INNOBASQUE, 2020ko irailaren 14a. Berrikuntzaren Euskal Agentzia buru duen eskualdeen arteko partzuergoak arrakastaz amaitu berri du Manumix Interreg Europe, fabrikazio aurreratuari aplikatutako berrikuntza-politiken eraginkortasuna hobetzeko Europako proiektua. Innobasquerekin batera, programako lantaldea Eusko Jaurlaritzak eta Galesko (Britainia Handia) Gobernuak osatu dute, Lituaniako eta Piemonteko (Italia) gobernuen mendeko STRATA eta Finpiemonte agentzia publikoekin batera, eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren laguntza ere izan dute. Partzuergoak modu integratuan aztertu ditu industria adimendunarekin lotutako eskualdetako ekimen publikoak, beraien interakzioak hobetzeko eta bikoiztasunak saihesteko; horrela, I+G+b sustatzeko programa nagusietako batzuetan hobekuntzak ezartzea lortu du.
Manumix Interreg Europe proiektuak milioi bat euroko zuzkidura izan du, eta azken lau urteetan zehar garatu da. Epe horretan, fabrikazio aurreratuan berrikuntza bultzatzeko eskualde-politikak osatzen dituzten tresnak nola konbinatzen diren monitorizatu eta ebaluatu du partzuergoak. Zaintza-sistema tradizionaletatik harago, ‘Policy mix’ delakoaren interakzioen azterketa horri esker, finantzaketa-programen arteko sinergiak eta gainjartzeak aurkitu ahal izan dira, eta horrek aukera emango du etorkizunean inbertsioak hobeto diseinatzeko eta kudeatzeko eta, ondorioz, horien inpaktu edo eragina handitzeko.
Programak, gainera, garrantzi berezia du, fabrikazio adimendunera bideratutako inbertsioetan ardazten baita; izan ere, garatzeko ahalmen handia izateaz gain, oro har Europako eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren funtsezko elementu gisa finkatu da jada. Zehazki, Eustaten 2018ko datuen arabera, BPGren % 21,1eko ekarpena egiten du Euskadin. Industria 4.0, gainera, Eusko Jaurlaritzak diseinatutako espezializazio adimenduneko politikan (RIS3) azpimarratutako interesguneetako bat da. Horregatik, Jaurlaritzak (Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren bitartez) modu aktiboan parte hartu du proiektu honetan; izan ere, berrikuntzari laguntzeko programetan hobekuntzak abian jartzeko aukera emango liokeen eta Euskadi sektorean puntako eskualdeen artean kokatzea erraztuko lukeen proiektua da.
Euskadin aplikatutako hobekuntzak
Manumix Interreg Europe proiektuari esker EAEn egin diren hobekuntza horien artean aipatzekoak dira 2021-2030 aldirako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren monitorizazio-sistemetan, Gauzatu Industria programetan (industrian berrikuntzak sartzeko inbertsio-programetan) eta Hazitek proiektu estrategiko berezien sustapenean abiarazitakoak.
Programaren bi faseetan egindako lanak eta emaitza zehatzak irailaren 22an aurkeztuko dira, Lakuatik ‘streaming’ bidez jarraitu ahal izango den jardunaldian. Bertan, partzuergoa osatu duten lau eskualde industrialetako ordezkariekin batera, Maurizio Gattiglio izango da, Manufuture-ES’s plataforma teknologikoko Goi Mailako Taldeko lehendakaria eta Prima Electro S.p.A.ko lehendakariorde exekutiboa, Etorkizuneko Fabriken Europako Elkarteko (EFFRA) presidentea ere badena.