Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da buru “Astearen” hamaseigarren edizioaren hasierako ekitaldian, horrela adieraziz Euskadiren konpromisoa zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin.
- Berrikuntzaren Innobasque Txostenak (2016) Euskadi eskualde-mailako berrikuntza-gune bat dela nabarmentzen du, Europa osoan beste lau eskualdek bakarrik daukaten kalifikazioa.
- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea azaroaren 7tik 20ra izango da, eta bertan Euskadiko erakunde askok dibulgazio-jarduerak antolatuko dituzte jakintza-arlo horiek jende guztiarengana hurbiltzeko.
Gasteiz, 2016ko azaroaren 7a. Iñigo Urkullu lehendakariak gaur arratsaldean inauguratu du Gasteizko Vital eraikinean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Astearen hamaseigarren edizioa. Ekimen honetan, azaroaren 7tik 20ra, Euskadiko erakunde askok dibulgazio-jarduerak antolatzen dituzte publiko guztien eskura jartzeko zientzian, teknologian eta berrikuntzan izandako azken aurrerapenak eta euskal ezagutza-zentroen ikerketa-ildo nagusiak. Lehendakariarekin batera bertan izan dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko kide garrantzitsuak; Kontseilu hau zientzia, teknologia, ikerketa eta berrikuntzan parte hartu, aholku eman eta lidergoa zertzeko organo gorena da. Bere presentziarekin, Euskadik jendaurrean erakusten du zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin duen konpromisoa.
Lehendakariak berrikuntzarekiko Eusko Jaurlaritzaren apustu irmoa berretsi du, I+G aurrekontua 2020ra arte urtean % 5 gehitzea erabaki izanak erakusten duen bezala. Erabaki honekin, berrikuntzaren aldeko apustuan enpresa txiki eta ertain gehiago batzea espero du Eusko Jaurlaritzak, eta ikerketa eta garapeneko trakzio-proiektu berriak bultzatzea. Lehendakariak gogorarazi du joan zen astean Cardiff-en egindako Eskualdetako Berrikuntza Politiken Europako Biltzarrean Euskadi “erreferentziazko eredu” gisa aurkeztu zutela, eta horren haritik Euskadiko aktibo nagusia nabarmendu du: lankidetza publiko-pribatua eta maila askotako integrazioa berrikuntzaren eremuan.
Batu egin behar dugu eta ikuspegi globalaz eta epe luzekoaz egin
– Iñigo Urkullu, Lehendakaria
Inaugurazioak balio izan du Innobasqueren Berrikuntza Txostena (2016) aurkezteko; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren (ZTBES/SVCTI) azterketa konparatiboa da 2005-2014 denboraldirako, azterketa estatistiko eta makroekonomikoak pertzepzio-analisiarekin konbinatzen dituena: Basque Innovation Perception (BIP). Azken hori 308 profesionalen parte-hartzeari esker egindako azterketa da, I+G+b-n aitorturiko esperientzia dute eta Innobasqueko bazkide diren erakundeetakoak dira enpresa, ikerketa, erakunde eta gizarte eremuetan. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Planak Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziari ematen dion ebaluatzeko eta monitorizatzeko eginkizunean sartzen da Berrikuntzaren Innobasque Txostena (2016).
Euskadi berrikuntza-gune
Lanak erakusten du Euskadi eskualdeko berrikuntza-gune bat dela. Europako Batzordeak horrela aitortzen du, gurea delako Europan berrikuntza handiko lau eskualdeetako bat, neurrizko berrikuntza duten herrialdeetan kokatuta daudelarik. Euskadirekin batera daude Piemonte eta Friuli-Venezia Julia Italian, eta Bratislava Eslovakian.
Gainera, krisi-testuinguruan, Euskadik bere posizioa mantendu du berrikuntza handiko eskualde multzo honetan, bere ingurunearen bilakaera txarra alde batera utzita. Kokapen hori Europarekin bat etortzeko pixkanakako prozesuaren emaitza izan da, Komunitateko batez bestekoaren % 81ean egotetik 2015ean % 91ra igaro baita Euskadi.
Txostenak berrikuntzan enpresen, batez ere ETEen, bultzadaren garrantzia ere azpimarratzen du. Hala ere, enpresen I+G-ren jarduerak ez du jarraitzen herrialderik aurreratuenen hazkunde-erritmoa. Baita ere ikusten da enpresa-bultzada honek herri-administrazioen bultzada izan duela, enpresen I+G neurri handiagoan finantzatu baitute EB-28ko herrialdeen batez bestekoa baino (2012an % 17 Euskadin eta % 7 EB-28ko herrialdeetan*).
Halaber, BIPen parte hartu duen aditu-panelak 10-i buruz 6,26ko kalifikapena eman dio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren egungo egoerari. Gainera, neurritasunez baikor agertzen da Sistemaren etorkizunaz, bai I+G+b inbertsioei dagokienez eta bai enpresa-lehiakortasunean eta euskal gizartearen ongizatean duen eraginari dagokionez.
Horren ildotik, Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, “berrikuntzaren lasterketan 2007koa bezalako sprinta egitera” animatu du.
Euskadik beste jauzi bat behar du berrikuntzan, honek elikatzen baitu Euskadiren hazkunde-eredua, berrikuntzan lider diren eskualdeekin bat egiteko bokazioa duen herrialde aurreratua
– Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak
Txostena aurkeztu ondoren, eztabaida ireki da bere emaitzei buruz, eta hauek izan dira parte-hartzaileak: Mikel Navarro, Deusto Business School-eko Ekonomia-katedraduna eta Orkestrako ikertzaile seniorra; Javier Fernández de Retana, Aernnovako Erakundezko Harreman eta Teknologia Garapenaren zuzendaria; Marta Acilu, Noray Biosciences Group-eko lehendakariordea; Juan Carlos Cantalapiedra, Irizar-eko Industria Dibertsifikazioko zuzendaria; Ana Belén Juaristi, Engranajes Juaristi-ko gerentea; eta Nerea Leal, Dynakin-eko sortzailea.
Azkenik, Vicente Atxak, Mondragon Unibertsitateko errektoreak, eman dio ekitaldiari amaiera, zientzia enpresa-negozioaren estrategiara transferitzearen alde eginez, eta jendearen, batez ere gazteen, talentuaz baliatzearen alde eginez, horien ezagutza enpresetan aplikatu ahal izan dadin.
Ekitaldiaren zuzeneko jarraipena egin ahal izan da #Astea2016 hashtag edo traolaren partaidetzazko kontakizun honetan.
* Duela egun batzuk Eustatek argitaratu duenaren arabera, kalifikapen hori % 92,4ra igo da 2016an