Datorren maiatzaren 12an aurreratuko da, Europar Batzordeak garraio-arloan zein lan-ildo finantzatu nahi dituen I+G-erako VII. Programa Esparruaren bidez. Aukera paregabea da garraio arloko euskal enpresek finantzaketa lor dezaten beren ikerketa- eta garapen-proiektuetarako, horrela lehiakortasuna areagotuz.
Zamudio, 2011ko maiatzaren 5a. Eusko Jaurlaritzako Teknologia Zuzendaritzarekin, Industria Teknologia Garapenerako Zentroarekin (CDTI) eta SPRIrekin lankidetzan, Innobasquek jardunaldi bat antolatu du, datorren maiatzaren 12an Bizkaiko Teknologia Parkeko 101 eraikinean izango dena; bertan aurreratuko da Europar Batzordeak zein lan-ildo finantzatu nahi dituen I+G-erako VII. Programa Esparruaren bidez, garraio-arloan betiere. Saioan adieraziko zaie enpresa eta erakundeei nola lortu itzuli behar ez diren diru-laguntzak, proiektuaren %75erainokoak izan daitezkeelarik.
Aurkeztuko diren proposamenen arrakasta ziurtatzeko, banako elkarrizketak hitzartzeko aukera emango da jardunaldian, eta horietan CDTIko garraio-adituek, interesa izan eta eskatzen duten enpresa eta erakundeei beharrezko laguntza emango diete, berme guztiak betetzen dituzten proiektuak aurkez ditzaten 2012an honelako laguntzetarako egingo den deialdira.
Informazio-saio hau aukera paregabea izango da ofizialki argitaratu aurretik jakiteko Europak zein lan-ildo lehenetsi eta lagundu nahi dituen arlo honetan. Honela, aldez aurretik jakinaren gainean daudenek asti eta informazio gehiago izango dute aurkeztu beharreko proposamenak prestatzeko.
Baita ere aukera ona da euskal enpresak harremanetan jar daitezen Europako enpresa kideekin eta kontinenteko erakunderik berritzaileenekin lan egin ahal izateko. Jardunaldiaren asmoa da Europako programa honek eskaintzen dituen aukera edo abaguneak hurbiltzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko kide diren eragileei, baina baita ekimen hauek asko ezagutzen ez dituzten enpresa-erakundeei eta beste batzuei ere.
Funtsezkoa da euskal enpresen parte-hartzea sustatu eta indartzea nazioarteko ekimen hauetan, zeren eta horrelako inguruneetan egoteak lehiakortasuna esponentzialki gehitzen lagunduko baitie, horrela bermeekin aurre egin ahal izateko gero eta zorrotzagoa eta lehiakorragoa den merkatuari.
Jardunaldian parte-hartzaile izango dira Edorta Larrauri, Eusko Jaurlaritzako Teknologia zuzendaria; Raúl García eta Alejandro Ruiz, CDTIko Aeronautika, Garraio eta Segurtasun sailekoak; Jesús Monclús, CDTIko I+G-erako Esparru Programa sailekoa; eta Javier Gabilondo, Enterprise Europe Network Euskal Nodoaren koordinatzailea.
Zer da Europako I+G-erako VII. Esparru Programa?
Europako I+G-erako VII. Esparru Programaren (2007-2013) helburua hauxe da: Europar Batasuna bihurtzea munduko ikerketa-gune garrantzitsuena eta lehiakorrena. Horretarako, 50.521 milioi euroko kontu-saila du, Europako enpresa eta erakundeen ikerketa eta garapen (I+G) proiektuen finantzaketan inbertituko duena.
22,34 M€ euskal garraioaren sektorerako 2007-2010 denboraldian
Programa bederatzi arlo tematikotan zatitzen da, horietako bat garraioa da, eta sektore horri zuzenduta dago datorren osteguneko, maiatzaren 12ko, jardunaldia. Europar Batzordeak 4.106 milioi euro bideratuko ditu garraio-sistema seguruago, garbiago eta adimendunagoak garatzera, Europako enpresa-lehiakortasuna hobetu dezaten. Tresna honen bidez, Europak 76 proiektu diruz laguntzea lortu zuen Euskadik 2007-2010 denboraldian, horretarako 22,34 milioi euro eman zitzaizkielarik arlo guztietako euskal enpresa eta erakundeei.
Zer da CDTI?
Industria Teknologia Garapenerako Zentroa (Centro para el Desarrollo Tecnológico Industrial-CDTI) enpresa-erakunde publikoa da, Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioaren mende dagoena eta Espainiako enpresen berrikuntza eta garapen teknologikoa sustatzen dituena. 2009tik, Espainiako enpresen I+G+b proiektuetarako finantzaketa- eta laguntza-eskabideak estatuan eta nazioartean bideratzen dituen Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko erakundea da.