250 langile baino gutxiagoko 25 erakunde bildu ziren atzo goizean Innobasquren egoitzan, EGE-ETE prestakuntza-saioan parte hartzeko, Enpresaren Gizarte Erantzukizuna (EGE) ezartzeko eta iraunkortasunaren txostena egiteko helburuarekin. Hau Nazio Batuen Mundu Itunak abian jarritako ekimena da, eta dagoeneko 135 herrialdetako 10.341 erakunde atxiki zaizkio, baita Kreditu Ofizialeko Institutua (ICO) ere. Euskadin 86 erakunde atxiki zaizkio Itunari, eta horietako %75 ETEak, mikroETEak edo autonomoak dira.
Mundu Ituna Nazio Batuek proposaturiko nazioarteko ekimena da, eta bere helburua gizarte-erantzukizunean erakundeen borondatezko konpromisoa lortzea da, horretarako hamar printzipio ezarri behar dituztelarik, giza, lan-, ingurumen-eskubideetan eta ustelkeriaren aurkako borrokan oinarrituak. Herritartasun korporatiboaren ekimena da, gizarte-kapitala eta konfiantza eraikitzeko enpresa-ekintzak arduratsuak izateko helburuarekin lan egiten duena, aldi berean merkatu iraunkor eta ekonomikoki errentagarriak garatzen laguntzeko.
Hona hemen oinarrizko hamar printzipio horiek:
- funtsezko Giza Eskubideak babestea
- Giza Eskubideak ez urratzea
- afiliazio eta negoziazio kolektiborako askatasuna
- lan behartua eta bortxapekoa kentzea
- haurren lana desagerraraztea
- enpleguan bereizkeria ezabatzea
- ingurumenaren aldeko prebentzio-ikuspegia
- ingurumena errespetatzeko ekimenak
- teknologia ekologikoen zabalkundea
- eta ustelkeriaren
- estortsioaren
- eta eroskeriaren aurkako borroka
Abantailak eta indar-guneak
Honela, saioan agerian geratu da enpresa edo erakunde baten tamaina ez dela eragozpena EGE-politikak ezartzeko. ETEen, mikroETEen edo autonomoen kasuan, erakunde horiek badituzte indar-gune batzuk tamaina handiagoko beste batzuek ez dituztenak. Alde horretatik, ETEak malguagoak eta egokigarriagoak dira, burokrazia txikiagoa dute eta aldez aurretiko jarrera hobea beste enpresa batzuekin lankidetzan aritzeko. Gainera, langile konprometituak, motibatuak eta produktu eta zerbitzuetan berrikuntzara jotzeko prestuagoak dituzte.
Innobasque Nazio Batuen ekimen honen alde dago, berak Laugarren Sektorea eraldatzeko dinamikan kokatzen duen Enpresaren Gizarte Erantzukizunaren estrategiarekin bat baitator. Estrategia horrek hainbat interes-taldek -hau da, enpresa-jardueraren garapenak zuzenean edo zeharka eragindakoek- enpresa horien funtzionamenduaz dituzten itxaropenei era gogobetegarrian erantzungo dieten enpresak sustatzen ditu, eta beraz, gaitasuna dute zuzenean edo zeharka erakundeen garapenean eragiteko.