100 pertsona inguru izan dira gaur goizean “Patenteak, berrikuntza balioan jarria” jardunaldian, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak Donostia Sustapena-rekin lankidetzan antolatu du eta Donostiako Talent House-n egin da.
- Jabetza intelektuala patentatzeak lege-babesa, informazio teknikoa eta merkatu-ikerketa eskaintzen dizkie enpresei, aldi berean jarduera berritzailea indartuz aplikazio industriala gauzatzeko.
- Jendearen sormen, pentsamendu eta asmamenak sorrarazten ditu patenteak, eta enpresen kapital intelektual baliotsua osatzen duten aktibo ukiezinak dira.
- Ehun pertsona baino gehiago bildu dira Donostiako Talent House-n, patente eta berrikuntzari buruz Innobasquek antolatu duen jardunaldian parte hartzeko.
Prentsa oharra (PDF, 863 Kb)
Argazkia deskargatu
Donostia, 2013ko apirilaren 29a. Bertan izan dira Oscar Usetxi, Gipuzkoako Foru Aldundian berrikuntza sustatzeko zuzendaria; Iñigo Olaizola, Donostia Sustapenako zerbitzu- eta proiektu-arduraduna; Ismael Igartua, europar patenteen agentea eta Galbaian Intellectual Propertyko zuzendaria; Paz Martin, Herrero & Asociadoseko komunikazio-zuzendaria; Julian de Juan, Estrategia Piko zuzendaria; Patricia Hidalgo, Global Approach Consultingeko negozio-garapenaren zuzendaria; Juan Carlos Vergara, CDEko sortzailea eta bazkide-zuzendaria; Jose Manuel Perez Arce, Univalueko zuzendari nagusia; Miguel Retolaza, HBIOko zuzendaria; Eleazar Raya, Soraluceko merkataritza-zuzendaria; Sergio Escorza, Progenikako jabetza intelektualaren zuzendaria, eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.
Patenteak titulu juridikoak dira eta industria-aplikazioa duen asmakuntza bat (produktu edo zerbitzu berri bat) babeste dute. Industria-jabetza babesteko eskubide mota bat da, eta horri esker esklusiba-eskubideak lortzen dira 20 urtez zenbait sorkuntza immaterialaren gainean, horien dibulgazioaren truke. Munduan patente gehien eskatzen dituztenak Estatu Batuak, Japonia, Alemania, Txina eta Hego Korea dira, Asiako erraldoia izanik hazkunderik handiena izan duen nazioa. Europan, milioi bat biztanleko patente kopurua aztertuz, Suitza da sailkapenean buru, eta ondoren Finlandia, Suedia eta Alemania. Suitzan milioi bat biztanleko 1.046 patente aurkeztu dira. Espainia 18. tokian dago, eta bertan 55 eskaera egiten dira milioi bat biztanleko. Iaz, Euskadin 142 patente eskatu ziren eta 210 eman ziren, Eustat-en datuen arabera.
Honela, zientzia- eta teknologia-komunitateak lurralde bateko berrikuntza-maila neurtzen duten adierazleetako bat bezala aitortzen ditu patenteak; patente bat erregistratzean bere industria-aplikazioa gauzatzeko prozesu benetan berritzailea irekitzen da. Horregatik, patente-sistemak asmakuntza eta teknologiaren eta zientziaren aurrerapena sustatzen ditu. Babesa eta esklusibotasuna eskaintzean, ikerketan inbertitzera animatu nahi dira asmatzaileak, baita ondorengo berrikuntza-lanean ere, horrek lortuko baitu berrikuntza horiek aplikazio praktikoa izatea.
Berrikuntzen industria-babes egokiak duen balio estrategikoak oraindik ez du behar besteko adostasun eta aitortzarik lortu I+G+b-eko euskal sistemaren eragileen aldetik, ezta ehun sozio-ekonomikoko enpresen artean ere. Horregatik, patenteen balioa jarri da agerian berrikuntza bultzatzen duten elementu gisa ikuspegi askotatik, adibidez industria-jabetzako eragileen ikuspegitik edo HBio, Soraluce edo Progenika bezalako enpresen ikuspegitik, patenteen bidez hobetzen baitute lehiakortasuna.
Jardunaldi honetan landu diren gaietako batzuk berrikuntza, industria-jabetza enpresen negozio-estrategiaren barruan, teknologia-zaintza informazio-iturri gisa, zerga-pizgarriak, patenteen onura ekonomikoak edo nazioartekotzea babesteko dauden bideak izan dira. “Innobasqueren Astearteak” ekimenaren barruan kokatu da, eta ekimen honen bidez Innobasquek hilero berrikuntzaren protagonistei dei egiten die dibulgazio-foro ireki batera, horrela euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradaren erdian jartzeko.