Eustaten datuen arabera, Europako Berrikuntza Indize berriak (EIS) 0,49ko balioa izan du Euskal AEn 2008. urtean; horrela, Europar Batasuneko 27 kideen artean EAE 11. postuan dago, Batasuneko batezbestekoa (0,48) baino gorago.

 Puntuazioa kontuan hartuta, EB-27ko herrialdeak lau kategoriatan sailka daitezke. Lehenengo kategorian berrikuntzan aitzindariak diren
herrialdeak sartzen dira: Suedia (0,64), Finlandia (0,61), Alemania
(0,58), Danimarka (0,57) eta Erresuma Batua (0,55). Baina
berrikuntzaren esparruan denen artean aitzindariena den Europako
herrialdea Suitza da (0,68), nahiz eta Europar Batasunean ez egon.

Bigarren kategorian goi-mailako berrikuntza duten herrialdeak sartzen
dira: Euskal AE, Austria, Irlanda, Luxemburg, Belgika, Frantzia eta
Herbehereak. Herrialde horiek guztiek Europako batezbestekotik gorako
puntuazioa dute: 0,49 eta 0,53 puntu bitartean.

Eta hirugarren kategorian neurrizko berrikuntza duten herrialdeak daude: Zipre, Estonia, Eslovenia, Txekiar Errepublika, Espainia, Portugal, Grezia eta Italia. Azkenik, laugarren kategorian berrikuntza txikiko herrialdeak daude: Malta, Hungaria, Eslovakia, Polonia, Lituania, Errumania, Letonia eta Bulgaria.

1. grafikoa. Europako Berrikuntza Indizea (EIS) 2008. Euskal AE eta EB-27

graf0005044_01_e.png

Iturria: Eustat eta PRO INNO Europe: INNO-Metrics. Europako Batzordea

Giza baliabideak, Loturak eta enpresa-ekimenak eta Eragin ekonomikoak dira EAEko berrikuntzaren funtsezko hiru dimentsioak

Europako Berrikuntza
Indizearen bidez neurtu nahi da herrialdeetako ekonomiek zein mailatan
eduki eta gara ditzaketen berrikuntzari lotutako jarduerak. Indizeak
zazpi dimentsio ditu eta guztira 29 adierazle.

1. taula. Europako Berrikuntza Indizea (EIS) 2008 eta dimentsioen indizeak

graf0005044_02_e.png

Iturria: Eustat eta PRO INNO Europe: INNO-Metrics. Europako Batzordea

Europako batezbestekoaren
aldean, Euskal AE hiru dimentsiotan da nagusi: Giza baliabideak,
Loturak eta enpresa-ekimenak eta Eragin ekonomikoak. Gainerako
dimentsioetan Europar Batasunean baino puntuazio txikiagoa lortu du
Erkidegoak.

Giza baliabideak: dimentsio
honek prestakuntza eta hezkuntza maila handiko pertsonak edukitzeko
aukera hartzen du berrikuntzarako funtsezko datu gisa. Euskal AEn, giza
baliabideak honako adierazleetan nabarmentzen dira:

– 20 eta 29 urte
arteko gazteen milako 47,9 zientzietan eta ingeniaritzetan, gizarte
zientzietan eta humanitateetan lizentziatu da. Europan, aldiz, tasa
hori milako 40,3 da.

– Goi-mailako
hezkuntza duten (unibertsitatekoa edo goi-mailako lanbide heziketa) 25
eta 64 urte arteko biztanleen ehunekoa % 42,5 da, ia bi aldiz
Batasuneko batezbestekoa (% 23,5).

– 25 eta 64 urte
arteko biztanleen % 13,2ak etengabeko prestakuntzari lotutako
jardueretan parte hartu du; Europan % 9,7ak.

– Gutxienez bigarren
hezkuntza amaitu duten 20 eta 24 urte arteko biztanleen ehunekoa
(% 79,7) Europako batezbestekoa (% 78,1) baino pixka bat altuagoa izan
da.

Loturak eta enpresa-ekimenak: dimentsio
honetan enpresen lankidetzarako ahaleginak eta lankidetzaren garrantzia
azpimarratzen dira, enpresa berritzaileetan nahiz sektore publikoan.
Enpresak berritzeko ehunekoa (% 12,4) nabarmendu behar da EAEn, baina
Europan % 5,1ekoa izan da. Berrikuntzan laguntzen duten ETEen ehunekoa,
aldiz, pixka bat txikiagoa izan da EAEn (% 8,2) Europako
batezbestekoaren aldean (% 9,4).

Eragin ekonomikoak: dimentsio
honek berrikuntzari lotutako jarduerek enpleguan, esportazioetan eta
salmentetan duten arrakasta ekonomikoa hartzen du. Honakoak azpimarratu
behar dira:

– Ezagutza-maila handiko zerbitzuen sektoreetan langile guztien % 19,3ak lan egiten du, eta Europan % 14,5ak.

– Erdi- eta goi-mailako eta goi-mailako teknologiaren manufaktura
sektoreetan langile guztien % 8,8ak lan egiten du, eta Batasunean,
batez beste, % 6,7ak.

– Esportazio
guztiekin alderatuta, erdi- eta goi-mailako teknologien esportazioak
% 53,6 izan dira, hau da, Europar Batasunean baino (% 48,1) ehuneko 5,5
puntu altuagoa.

– Produktuen
berrikuntzek negozioen kopuruan eragin ekonomikoa izan dute, EAEn
% 15,4koa eta Europan, batez beste, % 14,9koa.

Gainerako dimentsioetan
lortu den puntuazioa Europako batezbestekotik behera dago; hala ere,
horietan ere azpimarratu behar dira Euskal AEk Europar Batasunaren
aldean antzeko emaitzak edo hobeak lortzea ekarri duten adierazle
batzuk. Izan ere, Euskal AEn banda zabalerako sarrera izan duten 10
langile edo gehiagoko enpresak (% 87,4) Europan baino gehiago izan dira
(% 77,0).

Berrikuntza teknologikoren bat garatu duten ETEak % 30,5 izan dira, eta EBean % 33,7.

Berrikuntzaren ondoriozko
baliabideen eraginkortasunari esker, enpresa berritzaileen % 19,6ak
pertsonal-kostuak murriztu ditu eta % 9,4ak materialen eta energiaren
erabilera murriztu du; Europan ehuneko horiek % 18,0 eta % 9,6 izan
dira hurrenez hurren.

Gainera, EAEn BPGaren aldean
I+Gn egindako gastu publikoa (% 0,31) Europan (% 0,65) baino txikiagoa
izan da. Gastu pribatua handiagoa izan da: EAEn % 1,34 eta EB-27n
% 1,17.

2. grafikoa. Euskal AEko eta EB-27ko berrikuntzaren dimentsioak. Europako Berrikuntza Indizea (EIS) 2008.

graf0005044_03_e.png

Iturria: Eustat eta PRO INNO Europe: INNO-Metrics. Europako Batzordea

Hain positiboa ez den
aldeari begiratuta, Europar Batasuneko kopuruetara heltzeko alde handia
duten adierazleak ere badaude. Arrisku-kapitalera zuzendutako BPGaren
ehunekoa % 0,03koa izan da EAEn eta Europan, batez beste, % 0,16koa.
EAEn, 10 enplegu eta gehiagoko enpresetan salmentak berritzeko egin
diren jardueren gastua (I+Garen gastua kontuan hartu gabe) txikiagoa
izan da (EAEn % 0,75 eta EB-27n % 1,03).

Horrez gain, milioi bat
biztanleko EPO patenteen kopurua 6,6koa izan da Euskal AEn, hau da,
Europakoa (10,3) baino askoz txikiagoa. Bestalde, teknologiari lotuta
ez dauden berrikuntzak (marketingari edo antolaketari lotutakoak) egin
dituzten ETEen ehunekoa % 27,1 izan da; hots, Europar Batasunean
lortutako ehunekotik (% 40,0) oso urrun geratu da.

Ohar metodologikoa: 2008.
urteko Berrikuntza Adierazleen Panel berrian (EIS) funtsezko aldaketa
metodologikoa egin da eta, ondorioz, ezin da aurreko urteetakoekin
alderatu.

Indize hau Europar
Batasuneko 27 herrialdeekin eta Kroazia, Turkia, Islandia, Norvegia eta
Suitzarekin kalkulatzen da; helburua da herrialde horietako ekonomiek
berrikuntzari lotutako jarduerak zein mailatan eduki eta gara
ditzaketen neurtzea eta horren arabera sailkatzea.

Berrikuntzako 7 dimentsio ezberdinetan garatzen diren 3 multzo nagusi ditu, eta guztira berrikuntzako 29 adierazle.

Berrikuntzako “bideratzaileak” multzoaren barruan “giza baliabideak” eta “finantziazioa eta laguntza” dimentsioak sartzen dira. 9 adierazle ditu.

“Enpresa jarduerak” multzoak 3 dimentsio ditu: “enpresako inbertsioak“, “loturak eta enpresa-ekimena” eta “etekinak“. Guztira 11 adierazle ditu.

“Produktibitateak” multzoan “berritzaileak” eta “eragin ekonomikoak” dimentsioak sartzen dira. 9 adierazle ditu.

Multzo eta dimentsio bakoitzerako eta indize orokorrerako 0 eta 1
arteko balioa duen adierazle sintetikoa kalkulatu behar da eta,
horretarako, Europako herrialde guztietarako metodologia bera erabili
behar da. Gainera, adierazle bakoitzak urte bera hartzen du
erreferentzia moduan herrialde guztietan.

European Innovation Scoreboard EIS 2008

https://www.proinno-europe.eu/index.cfm?fuseaction=page.display&topicID=437&parentID=51

Partekatu albiste hau