Gipuzkoa Berritzen-Innobasquek gaur aurkeztuko du Miramongo Teknologia Parkean The Ten Million Project, eta honek 40.000 eurorekin sarituko du Gipuzkoako lurralde historikorako berrikuntza-proiekturik onena, betiere talde-lanean egina. Proiektuak aurkezteko izena emateko epea datorren urriaren 24an amaituko da.
- Prentsa oharra
- Proiektuak aurkezteko izena emateko epea datorren urriaren 24an amaituko da.
- Argibide gehiago nahi dutenek webgunea kontsulta dezakete: www.the10millionproject.com
Donostia, 2011ko ekainaren 29a. Gipuzkoa Berritzen-Innobasquek gaur aurkeztuko du Miramongo Teknologia Parkean The Ten Million Project, eta honek 40.000 eurorekin sarituko du Gipuzkoako lurralde historikorako berrikuntza-proiekturik onena, betiere talde-lanean egina. Diruaz gain, lehiaketaren irabazleek Gipuzkoa Berritzen-Innobasqueko eragile-sarearen babes eta laguntza lortuko dute, hautaturiko ideiei forma eman eta hobeto zehazteko. Laguntza hori epaimahaiari egoki iruditzen zaion ideia berritzaileetara hedatuko da. Halaber, ekintzaileek lan-ingurune atsegina izango dute, proposaturiko egitasmoaren inguruko zalantzak argitzen lagundu diezaieketenekin harremanetan egoteko.
Gipuzkoa Berritzen-Innobasquerentzat The Ten Million Project lehiaketa hutsa baino zerbait gehiago da. Anbizio eta konplexutasun handiko ideia eta lanen traktore izan nahi duen proiektua da. Helburua enplegua sortzen edo gizarte-kohesioa, ongizatea eta oreka areagotzen lagunduko duten ekintzak sustatzea da, eta aldi berean bertako eragileen (unibertsitate, finantza-erakunde, ikerketa-zentro, enpresa eta abarren) parte-hartzea sustatzea. Ikuspegi berritzailea eskaini eta dauden gaitasunak lanean jartzeko gai diren proiektuak bilatzen dira, bertan Gipuzkoan ate berriak irekitzeko gai diren proiektuak
The Ten Million Project-ek Gipuzkoa berrikuntzan ongi kokatuko duten proiektuak bilatzen ditu, horrekin zerikusia duten beste ekintza batzuk ere bultzatzeko gai izango direnak. Sariketara aurkezteko, proiektuek izan behar dute: berritzaileak, sinesgarriak (negozio-plan zehatzarekin), eraginkorrak, bultzatzaileak, bateratzaileak, iraunkorrak eta esportagarriak. Nobedade gisa, irizpide etikoak ere kontuan izango dira edizio honetan. Proposamenak aurkezteko epea aurtengo urriaren 24ra artekoa da. The Ten Million Project delakoari buruz argibide gehiago nahi izanez gero, kontsultatu webgune hau: www.the10millionproject.com.
Proiektuak gauetik goizera sortzen ez direnez, zerbait anbiziotsua egiteko erronka honi aurre egin nahi diotenak irailean eta urrian izango diren hiru lan-gosarietara joan daitezke. Han argituko dira sortzen diren zalantzak. Gainera, Gipuzkoa Berritzen-Innobasquek parte-hartzaileen esku jarriko du bere instalazioetan “topagunea”, garrantzi handiko proiektu bat garatu nahi duenarentzat inspirazioa aurkitzeko lantoki egokia.