FLL Euskadi-ren seigarren edizioa ikaskuntzaren inguruan izango da, abenduaren 13an (larunbatean), Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean Euskaltel-en egoitzan; Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen du, eta Euskaltel Fundazioaren, “la Caixa” Gizarte Ekintzaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du.
- Kirol-ekitaldiaren formatua duen robotikako lehiaketa honetan, FLL Euskadi-k berrikuntza, sormena eta ekintzailetza bultzatzen ditu Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean. Nahiz eta 300 iritsi finalera, prozesu osoan 700 ikasle inguruk hartu dute parte.
- Innobasqueren Berrikuntza Eskola gazteak berrikuntzara erakartzeko hiru ekinbidek osatzen dute, eta 2014an 1.200 gazte baino gehiagorengana iritsi da FLL Euskadi, Cleantech NNOW! edo TraINN Lab proiektuekin.
Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb)Argazkia
Bilbo, 2014ko abenduaren 9a. Laida Regillagak, Izaskun Aizpuruak eta Jokin Azpeitiak, Andoaingo (Gipuzkoa) La Salle Berrozpeko ikasleek, iragarri dutenez, datorren abenduaren 13an 34 taldeetako batean izango dira; guztira 10 eta 16 urte arteko 300 ikasle baino gehiago bilduko dira Euskaltelek Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duen egoitzan, FLL Euskadi-ren seigarren edizioan parte hartzeko. Nobedade gisa, aurten 6 eta 9 urte arteko haurrek osaturiko 6 taldek erakustaldia egingo dute FLL Junior-en. Proiektu hauek Innobasqueren Berrikuntza Eskolaren parte dira eta, oro har, 1.200 euskal ikasle baino gehiagorengan eragin du 2014. urtean, horiek berrikuntzara erakartzen ahaleginduz.
Halaber, prentsaurrekoan izan dira Miren Begoñe Urrutia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaria; Elena Abando, “la Caixa”ko Erakunde zuzendaria Bizkaian; Nerea Lupardo, Euskaltel Fundazioko zuzendaria; eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.
Taldeek aurrean izango duten erronka berbera da mundu osoan eta aurten hauxe izango da: nola hobetu ikasteko esperientzia parte-hartzaile bakoitzak aukeratzen duen gai zehatz baten inguruan.
FIRST (For Inspiration of Research, Sciencie and Technology) Lego Leagueren erronka eremu hauen inguruan dago egituratuta:
- Ikaskuntzarekin zerikusia duen zientzia-proiektu berritzaile bat sortu eta defenditzea epaimahai baten aurrean.
- Lego Mindstorm edo EV3 piezen bidez eraikitako robota diseinatu eta programatzeko prozesua azaltzea.
- Lehiaketa robotikoa: puntuak batzen dira robotak zenbait eginkizun betetzen dituen neurrian.
- Prozesu osoan zehar erakutsitako balioak gauzatzea: berrikuntza, sormena, talde-lana, besteenganako begirunea, ekintzailetza eta lorpenak ingurukoei jakinaraztea.
Hiru talderik osatuenek aukera izango dute Tenerifera joateko martxoan Espainiako finalean parte hartzera, eta han nazioarteko Open European Championship edo Estatu Batuetako World Festival-era joateko aukera lor dezakete.
Ekinbide hau 70 herrialdetan gauzatuko da, eta Bigarren Hezkuntzako 230.000 ikaslek hartuko dute parte 19.800 taldetan banatuta; zientzian eta teknologian dibertimendua eta teknologia sustatzeko balio du, jendearen bizitzan horiek duten eragina aurkituz.
Inpaktua handiagotuz
Txema Villatek, Innobasqueko zuzendari nagusiak, azpimarratu duenez, FLL Euskadi Berrikuntza Eskolaren parte da, “gazteekin lan egiteko apustua da, aldi berean hezkuntza-eremu osoa berrikuntzan gaitzea ere bilatzen duelarik”. Gainera, azpimarratu duenez, aurten ekinbide honetan 700 ikasle inguruk hartu dute parte, eta beren ikastetxeetan lehiaketa txikiagoak egin dituzte abenduaren 13ko lehiaketara nortzuk etorriko diren aukeratzeko.
Horren haritik, gogorarazi du “FLL Euskadi-k hezkuntza-programa egituratua eskaintzen duela, eta landu behar duten erronkaren sakontasuna eta zientzia eta teknologia aldetik duen mamia ulertzen laguntzen diela neska-mutikoei, euskal ezagutza-guneekin harremanetan jartzen dituelarik. Gai bakoitzean aditu nagusiekin harremanetan jartzeak Euskadin abian dauden proiektuak eta irtenbideak ezagutzen eta horietan egiten diren aurrerapenak egiaztatzen laguntzen die.” Horren ardura Tecnalia Korporazio, Euskaltel, Virtualware, UPV/EHU, Vicomtech-IK4, CEIT-IK4, Tecnun, Tecnalia, Deustuko Unibertsitate, Euskal Herriko Telekomunikazioetako Ingeniarien Elkargo eta Innobasquek izan dute.
Innobasquek sustatzen duen Berrikuntza Eskolaren parte den proiektu hau gauzatzeko, 100 boluntarioren laguntza dago eta eragile estrategiko asko daude inplikatuta, adibidez Euskaltel fundazioa, “la Caixa” Gizarte Ekintza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Ikerketa eta Unibertsitate Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia.
Honela, Euskaltel Fundazioko Nerea Lupardok adierazi duenez, FLL-k “zientzia-bokazioak sustatzen ditu, gazteak Berrikuntzaren Euskal Sistemara hurbiltzen ditu eta lankidetza, berrikuntza, ahalegina, gizarteratzea eta antzeko balioak sustatzen ditu. Euskalteleko jendeak erabat partekatzen ditugu helburu eta balio horiek”.
Bestalde, Bizkaian “la Caixa”ren Erakunde-zuzendaria den Elena Abandok “berrikuntza, teknologia, hezkuntza, talde-lana eta gure gazteen aldeko apustua” bezalako balioak azpimarratu ditu, “la Caixa-ren Gizarte Ekintzaren hainbat ekinbidetan jada kontuan hartzen ditugunak”.