- Hiru eskualdeetako ekonomia-sustapeneko eragile nagusiek eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, jardunaldi bat antolatu dute bertako ETE-entzat, berrikuntza bultzatzeko zer zerbitzu dituzten eskueran ezagutzera emateko
- Ingurune hurbileko lau ETEk beren esperientziaren berri emango dute topaketan, eta lan-prozesuetan soluzio berritzaileak ezartzeak zer onura ekarri dizkien azalduko dute
- Bizkaiko Foru Aldundiak, Beazek eta Innobasquek lurraldearen lehiakortasuna bultzatzeko elkarlanean martxan jarritako “Bizkaia Orekan Sakonduz” ekimenaren testuinguruan antolatu da jardunaldia
Innobasque, 2024ko ekainaren 27a. Meatzaldeko, Enkarterrietako eta Ezkerraldeko ekonomia-sustapeneko eragile nagusiek eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, jardunaldi bat antolatu dute uztailaren 4rako, hiru eskualde haietako enpresa txiki eta ertainei (ETE) zuzendua.
Topaketa 8:30 eta 10:30 artean izango da Euskadiko Teknologia Parkeko Abanto Kanpusean, EICen egoitza-eraikinean, “Bizkaia Orekan Sakonduz” ekimenaren testuinguruan. Bizkaiko Foru Aldundiak, Beaz-ek eta Innobasquek elkarlanean landutako estrategia horren helburua da ETE-en emaitzak hobetzea, haien baliabideak optimizatzea eta, berrikuntzaren bidez, haien lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzea.
Horri begira, hauxe da ETE-ei zuzendutako jardunaldi honen helburua: eskualde horietako enpresa txiki eta ertainei azaltzea inguru hurbileko eragileen bitartez berrikuntzan laguntzeko zer zerbitzu dituzten eskueran, eta horien bidez nola lor ditzaketen haien helburuak.
Horretarako, zerbitzu horien aurkezpena egingo dute Josu Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko enpresa- eta lurralde-lehiakortasuneko zuzendariak, Inmaculada Ugateche Uniporteko zuzendari nagusiak (Euskadiko kluster multimodal logistikoa) eta Luis Manero Berrikuntzaren Euskal Agentziako (Innobasque) enpresa txiki eta ertainetako berrikuntza-zuzendariak.
Ondoren, inguruko lau ETEetako ordezkariek beren produktu eta prozesuetan irtenbide berritzaileak ezartzearen alde egindako apustuan lortutako onurak azalduko dituzte, baita berrikuntza-prozesuan gainditu dituzten zailtasunak ere.
Parte hartzen duten ETEak sektore desberdinetakoak dira, eskualdeen adierazgarri, eta erakusten dute berrikuntza funtsezko faktorea dela edozein enpresa motaren lehiakortasuna bultzatzeko.
Zehazki, honako hauek izango dira bertan: Jose Miguel Aranzabal, Sopuertako Lacilla taldeko CEOa, Cantera Lacilla, Hormigones Sopuerta eta Lacilla Green enpresek osatua eta agregakinak eta hormigoia merkaturatzen dituena; Andrés Urrego, Barakaldoko Gurenergias enpresako gerentea, irtenbide energetiko berriztagarrien instalazioan espezializatua; Mireia de Diego, Gutrameko berrikuntza-arduraduna, Abanto-Zierbenako enpresa, hondakinak kudeatzeko eta birbalorizatzeko sektoreko enpresa, ingurumen-osagai handiarekin; eta Alex López, Revenanteko CEO, Gordexolan kokatutako jasangarritasun-irizpide altuetan oinarritutako makineria industrialaren birmanufaktura-enpresa. Enpresen mahaia Arrate Robertson Meatzaldeko Behargintzako enpresentzako zerbitzuen arduradunak dinamizatuko du.
Jardunaldia irekia da hiru eskualdeetako ETE-entzat, aldez aurretik izena emanda inprimaki honen bidez. Plazak mugatuak dira.
Eskualdeetako eragile nagusiak daude tartean
Hiru eskualdeetan ekintzailetza eta garapen sozioekonomikoa bultzatzen duten hiru eragile nagusiak —Berrikuntzaren Euskal Sistemako kideak hirurak— eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, elkarlanean aritu dira jardunaldi honen antolaketan.
Hala, Meatzaldetik, Meatzaldeko Behargintza agentzia aritu da. Eskualdearen garapen sozioekonomiko osoaren alde egiten du lan agentzia horrek, enplegua sustatuz, enpresak sortuz eta lehendik daudenen garapena bultzatuz. Abanto Zierbena, Muskiz, Ortuella, Trapagaran eta Zierbena udalerriak biltzen ditu erakunde horrek, eta, besteren artean, honako zerbitzuak eskaintzen dizkie enpresei: berrikuntza-prozesuetan bidelagun izatea, nazioartekotze bidean babesa ematea, laguntzak eskuratzeko aholkularitza eta IKT tresnen inguruko formakuntza.
Enkarterrietatik, eskualdeko 11 udalerriak biltzen dituen Enkartur garapen agentzia aritu da antolaketan. Enkarterrietan hazkunderako eta garapenerako dauden aukerei buruzko informazio eguneratua eskaintzen die Enkarturrek eskualdeko enpresei; horrez gain, aholkularitza ematen die laguntzak izapidetzeko eta laguntza eta babesa berrikuntza-prozesuak aurrera eramateko.
Azkenik, Ezkerraldea osatzen duten udalerri guztietan garapena eta ekintzailetza sustatzen duten udal zerbitzuak izango dira partaide topaketan: Inguralde, Barakaldon enplegua, ekintzailetza eta enpresa-berrikuntza sustatzen dituen agentzia; Hazten, Portugaleteko udalerrian pertsona ekintzaileei laguntzen eta ekintzailetza eta autoenplegua sustatzen dituen udal zerbitzua; eta Behargintza Sestao, enpleguaren, ekintzailetzaren eta enpresen lehiakortasuna handitzearen bidez Sestaoko udalerriaren sustapen ekonomikoa bultzatzen duen agentzia.
Informazio gehiago: komunikazioa@innobasque.eus
Kontaktuak:
Olalla Alonso / T. 652 728 014 / oalonso@innobasque.eus
Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / alarizgoitia@innobasque.eus