Gipuzkoako lurraldean berrikuntzaren alde lan egiten duten eragileak Berritzaileen Topaketan bilduko dira ekainaren 13an, Topic-Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan. Topaketan aztertuko diren gaiak honako hauek dira: parte-hartzea, gizarte-berrikuntza, ezjakintasunaren kudeaketa eta berrikuntzan etika.
Donostia, 2011ko ekainaren 10a. Gipuzkoa Berritzen-Innobasquek datorren astelehenean, ekainaren 13an, Topic-Tolosako Nazioarteko Txotxongiloen Zentroan ekitaldia egingo du: sarearen Batzarrekin hasiko da, eta bertan urtean zehar proiektuetan egindako aurrerapenak aurkeztuko dira, baita 2011ko aurrekontuaren gauzatzea ere. Ondoren “Berritzaileen Topaketa”ren 2011ko lehenengo edizioarekin jarraituko da: topaketa irekia eta jendaurrekoa, eta hor elkartuko dira Gipuzkoa berritzailearen alde lan egiten duten pertsonak eta eragileak.
Topaketari Jose Ramon Guridik emango dio hasiera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Jakintzaren Gizarteko diputatuak. Gizarte-berrikuntzaz Jose Miguel Azkoitiak hitz egingo du, Tecnaliako Osasun dibisioko negozio-garapenaren zuzendariak. Mikel Irizar Goizper-eko I+G unitatea den Olaker-eko zuzendariak ezjakintasunaren kudeaketaz hitz egingo du. Azkenik, Juan Maria Uzkudunek eta Gaizka Zulaikak –Gipuzkoa Berritzeneko lehendakaria eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren– berrikuntzaren etikaren inguruko eztabaida gidatuko dute.
Berrikuntzaren etika
Gipuzkoa Berritzenek egungoa bezalako krisialdi larria gainditzeko berrikuntza berritu behar dela planteatzen du. Horretarako, etikak bestelako ikuspegia eman dezake, eta gizartearentzat komeni dena eta ez dena bereizten lagun dezake. Galderen txandan komeni zaigun berrikuntza zergatik, zertarako eta nola gauzatu behar den galderei erantzuten saiatuko dira.
Ezjakintasunaren kudeaketa
“Mac ID: Ezjakintasunaren kudeaketa” proiektua Gipuzkoa Berritzeneko lantalde baten ekimenez sortu zen eta ezagutza edo jakintzaren aktibazioan lan egitea proposatzen du: alde batetik, jakintza edo ezagutzaren transferentziarako fluxuak eta kanalak hobetuz; eta bestetik, jakintzaren gabeziak detektatuz, gero horien ondorioz egiturazko edo eragiketazko hutsuneak sortzen baitira, edo aukera on eta abaguneak ez dira aprobetxatzen. Abiapuntuko uste edo suposizioa da ezagupenen ekarpen eta trukeen aktibatzeak eragin positiboa izan behar duela enpresetako berrikuntza-prozesuen emaitzan.
Gizarte-berrikuntza
Garbi dago demografiaren piramidea alderantzikatzen ari dela eta biztanleria gero eta zaharragoa dela. Horregatik, baldintzak sortu behar ditugu ezagutzen ditugun kalitate- eta ongizate-parametroak hondatu ez daitezen. Gizarteak egoera berri honetara egokitu behar du eta esperientziak adierazten digu ikasteak erraztu egiten duela egokitzapen hori.
Egoera horren aurrean, Gipuzkoa Berritzenek gizarte-berrikuntzako laborategi batean esperimentatzea proposatzen du, bertan produktu eta zerbitzu berritzaileen saiakuntzak eta probak egiteko mendekotasunaren eremuan, egoera erreal batean, eta jarduera ekonomiko berri bat sustatu dezala zahartzearen inguruan. Biharko pertsona nagusiak gaurkoak ez bezalakoak izango dira, ase beharreko beste premia eta helburu batzuekin.
Parte-hartzea
Bestalde, merkatu dinamikoagoak dituzten enpresen bilakaerak eta zerbitzuen presentzia handiagoak, pertsonen gaikuntza handiagoarekin batera, zera dute ondorio: jendearen parte-hartzea izatea enpresetan erarik naturalena eta lehiakorrena erakundeak eraikitzeko eta horiek kudeatzeko. Gipuzkoa Berritzenek erakundeetan parte-hartzea bultzatu nahi du ekintzara bideratuta, hau da, benetako eraldaketara. Horrek kolektibo interesatuetara zabaltzea eskatzen du, baita parte-hartzea –jabetzan parte hartzea barne– erraztuko duten zerga, finantza eta zuzenbide mailako mekanismoak eta tresnak garatzea ere. Gipuzkoa Berritzeneko lantaldearen proposamena horretarako beharrezko baldintzak sortzea da.
“Berritzaileen Topaketan” “Pecha Kucha” formatuaren egokitzapena erabiliko da; Tokion sortua da azalpenak erraz, informalki eta arin egiteko, eta parte-hartzaileak guztira 20 irudi erakustera mugatzen ditu.