Europako Batzordeak Bilbo aukeratu du European Social Innovation Competition delakoaren bigarren fasea hasteko, Euskadin erreferentziazko ekosistema bat dagoelako gizarte-berrikuntzan, 23 erakundek osaturiko eta ekinbide honen bertako bazkidea den Basque Social Innovation-ek bultzatuta.

  • 27 milioi langabetu daudelarik Europako Batasunean, lehiaketak enplegua edo lan mota berriak sortzeko irtenbide berritzaile onenak bilatzen ditu, pertsona askorengan benetako inpaktua sortzeko gai izan daitezkeenak.
  • Europako Batasun osotik 1.254 proiektu aurkeztu dira, eta etapa honetarako 30 sailkatu dira; etapa honetan mentoreek emandako mentoring eta pitching saioen bidez aberastuko dira; mentore batzuk bertakoak dira eta beste batzuk nazioartetik gizarte-berrikuntzarekin erlazionaturiko erakundeetatik -adibidez Nesta, The Young Foundation edo Euclid Network-etik- etorriak.

Prentsa oharra (PDF, 863 Kb)

Zamudio, 2014ko otsailaren 20a. Europako
Batzordeko
Enpresa eta Industriako
Zuzendaritza Nagusiak European Social Innovation Competition delakoaren
bigarren edizioa antolatu du, eta gizarte-ekintzailetza berritzailearen
proposamenen bidez enplegua sortzeko
irtenbiderik onenak bilatzen ditu, Europako Batasunaren testuinguru
sozio-ekonomikoan 27 milioi langabetu baitaude. Lehiaketa honen bigarren fasea martxoaren 3, 4 eta 5ean izango da Bilbon,
Brusela, Londres eta Milanekin batera izan baita aukeratua euskal hiriburua, Basque
Social Innovation partzuergoari esker; berau Innobasquek bultzatzen du eta
enpresa, zientzia eta teknologia, Administrazio eta gizarteko 23 erakundek
osatzen dute. Honela, Euskadik dagoeneko baduen aitortza sendotzen du gizarte-berrikuntzan
erreferentziazko lurralde gisa. Agirre Lehendakaria Center-en dago lehiaketaren
etapa honen idazkaritza teknikoa; Milanen (Italia) jarri zen martxan eta 1.254
proposamen aurkeztu ziren, eta horietako 30 aukeratu dira mentoring-saioen
bidez Bilbon aberasteko; bertako mentoreek edota nazioarteko zenbait erakundetatik (adibidez Nesta berrikuntzaren
britainiar agentziatik, The Young Foundation edo Euclid Network-etik) etorriek, betiere ekintzailetza eta gizarte-berrikuntzarekin erlazionatuek, emango dituzte
saioak.

‘Social Innovation Academy’ deituriko etapa honetan,
proiektuek benetako inpakturako gaitasuna frogatu behar dute lan mota berriak
sortzeko orduan. Epaimahaiak proposamenen berrikuntza-maila,
beraien inpaktu-ahalmena, eta
beraien iraunkortasuna eta
eskalagarritasuna
balioetsiko ditu. Mentoring saioen bidez Bilbon
aberasturiko proiektuetatik 10 bakarrik joango dira Londresko txandara eta gero
Bruselan maiatzaren 20an izango den zeremoniara gonbidatuko dituzte, eta han
30.000 eurorekin sarituko dituzte hiru. Lehiaketako epaimahaia gizarte-berrikuntzan
adituak diren 12 pertsonak osatzen dute, ospe nabarmena dute eta Europako
hainbat herrialdetakoak dira, eta horien artean dago Gorka Espiau, Agirre
Lehendakaria Center-eko senior fellow, The Young Foundation-ekoa 
eta Social Innovation Exchange-ko enbaxadorea.

Bilboko jardunaldien helburua martxan dauden 30
soluziobideak elikatzea da, eta ikaskidetza-prozesuaren bidez etorkizunerako
lankidetza-guneak identifikatzea; prozesu horretan hainbat herrialdetan
finalerdira iritsi diren proiektuen titularrek eta mentoreek esperientziak
trukatuko dituzte, proiektuetan dauden helburuez eta balio-proposamenez gogoeta
egin, iradokizunak egin, ikuspegi berriak proposatu eta bazkide izan
daitezkeenak identifikatuko dituzte.

European Social Innovation Competition Europako Batzordearen
ekinbidea da, eta bere gizarte-berrikuntzako estrategietan honela zehazten du
zer den gizarte-berrikuntza: “ideia, produktu edo zerbitzu berriak dira,
gizarte-premiei eraginkortasunez erantzuteko modukoak, gizarte-harreman edo
lankidetza berriak sortuz”. Honela, lehenengo edizioan hiru ekinbide saritu
ziren. Erresuma Batukoa gizarte- eta osasun-arretarako eskala txikiko sare
iraunkor baten inpaktuaren irismena hedatzera bideratuta zegoen. Alemaniako ekintzaile
talde baten proposamenak, baliabiderik gabeko pertsonek lan-merkatura sarbide
hobea izatea bilatzen zuen pertsona horien trebetasunak ikusgai bihurtuz; eta
enplegatu gazte eta nagusien artean lana partekatuz gazteen langabezia murrizteko
ideiak eman zituen Espainiako talde batek.

Diogo Vasconcelos-en oroitzapenetan

Lehiaketak Diogo Vasconcelos-en (1968-2011) oroitzapena
ohoratu nahi du, bera gizarte-berrikuntzaren bultzatzaile nagusia izan baitzen Europan,
baita Social Innovation Exchange-ren (SIX) lehendakaria eta Cisco informazio-teknologien
konpainiako senior zuzendaria ere. Bere ibilbidean portugaldarrak Europa eta
Ekialde Ertaineko zenbait gobernurekin lan egin zuen, Europako Batzordearekin,ONUren Zibilizazioen Aliantzarako Goi Komisionatuan Inbertsioen
Europako Bankuan
edo OCDEn ,besteak beste. Beraren hitzak dira: “80ko eta 90eko urteetan berrikuntzaren agenda soil-soilik enpresetara begira zegoen. Garai batean ekonomia- eta
gizarte-gaiak bereizita ikusten ziren. Ekonomia aberastasuna sortzea zen, eta gizarte-arloa
gastu gisa hartzen zen. XXI. mendeko ekonomian, dagoeneko hori ez da horrela.
Osasuna, gizarte-zerbitzuak eta hezkuntza bezalako sektoreek BPGren ehunekoan
hazteko edo enplegua sortzeko joera dute, baina beste industria batzuek
urritzekoa. Epe luzera, gizarte-zerbitzuetan edo hezkuntzan egiten den berrikuntza,
berrikuntza farmazeutikoa edo aeroespaziala bezain garrantzitsua izango
da”.

Martxoaren 3a: Bizkaia Aretoa-UPV/EHU. Bilbao
Martxoaren 4a: Bizkaia Zientzia eta Teknologia Parkea
Martxoaren 5a: Bizkaia Aretoa-UPV/EHU. Bilbao
 

Partekatu albiste hau