Lauro Ikastola eta Axular Lizeoko taldeak Delft-en (Holandan) izango dira, bihartik aurrera, FIRST LEGO LEAGUEren Open European Championship (OEC) irabazteko. Gazte hauek, 10 eta 16 urte artekoak, Innobasquek sustaturik joan zen martxoan Bilbon egin zen Espainiako finalean saritu zituzten.


Prentsa oharra (PDF, 423 Kb)

  • Lauro Ikastola eta Axular Lizeoko taldeak Delft-en (Holandan) izango dira, bihartik aurrera, FIRST LEGO LEAGUEren Open European Championship (OEC) irabazteko.
  • Euskaltel telekomunikazio-operadoreak, 2009n hasi zenetik ekintza honen sustatzaile denak, euskal taldeen bidaia finantzatzen lagunduko du.

Zamudio, 2011ko ekainaren 1a. Lauro Ikastola eta Axular Lizeoa taldeek bihar hartuko dute parte First Lego League 2011 Europako txapelketan; aurten Holandako Delft herrian izango da. Gazte hauek, 10 eta 16 urte artekoak, Innobasquek sustaturik joan zen martxoan Bilbon egin zen Espainiako finalean saritu zituzten; edizio honetako erronka “Bodyforward” edo “Biomedikuntzak” dira. FIRST LEGO LEAGUE (FLL) nazioarteko txapelketa da, zientzia- eta teknologia-arloetako bokazioak sustatzen dituena, baita berrikuntza, sormena eta talde-lana ere. Hain zuzen ere, balore horiek eragin dute aurten ere Euskaltel proiektu honetan inplikatzea, euskal parte-hartzaileek Holandara egingo duten bidaiaren gastuen zati bat finantzatuz.

Honela, Overclock Axular Taldeak, Bilboko finalean zientzia-proiektu onenaren irabazleak, bere proposamen berritzailea defendituko du ikusmen-arazoak dituztenei ezagutzen ez dituzten eraikinetan orientatzen laguntzeko. Bere aldetik, Laurobang-ek, Espainiako finalean talde-lanik onena egin zuenak, gauza bera egingo du lotailu gurutzatuaren haustura prebenitzeko proposamen sortzailearekin. Bi taldeak 32 herrialdetako beste 59 talderekin lehiatuko dira, bihartik, ekainaren 2tik, larunbatera, hilaren 4ra, arte, eta bakoitzak duen onena emango du Europako txapelketan tituluren bat irabazteko.

Innobasqueren eta Euskaltelen laguntzaz gain (hauen inplikazioa taldeen nazioarteko parte-hartzera hedatzen da), FLLek eragile estrategiko askoren laguntza izan du, adibidez Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarena, FECYT-Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren bidez; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Ikerketa eta Unibertsitate Sailarena; Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarena; UPV/EHUrena; Iñaki Goenaga Fundazioarena; GMV eta Tecnalia eta Gaiker-IK 4 teknologia-zentroena.

Txapelketaren antolatzaileak dagoeneko lanean ari dira irailean abiaraziko den hurrengo erronkan: “Food Factor” edo “elikadura-segurtasuna”, puri-purian dagoen gaia.

Gogobetetze-maila handia

Parte hartu duten gazteen, horien familien, boluntarioen, trebatzaileen eta babesleen gogobetetze-maila 7,98koa izan da 1-10 eskalan. Gainera, FIRST LEGO LEAGUE Euskadiren bigarren edizioa ebaluatzeko Innobasquek egin duen azterketaren arabera, ia ahobatezko jarrera dago ondorengo edizioetan ere parte-hartzea gomendatzeko. Txostenean deigarria gertatzen da galdetutako ia guztiek esan dutela txapelketa hau metodo berritzailea dela zientzia eta teknologia ikasteko. Horren haritik, uste da tresna honek, irakasteaz gain, eragin positiboa izan dezakeela gazteen zientzia-bokazioan, eta hori zientzia- eta teknika-matrikulazioetan isla daiteke gero. Bestalde, galdetutako talde parte-hartzaileek uste dute beraientzat aurkikuntzarik handiena hau dela: zientziak eta teknologiak benetako arazoak konpontzeko balio dutela ulertzea.

Parte hartzen duten ikasleengan duen eraginaz haratago, gizarte osora hedatzen da eragin hori, eta esaten da balitekeela gai honekiko jendeak oro har duen gizarte-pertzepzioan ere eragin positiboa izatea gertakizun honek. Hala ere, erakunde babesleek ez dute zalantzan jartzen “oraindik badagoela zer eginik Euskadin zientzia eta teknologiari dagokionez”, eta horrek erakusten du hezkuntza-tresna berritzaile hauen premia dagoela.

Proiektu-sarea FLL-ren inguruan

Halaber, Innobasquek azpimarratu nahi du nazioarteko txapelketa honen inguruan, zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzen dituen kirol-ekitaldi formatuarekin, sare bat sortu dela zenbait proiektu gauzatzeko, eta horiek eragina dutela Euskal I+G+b sisteman, hezkuntza-ingurunean eta enpresan. 2011n Innobasque lanean ari da beste ekintza batzuk bultzatzeko, adibidez Global Innovation Award, udaleku teknologikoak, Scratch Eguna edo Príncipe de Girona Fundazioaren Impulsa Foroa.

Global Innovation Award X Prize Foundation-ek eta FIRST LEGO LEAGUEk sustaturiko saria da; bere helburua FLL “Bodyforward”en parte hartzen duten taldeei bultzada ematea biomedikuntzei buruzko zientzia-proiektua gehiago garatu dezaten. Saria 20.000 dolarrekoa da irabazleak patentatu ahal izan dezan, prototipoa sortu eta bere proposamena ezinbesteko asmakuntza bihurtu. Aurten parte hartu duten 13.000 talde baino gehiagotatik, 179 aurkeztu ziren. Horietatik 3 Asiakoak dira, bat Australiakoa, 167 iparramerikarrak eta 8 Europakoak. Azken hauen artean hiru euskal talde daude: Overclock Axular Taldea, Laurobang eta Prototype, Leintz Gatzagakoa (Gipuzkoa).

Gainera, Strelia enpresaren ekimenari esker, aurten udaleku teknologikoak egingo dira, eta ikasleek robotika-programazioa eta bideojokoen diseinua ikasiko dituzte.

Bestalde, Scratch Eguna FLLen parte hartzen duten irakasle batzuen ekintza da; balore horietan inspiraturik eta lankidetzazko ikaskuntzarekin konprometiturik, joan zen maiatzaren 21ean antolatu zuten Bilbon. Egun berean Europako hainbat hiritan ospatu zen Scratch Day, eta bere helburua robotika-programazioaren software eta teknologia ikasleengana hurbiltzea da.

Azkenik, Bilboko FLL Espainian parte hartu zuten zazpi ikasle beren esperientzia kontatzera eta mahai batean zientzialariekin eztabaidatzera gonbidatu dituzte Príncipe de Girona Fundazioak sustatzen duen Impulsa forotik.

Partekatu albiste hau