- Horrela dago jasota Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren ‘Euskadiren I+G arloko inbertsioaren 2022rako estimazioa’ txostenaren laugarren edizioan; bertan inbertsioaren % 5,2ko igoera kalkulatu da, finantzaketa publiko zein pribatu handiagoari esker
- Estimazio hori Euskadiko I+G arloko 12 enpresa eragileetako ordezkariekin batera egin da: Aernnova, Arteche, Faes Farma, Iberdrola, Ingeteam, Irizar, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Sener, Sidenor Aceros Especiales, Tubacex Group eta Velatia
- Euskadiko I+Geko enpresa eragile nagusien ordezkariek atzo adierazi zutenez, “orain I+G+b arloan inbertitzea beharrezkoa da”.
- Txostena hemen kontsultatu daiteke
INNOBASQUE, 2022ko martxoaren 16a. “Gure enpresetan eragin handiena izan duten joerak digitalizazioa eta trantsizio ekologikoa izan dira. Gaur egungo gudak erangidako ziurgabetasun eta krisi‑egoeran eta horren eraginez I+Gean inbertitzen jarraituko dugu; hori egin ezean, beste batzuk etorri eta posizionatuko dira. Orain beharrezkoa da I+G+b-n inbertitzea”. Ondorio horretara iritsi zen atzo I+Gean inbertitzen duten Euskadiko enpresa nagusien mahaia. Horiekin batera 2022rako Euskadiko I+Gean inbertsioaren balioespena egin zuen Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak.
Atzo arratsaldean (asteartea), enpresetako ordezkariak (Aernnova, Arteche, Danobat Group, Faes Farma, Gestamp, Iberdrola, Ingeteam, Irizar, Mondragon Korporazioa, Sener, Sidenor Aceros Especiales, Tubacex Group eta Velatia) Innobasqueko egoitzan bildu ziren, bi gai nagusi jorratzeko: Euskadiko I+G+b‑ren egoera eta perspektibak epe labur eta ertainean, eta gehien eragingo dieten faktore positiboak zein negatiboak.
Topaketara hainbat pertsona bertaratu ziren: Estibaliz Hernáez, Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea; Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua; Alberto Fernández, Eusko Jaurlaritzako Teknologiako eta Berrikuntzako zuzendaria; Carlos Peña, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako aholkularia; Manuel Salaverria eta Leire Bilbao, Innobasqueko presidentea eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren.
Berrikuntzaren Euskal Agentziaren enpresa‑kideetako ordezkariek uste dute I+Gari buruzko diskurtsoa mailaz igo dela. Orain konpainientzako estrategikoa da, eta askok adierazten dute dibertsifikazio-prozesuak egiten ari direla, nazioarteko merkatuetan etorkizunean izango duten posizionamendua bermatzeko.
Euskadi etorkizunari eusteko eta egungo egoerari aurre egiteko lehentasunezko posizioan dagoela uste dute; izan ere, zientzia, teknologia eta berrikuntzako ekosistema sendoak, zentro teknologiko indartsuek, enpresek, ETE‑ek eta start up-ek osatzen dute. Bestalde, aurre egin beharreko erronka nagusietako bat talentua, profil teknologikoak, aurkitzea dela adierazi dute.
Inbertsio‑errekorra 2022rako
‘Euskadiren I+G arloko inbertsioaren 2022rako estimazioa’ txostenaren laugarren edizioan jakitera eman da Euskadiko I+G arloko guztizko gastuak inoiz baino kopuru handiagoa izango duela 2022an: 1.637 milioi euro; hau da, 2021ean kalkulatutako kopurua baino % 5,2 handiagoa. Gorakada hori euskal enpresek 881 milioi euro inbertitzearen ondorio izango da (Euskadiko I+G arloko enpresa finantzaketan maximo historikoa), eta aurreko ekitaldirako kalkulatutako kopurua baino % 4,3 gehiago izango da. Gainera, finantzaketa publikoak (Eusko Jaurlaritzarena, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiena eta Estatuko Administrazio Orokorrarena) % 6,3 haziko da eta 567 euro izatera iritsiko da.
Estimazio hori Euskadiko I+G arloko 12 enpresa eragileetako ordezkariekin batera egin da: Aernnova, Arteche, Faes Farma, Iberdrola, Ingeteam, Irizar, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Sener, Sidenor Aceros Especiales, Tubacex Group y Velatia. Hamabi konpainiak Innobasqueko kide eta Euskadiko I+Garen % 40 dira. 2022an I+Garen aldeko apustua handitzea aurreikusten dute; zehazki, 2021 ekitaldian baino % 4,2 gehiago.
Azpimarratzekoa da Eusko Jaurlaritzak I+Garen aurrekontua % 10 handitu egin izana; izan ere, ikerketa eta garapen arloko inbertsioak funts publikoen mende daude, inbertsio pribatuarengan eragin efektua egiten baitute. Horrez gain, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen NextGenerationEU Europako funtsak 2022ko bigarren erdian hasiko dira gauzatzen eta ondorioak izaten.
Txostenean ikusi daitekeenez, hazten ari den I+G arloko inbertsioari mesede egingo dio nazioarteko finantzaketak; izan ere, 146 milioi eurokoa izatera iritsiko da (2021 ekitaldirako aurreikusitako kopurua baino % 7,6 gehiago), nagusiki Europako Batzordearen Horizon Europa ikerketako eta berrikuntzako esparru programa berritik datozen ekarpenek eraginda.
Innobasquek aurreikusten du gainerako inbertsioa (43 milioi euro) goi mailako irakaskuntzatik eta irabazi asmorik gabeko erakundeetatik eratorritako funtsek jarriko dutela.
Kontrastatutako balioespen eredua
Balioespena egiteko Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak 2019an estatistika tresna bat sortu zuen. Tresnak kontuan hartzen ditu Euskadiko I+Garen aurrekontuak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren barne-produktu gordinaren (BPGd) bilakaera eta gorago aipatutako Euskadiko 12 enpresa eragileen aurreikuspena. Eredu hori baliozkoa dela erakutsi da balioespena egin den lau ekitalditan zehar; izan ere, balorazioen errore-marjina, erregistratutako azken balioekin alderatuta, soilik 2020an izan da % 1etik gorakoa, pandemiaren ondorioz.
Atzoko bileran izan ziren I+Geko enpresa eragileen zerrenda:
- Francisco Javier Fernández de Retana, Aernnova enpresako Erakunde Harremanetarako zuzendaria
- Begoña Uribarrena, Arteche enpresako Berrikuntza Ekosistemako burua
- Nerea Aranguren, Danobat Group enpresako Berrikuntza zuzendaria
- Gonzalo Hernández, Faes Farma enpresako I+G+b-ko zuzendaria
- Katia de Luis, Gestamp enpresako Plangintza Estrategikoko zuzendaria
- Javier Arriola, Iberdrolako Prozesu eta Teknologiako zuzendaria
- Joseba Arza, Ingeteam R&D Europe enpresako zuzendari kudeatzailea
- Azibar Celaya, Irizar enpresako industria‑zuzendaria
- Irantzu Murguiondo, Mondragon Corporación enpresako Berrikuntza Proiektuen arduraduna
- Itziar Urrutia, Sener enpresako zuzendari kudeatzailea
- Jacinto Albarrán, Sidenor Aceros Especiales enpresako Produktu Berrien Garapeneko zuzendaria
- Alejandra López, Tubacex Group enpresako I+Geko zuzendaria
- Javier Larrieta, Velatiako Corporate Technology enpresako zuzendari kudeatzailea