2020ko abenduaren 15ean, asteartea. Zientzia, teknologia eta jolasa. Horiek dira jolasa berriro asmatzeko eta gizarte aktiboagoa lortzeko errezeta berritzailea prestatzeko euskal gazteriak erabili beharko dituen osagaiak. FIRST LEGO League berriro ere Euskadin izango da Innobasqueren, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren, eskutik. Mundu zientifiko-teknologikoa eta konpetentzia digitalak modu ezberdin eta dibertigarrian gazteei eta haurrei gerturatzeko helburua du ekimenak.
Innobasquek Deustu Unibertsitatearekin, Donostia Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera antolatzen du programa Euskadin. Hiru erakunde horien artean, komuna da karrera zientifiko-teknologikoen alde ikasleen artean interesa pizteko konpromisoa, hala zientziara, problemen ebazpenera eta berrikuntzara gerturatuta. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.
Pandemia dela eta urte berezia izan den honetan, STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) hezkuntza eta horren espiritua txiki-txikitatik bultzatzea inoiz baino beharrezkoagotzat jo dute. Horregatik, Innobasquek, Deustu Unibertsitateak, Donostia Sustapenak eta Mondragon Unibertsitateak aurrera jarraitzen dute FIRST LEGO League Euskadiren aldeko beren apustuarekin. Edizio berri honetako lehentasun nagusiak segurtasuna eta neurri soziosanitarioak bihurtu dira.
Berme horrekin eta segurtasunarekiko konpromisoarekin, FIRST LEGO League Euskadik Euskadiko ikastetxe guztiak gonbidatu nahi ditu sei hilabeteko iraupena izango duen edizioan izena ematera. Izena emateko epea irekita egongo da 2021eko urtarrilaren 31ra bitartean, eta esteka honetan egin ahal izango da: https://www.firstlegoleague.es/inscripciones
FIRST LEGO League Euskadi
FIRST LEGO League nazioarteko hezkuntza-programa da eta, urtero, mundu osoko 110 herrialdetako 6 eta 16 urte arteko 560.000 ikaslek baino gehiagok hartzen dute parte. Horren baitan, denek erronka berberari egin behar diote aurre. Bi kategoriatan banatuta daude: 6 eta 9 urte artekoen kasuan, FIRST LEGO League EXPLORE programarekin lehen kontaktua izaten dute txikienek; eta, 10 eta 16 urte artekoak, aldiz, FIRST LEGO League CHALLENGE erronkan buru-belarri sartzen dira.
Aurten, erronkaren izena RePLAY izango da. Horren baitan, jolasteko, kirola egiteko eta mugitzeko gure modua berriro zehazteko eta horretan iraultza eragiteko erronka egingo zaie taldeei. “Geure burua aktibatzeko garaia da!” Lelo horren bidez animatuko dira ikasleak sasoian jartzen jarraitzeko, sedentarismoari aurre egiteko edo beste era batera jolas egiteko lagungarriak liratekeen irtenbide berritzaileak aurkez ditzaten. Aurtengo erronkak kutsu berezia izango du; izan ere, taldeek jardueretan eta kiroletan COVID-19arekin lotuta sortu diren arazo berriak konpontzeko aukera izango dute.
Estatu osoan parekorik ez duen prestakuntzako tailerren zikloa
Hamabi urteko ibilbidea du FIRST LEGO League Euskadik eta lurralde osoan STEAM hezkuntzaren programa nagusia dela esan dezakegu. Gainera, balio diferentzial handi bat du: Estatu osoan parekorik ez duen prestakuntza-tailerren zikloa.
Euskadiko enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen laguntzarekin, Berrikuntzaren Euskal Agentziak edizio bakoitzeko erronkarekin lotutako prestakuntza-tailerrak garatuko ditu Euskadiko ikasleek ikerketa, zientzia eta teknologia arloetako langileek eta beren lan profesionala proposatutako erronkaren esparruan garatzen duten adituek egiten duten lana gertu-gertutik ezagut dezaten. Ikasketa teknikoak egitea erabakiz gero, zer lanbide izan ahalko luketen erakutsi nahi zaie gazteei eta haurrei.
Gaur egungo gizartean, inoiz baino beharrezkoagoak dira gaitasun zientifikoak eta teknologikoak dituzten pertsonak. Horretaz jabetuta, Innobasquek, Deustu Unibertsitatearekin, Donostia Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera, FIRST LEGO League Euskadi eskaintzen du ikasleek konpetentzia horiek modu estimulatzailean lan ditzaten.
https://innobasque.thinkonmarketing.es/microsite/first-lego-league-euskadi-2019/?