• Hautagaitzak aurkezteko epea uztailaren 22an amaituko da, eta Euskadiko erakunde guztientzat izango da: ETEak, enpresa handiak, zentro teknologikoak, ikerketa- edo hezkuntza-zentroak, erakunde publikoak eta elkarteak
  • Informazio guztia Innobasquen webgunean eskura daiteke, esteka honetan

INNOBASQUE, 2022ko apirilaren 26a. Berrikuntzaren Euskal Agentziak deialdi bat ireki du azken hiru urteetan emaitza onak izan dituzten produktu, prozesu edo negozio-ereduen berrikuntzako kasu praktikoetarako. Aukeratutako proiektuak udazkenean egingo den Global Innovation Dayko 11. edizioan aurkeztuko dira. Deialdia uztailaren 22ra arte egongo da irekita, eta Euskadiko edozein erakunderentzat izango da, haren izaera, tamaina edo jarduera-sektorea edozein delarik ere: ETEak, enpresa pribatuak, zentro teknologikoak, ikerketa- edo hezkuntza-zentroak, erakunde publikoak eta elkarteak. Onartutako kasu guztiak Innobasquen Kasu Praktikoen Bankuan sartuko dira.

Berrehun erakundek baino gehiagok aurkeztu zituzten proposamenak lehenengo bi edizioetan. 2020an berrikuntzako bost kasu praktiko aukeratu ziren, krisi-egoerei aurre egin zietenak: Alfa Hogar, Cáritas Bizkaia, Otxarkoaga Prestakuntza Zentroa, Akelarre jatetxea eta SDA Factory. Iaz, sei aukeratu ziren: Aquadat, DBus, Rexcatering, Kitchen´s Eye (Mondragon Componentes), Satlantis eta Sidenor, eraldaketa digital, jasangarri eta sozialak xede zituen deialdiari erantzunez.

Eredutzat balio duten proposamen inspiratzaileak

Euskal erakunde asko arrakastaz ari dira erantzuten egungo egoera eragiten ari den etengabeko erronkei: jarduera birpentsatuz, estrategiak birplanteatuz, aukera berriak antzemanez, merkatuen beharrizanei aurrea hartuz edo balio-proposamen desberdinak garatuz. Berrikuntzaren Euskal Agentziak proposamen inspiratzaileenak bilatu nahi ditu horiek ezagutarazteko eta beste erakunde batzuen eredu izateko.

Global Innovation Day egunerako berrikuntzako kasu praktikoen hirugarren deialdi honek ETE-ek gauzatutako berrikuntza-proposamenak izango ditu ardatz. Europako ikerketa- eta berrikuntza-programetan parte hartu duten edo sektoreak edo teknologiak era berritzailean uztartzen dituzten proposamenak dituzten bestelako erakundeek ere aurkez ditzakete hautagaitzak.

Jasotako proiektuak ebaluatzeko, alderdi hauek hartuko dira kontuan: izaera estrategikoa, sormena, lankidetza eta hibridazioa, jarraipena, sistematizazioa, jasangarritasuna eta bideragarritasuna. Halaber, inpaktu-adierazle hauek ere aintzat hartuko dira: eraginkortasuna, efizientzia, inpaktu-maila, errepikagarritasuna eta aitortza jaso izana hirugarrenen partetik. Kasua aurkezteko, erregistro-fitxa hau bete behar da soilik.

Berrikuntza produktuan, prozesuan edo negozio-ereduan

Berrikuntzaren Euskal Agentzia produktu edo zerbitzu berrien sorrera erakusten duten kasu praktikoen bila ari da, baldin eta produktu edo zerbitzu horiek funtsean hobetu badituzte, hau da, diseinu berriak edo horien ezaugarriak hobetu badituzte, funtzionalitate berriak badituzte, prestazioak hobetu badituzte edo teknologia berriak txertatu badituzte.

Prozesuetako berrikuntzako kasu praktikoetan berrikuntzak izan ditzakete ekoizpen-prozesuetan, logistika, banaketa, antolaketa, pertsona eta marketineko arloetan, administrazio-kudeaketan eta berrikuntzaren kudeaketan.

Deialdia egin duen erakundeak, gainera, negozio-ereduetako berrikuntzak ere baloratuko ditu, hots, erakundeek egungo edo etorkizuneko bezeroentzako balio-proposamena sortzen edo aldatzen eta horri esker errentagarritasuna lortzen duten kasu praktikoak.

Informazio gehiago esteka honetan: https://innobasque.thinkonmarketing.es/microsite/global-innovation-day-2022/

Partekatu albiste hau