzia.

Partekatu albiste hau