Argazkia: Lehendakaria hiru presidente ohiekin eta Innobasqueko zuzendaritza batzordearekin
Batzar Nagusiaren argazki gehiago hemen.
Batzar Nagusiaren laburpen-bideoa hemen.
Bideo mozketak deklarazioekin hemen.
· Urteroko hitzordua Euskadiko Parke Teknologikoko Donostiako Kanpusean izan da, eta bertan izendatu da Zuzendaritza Batzorde berria, esparru estrategikoetako maila goreneko 60 kidez osatua
· Ekitaldian, Berrikuntzaren Euskal Agentziako gaur egungo presidenteak, Manuel Salaverriak, presidente berria hautatzeko prozesua irekiko dela iragarri du
· Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak, Innobasqueko ohorezko presidenteak, itxi du Batzar Nagusia
INNOBASQUE, 2024ko maiatzaren 29a. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, bere XVII. Batzar Nagusia egin du gaur goizean Euskadiko Parke Teknologikoko Donostiako Kanpusean. Erreferentziazko hitzordu horretan biltzen dira urtero berrikuntzaren euskal ekosistemako eragileak Euskadiko I+G+b jarduerari pultsua hartzeko.
Erakundeko presidenteak, Manuel Salaverriak, ireki du batzarra. Ondoren, agentziak aurreko urtean eginiko jardueren balantzea egin da, eta 2023 ekitaldiko kontuak eta kudeaketa-txostena eta 2024ko aurrekontua aurkeztu dira, bertan ziren erakunde bazkideek onartzeko. Gai zerrendako puntu guztiak aho betez onartu dira.
Zuzendaritza Batzorde berria ere berretsi da. Berrikuntzaren esparru estrategikoetako maila goreneko 60 kidez osaturik dago organo hori, eta nahitaez honela banatuta daude batzordekideak: %25 Euskadiko erakunde publikoetako ordezkariak eta langileen eta enpresarien ordezkariak dira; %25 enpresa eta elkarteetako kideak; %25 eragile zientifiko-teknologikoen eta irabazi asmorik gabeko erakundeen ordezkariak; eta, azkenik, beste %25, gizarte, ekonomia eta kulturako pertsona esanguratsuak dira.
Innobasqueko presidenteak, Manuel Salaverriak, esker ona adierazi die 2020 eta 2024 artean batzordeko kide izan diren guztiei, “proiektuarekiko agertutako dedikazio eta konpromisoagatik”.
Berrikuntzarako funtsezko bidelaguna
Batzar Nagusian jakitera emandako datu aipagarrienen artean, nabarmentzekoa da 2023 ekitaldian Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek martxan jarritako zientzia, teknologia eta berrikuntzako 15 plan, estrategia eta programa babestu dituela agentziak. Gaur egun 908 erakunde bazkidek osatzen dute Innobasque.
Enpresa txiki eta ertainetan (ETE) berrikuntza zabaltzeko egiten duen lanean, nabarmentzekoa da HAZINNOVA programa, Berrikuntzaren Agentziak berak SPRIrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera garatutakoa. Horren bidez, 385 ETEk 540 proiektu gauzatu zituzten aurreko urtean.
2021-2024 Plan Estrategikoaren esparruan, 2023ko abenduko datuak aintzat hartuta, 1.501 ETEk hartu zuten parte Innobasquek sustatutako berrikuntza-jardueretan. Bide berean, euskal I+Gren presentzia nazioartean zabaltzeko lanean ere badihardu agentziak, Enterprise Europe Network euskal nodoaren bidez. Nodo horretako kide da Innobasque, beste hauekin batera: SPRI, BEAZ, hiru merkataritza ganberak eta Basque Trade and Investment.
Horrez gainera, euskal gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekin interesa sustatzeko helburuarekin, STEAM jardueretan parte hartu duten 349 ikastetxetako 22.000 gazterengana iritsi da Innobasque. Agentziak lankide dituen 100 bat erakundek sustatutako jarduerak izan dira.
2023an, Berrikuntzaren Euskal Agentziak aliantzak sinatu ditu eragile estrategikoekin; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailarekin; orobat, lankidetza-hitzarmenak egin ditu EHUko Arabako Kanpusarekin eta Deustoko Unibertsitatearekin, SPRIrekin, Euskalit-Kudeaketa Aurreratua eta Lantik erakundeekin, Euskadin berrikuntza bultzatzeko. Dubaiko Global Future Society sareko kide ere egin da, mundu osoko beste 39 erakunderekin batera, etorkizuneko ekimenak sustatzeko.
Alde horretatik, Leire Bilbaok, Innobasqueko zuzendari nagusiak, berrikuntzan esku hartzen duten erakunde eta antolakunde guztien lana nabarmendu du: “Berrikuntzaren euskal ekosistema osatzen dugun guztion artean ari gara erantzuna ematen 2021-2024 Plan Estrategikoan ezarritako erronka handiei”.
Batzarraren alderdi formalaren ondoren, Jaime García Canterok, Prisa Media taldeko Retina plataformako zuzendariak, hitzaldi interesgarri bat eman du: “Mundu baten amaiera. Berrikuntza, Adimen Artifiziala eta D hirukoitzaren geopolitika”. Adimen artifizialaren eta I+Gren artean dauden lotura eta zehar-lerroak aztertu ditu adituak hitzaldian.
García Canterok azpimarratu du guztion erantzukizuna dela Adimen Artifizialarekin loturiko erabakiak hartzen hastea: “Badirudi AAk etorkizuneko kontzeptua suntsitu duela, den-dena izutzeko moduko abiaduran doalako. Zaila da zer etorriko den aurreikustea, baina ihes egin behar dugu distopiatik; izan ere, gertatu beharrekoa gure esku dago”. Era berean, ezinezkoak iruditzen zitzaizkigun gauzak lortzeko adimen artifizialak duen ahalmena ere nabarmendu du: “Lehen bideraezinak iruditurik tiradera batean gordeta genituen gauza horiek guztiak egingarriak dira orain, AAri esker”.
Amaitzeko, Euskadin berrikuntzaren arloan trakziogile diren enpresa bazkideen foro edo topagune bat izan da, gai hau ardatz harturik: “I+Gren oraina eta etorkizuna euskal ekonomiaren sektore nagusietan”. Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusia izan da foroaren moderatzailea, eta DANOBAT GROUP, FAES Farma, Gestamp, ULMA Taldea, Iberdrola Espainia, ITP Aero, Sener eta Sidenor enpresetako ordezkariak aritu dira beren esperientzien berri ematen.
Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak, Innobasqueko ohorezko presidenteak, itxi du Batzar Nagusia.
Aginte makila sinbolikoa eman zaio lehendakariari
XVII. Batzar Nagusia Manuel Salaverriaren azkena izan da agentziako presidente gisa. Hala, batzarrean bertan, aurki presidente berria hautatzeko prozesua irekiko dela iragarri du. Bere diskurtsoan, Euskadin I+G arloko inbertsioak izan duen hazkundea nabarmendu du, eta bide berean jarraitzearen garrantzia azpimarratu: “Ezin dugu bertan goxo egin eta geldirik geratu, erronkek hor jarraitzen dutelako; hori dela eta, Innobasquek ere lanean jarraituko du, lehen baino kemen eta gogo are handiagoz”.
Era berean, Iñigo Urkullu Renteria lehendakariarentzat ere Innobasqueren azken Batzar Nagusia izan da ohorezko presidente gisa. 2007an Berrikuntzaren Euskal Agentzia eratu zenetik, Jaurlaritzako agintari gorenen esku egon da betidanik kargu hori.
Egindako lanaren aitortza gisa, Urkulluk aginte makila sinboliko bat jaso du Innobasqueko presidentearen eskutik. Bere hitzaldian, erakunde eta entitate pribatuei esker ona adierazi die lehendakariak, haien lanaren bidez Euskadik irmo jarraitzen duelako berrikuntza handiko eskualde izaten: “Berrikuntza Herrialde mailako helburua da, eta hamaika urte hauetan Europaren parera iristea lortu dugu”. Amaitzeko, nabarmendu du erronka, orain, sortutako berrikuntza hori enpresa txikienetara zabaltzea dela, “Euskadiko industria-ehuna gure obra kolektibo ere bihur dadin”.
I+Gko euskal inbertsioa 2.000 milioi eurotik gorakoa izango da lehen aldiz
2024an, I+Gko euskal inbertsioa inoizko handiena izango da: 2.068 milioi eurotik gorakoa, aurreko ekitaldian baino %6,4 handiagoa. Horrela jasotzen du Innobasqueren gaurko Batzar Nagusian aurkeztu den ‘Euskal I+G: 2024ko aurreikuspenak eta egoeraren diagnostikoa’ txostenak. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, eta Euskadiko enpresa trakziogile nagusiek elkarlanean landu dute txosten hori. Euskadiko I+Gren %40 ordezkatzen dute enpresa trakziogile horiek.
Eustatek emandako datuen arabera, 2022an, 1.795 milioi eurokoa izan zen inbertsioa, eta 2023an, 1.944 milioikoa. Aurten, berriz, 2.000 milioiko langa gaindituko da, aurkeztutako estimazioaren arabera.
Zifra horiek argiro erakusten dute I+G arloko euskal inbertsioaren etorkizuneko aurreikuspenak oso positiboak direla, edozein dela ere jarduera-sektorea, eta, 2022ko eta 2023ko zifrak aintzat hartuz gero, joera goranzkoa izango dela eragile ekonomiko guztien bultzadari esker.
Inbertsioaren estimazio hau egiteko, Berrikuntzaren Euskal Agentziak estatistika-tresna bat garatu zuen 2019an. Tresna horrek honako adierazle hauek hartzen ditu erreferentziatzat: I+G arloko euskal aurrekontuak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak landutako Barne Produktu Gordinaren (BPGd) bilakaera eta Euskadiko I+G arloko 18 enpresa trakziogileren aurreikuspena. Hauek dira 18 enpresa horiek: Aernnova, Arteche, Ayesa, CIE Automotive, Mondragon Korporazioa, Dominion, Faes Farma, Gestamp, Iberdrola, Ingeteam, Irizar, ITP Aero, Mercedes Benz, Sener, Sidenor Aceros Especiales, Tubacex, Ulma eta Velatia.
Batzar Nagusian bertan, berrikuntzaren esparruko Euskadiko enpresa trakziogile horietako batzuek foro batean parte hartu dute, gau hau ardatz zela: “I+Garen oraina eta etorkizuna euskal ekonomiaren sektore nagusietan”. Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusia izan da foroaren moderatzailea.
Partaide hauek izan dira enpresen topaketa horretan: Nerea Aranguren, DANOBAT GROUPeko Berrikuntzako eta Negozio Berrien Sustapenerako zuzendaria; Tatiana Suárez, FAES Farma enpresan I+G+b-ren Sustapenerako Gerentea; Katia de Luis, Gestamp-eko Planifikazio Estrategikorako zuzendaria; Josetxo De Frutos, ULMA Taldeko Garapen eta Berrikuntza zuzendaria; Roberto Mariscal, Iberdrola Espainiako Berrikuntza zuzendaria; Erlantz Cristóbal, ITP Aero enpresako Ingeniaritza eta Teknologia arloko zuzendari eragilea; Oscar Julia, Sener enpresako Berrikuntza zuzendaria, eta Javier Ciriza, Sidenorreko I+Gko zuzendaria.
Beren sektoreetan I+G+b nola ezarri duten eta etorkizuneko erronketara nola egokitzen ari diren azaldu dute eragile horiek guztiek. Puntu horretan, adimen artifiziala ekoizpen-metodoetan izaten ari den eragina nabarmendu dute.
Innobasqueri buruz
2007an sortua, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque, interes publikoko eta irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu bat da. Agentzia osatzen duten erakunde bazkideekin batera, Euskadiko Eraldaketa prozesua bultzatzea, dinamizatzea eta monitorizatzea da Innobasqueren xedea eta egitekoa, esparru guztietan gizarte berritzaile baterantz bidea egiteko.
Innobasquek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko kide den aldetik, gai horiei loturiko euskal politikak ebaluatzen ditu, eta orobat, Euskadiko I+G+b arloaren nazioartekotzea Europan zenbatekoa den eta horrek zer inpaktu duen neurtzen du.
Horrez gain, berritzen laguntzen die ETE-ei, erakunde bazkideen esperimentazioaren eskutik sortutako ekintzen bidez.
Agentziaren beste helburuetako bat gazteen artean, eta bereziki nesken artean, zientziarekiko eta teknologiarekiko lotura eta interesa sustatuko duten programak eta ekintzak bultzatzea da.
Bidali e-mail bat helbide honetara: komunikazioa@innobasque.eus
Kontaktuak:
Olalla Alonso / T. 652 728 014 / oalonso@innobasque.eus
Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / alarizgoitia@innobasque.eus