• Zientzia eta teknologiako profesionalek haien lanak DBHko eta Batxilergoko 100 gazte baino gehiagori azaldu dizkiete; helburua da Euskadiko ikasleei STEAM errealitate profesionala hurbiltzea
  • Jardunaldia STEAM Sareren parte da. Sarea ikastetxeek eta eragile sozioekonomikoek osatzen dute zientzia eta teknologiako bokazioak sustatzeko, eta Elhuyarrek nahiz Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak parte hartzen dute
  • Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak sustatzen du eta topaketa honetan Deustuko Unibertsitateak eta zientzia eta teknologiako enpresa eta erakundeek laguntzen dute: Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), CIE Automotive, Cikautxo, Gestamp, Ikaslan Bizkaia, ITP Aero; Maier S. Koop., Neiker, Sener Ingeniería y Sistemas, Tecnalia eta Deustuko Unibertsitatea

Bilbo, urriak 19. Euskal Herriko DBHko eta Batxilergoko ehun ikaslek baino gehiagok goiz honetan ikasleen artean bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko topaketa berritzailean parte hartu dute. Haiekin batera Euskadiko enpresa eta erakunde berritzaileenetakoetan lan egiten duten zientziako eta teknologiako hogei bat profesional zeuden: Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), CIE Automotive, Cikautxo, Gestamp, Ikaslan Bizkaia, ITP Aero; Maier S. Koop., Neiker, Sener Ingeniería y Sistemas, Tecnalia eta Deustuko Unibertsitatea.

Arratzuko Barrutialde BHI, Muskizko Somorrostro Prestakuntza Zentro, Mungiako Larramendi Ikastola eta Bilboko Solokoetxe BHIko ikasleek Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusean egin den jardunaldian parte hartu dute. Haiekin batera honako hauek egon dira: Amaia Esquisabel, Eusko Jaurlaritzako Ikerketaren zuzendaria; Asier Perallos, Deustuko Ingeniaritza Fakultateko dekanoa, eta Alaitz Landaluze, Berrikuntzaren Euskal Agentzian Berrikuntza Politiken koordinatzaile orokorra.

Topaketa hori Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren parte da; helburua da STEAM (Science, Technology, Engineering, Mathematics) ikaskuntzak Euskadiko ikasle guztiei hurbiltzea, batez ere, neskei. Estrategia horren barruan, STEAM Sarek ikasleen ezagutza bultzatzen du, Euskadin egunero lan egiten duten enpresen eta teknologia‑zentroen jardunbide profesionalak ezagut ditzaten. Ekimen horrek gaur bere unerik garrantzitsuenetakoa bizi izan du; Bizkaiko lau ikastetxeko ikasleak zientziako eta teknologiako hainbat profesionalekin elkartu baitira.

Gaur goizeko ekitaldia Elhuyarrek antolatu eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatu du, eta topaketa azkarren itxura original eta dinamikoa hartu du. Ikasleak mahai bakoitzeko lau pertsonen taldeetan banatu dira eta haiekin batera, 15 minutuko txandetan, gonbidatutako profesionalak esertzen joan dira haien esperientziak ikasleekin partekatzeko. Denbora horretan profesionalek gazteen zalantzak argitu dituzte, eta hamabost minutuak igarotakoan profesionala mahaiz aldatu da, ikasle guztiek ekimenean zeuden errealitate profesional ezberdinak ezagutzeko.

Ekitaldia amaitzeko Deustuko Unibertsitateko Bilboko campuseko instalazioen zati bat bisitatu dute; ikasleek instalazio horietan garatzen diren lan batzuk ezagutu ahal izan dituzte, betiere STEAM diziplinekin lotuta.

STEAM Sare

STEAM Sarek euskal gazteei erakusten die ikerketako, zientziako eta berrikuntzako profesionalak nolakoak diren eta zertan aritzen diren Euskadin. Asmoa da ikasleak goi‑mailako ikasketa teknikoak aukeratzera animatzea. Bigarren Hezkuntzako berrogeita hamar ikastetxe, enpresa, unibertsitate eta zentro teknologikoen sareak gazteei Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako curriculumarekin lerrokatuta dagoen jardueren katalogoa eskaintzen die. Hala, irakasleek Matematika, Kimika edo Teknologia moduko ikasgaien benetako testuingurua eskaintzen dute, eta, era berean, euskal enpresa‑sarean lanbide horien errealitatea eta aniztasuna erakusten zaie. Jarduerak antolatzeko orduan, kontuan hartzen da landu dituzten ikasgaietan (Biologia, Geologia, Kultura Zientifikoa, Marrazketa Teknikoa, Fisika, Kimika, Matematika, Teknologia eta Teknologia Industriala) ikastetxeek dituzten beharrak.

Partekatu albiste hau