INNOBASQUE, 2021eko urriaren 28a. “Euskadiko berrikuntza abian dago”, hori da Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak aurtengo Global Innovation Day egunean islatuko duen errealitate estimulatzailea. Hamargarren edizioa azaroaren 3an (asteazkena) egingo da, eta telebista-programaren formatu dinamikoa izango du. Zuzenean jarraitu ahalko da, eta hausnarketa, dibulgazioa eta gaurkotasuna batuko ditu. Dani Álvarez kazetariak gidatuko du saioa.
Berrikuntzaren epizentroa Bilbao Exhibition Centre (BEC!) zentroko plato batera eramango da, eta bertan profesional entzutetsuek berrikuntzan eta enpresako I+G-an errendimendu onena lortzen ari diren Europako politika eta programei zuzendutako begirada eskainiko dute.
“Etorkizuneko elkarrizketak: biharko berrikuntza-joerak Euskadin eta Europan” mahai-inguruan, Innobasquek Finlandia, Austria eta Portugaleko kasuan aztertuko ditu, horietan sakontzeko eta enpresetako jarduera berritzailea estimulatzeko duten modua hobeto ulertzeko.
Finlandia herrialde liderra da Europako Batzordearen 2021eko berrikuntza‑adierazleen koadroaren arabera, eta mundu-mailan estatu garrantzitsuenen artean dago gai horretan (2020an aztertutako 131 ekonomietatik 7. postuan), GII (Global Innovation Index) berrikuntzaren adierazle globalaren arabera. Finlandia eta Austria nabarmendu dira azken urteetan, enpresako I+G-n egondako inbertsio-igoera esanguratsuagatik. Portugal Europako erreferentzia handienetako bat da ETE berritzaileen ehunekoaren igoerari dagokionez.
Hitzaldian espezialista garrantzitsuek hartuko dute parte, adibidez hauek: Bea Mahieu, eskualde, nazio eta EB mailako berrikuntza- eta ikerketa-politiken aholkularitzan hogei urtetik gorako esperientzia duen Technopolis Taldeko kidea; Iñaki Garmendia, Ega Masterreko industria-zuzendaria; Pello Rodríguez, Danobatgroup-eko zuzendari nagusia; Iván Martén, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko presidentea; eta Leire Bilbao, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusia.
(Ikus 6. orrialdeko eranskina hizlarien biografiarekin)
Sei berrikuntza-kasu praktiko
Aquadat, Dbus, Zero Zabor Fundazioa, Mondragon Osagaiak, Satlantis eta Sidenor erakundeak izan dira aurten hautatu dituztenak Global Innovation Day egunean parte hartzeko, ehun hautagai baino gehiagoren artetik.
- Aquadat: start upak sortu duen garapen teknologikoak Coca Colak Galdakaon (Bizkaia) duen botilaratzeko fabrikako uraren kudeaketa hobetu du.
- Dbus: big data, adimen artifiziala eta algoritmoak erabilita, Donostiako hiriko autobus-konpainiak zuzeneko informazioa lortzen du, eta horrek aukera ematen dio okupazio-beharrei aurrea hartzeko eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak hobetzeko.
- Zero Zabor Fundazioa: Zero Zabor Fundazioak modu seguru eta higienikoan biltzen ditu ikastetxe eta ospitaleetako catering-soberakinak, eta haiek banatzeaz arduratzen da Plentzia (Bizkaia) edo Hernani (Gipuzkoa) bezalako udalerrietako bide publikoan kokatutako vending makinen bidez.
- Mondragon Componentes: ONCE erakundearekin batera, hiru urte eman ditu “Kitchen eye” sukaldeko gaina sortu eta salgai jartzen. Elementu horrek aukera ematen du sukaldea erabiltzeko mugikorraren edo Alexa bezalako ahots‑laguntzaileen bidez.
- Satlantis: Bizkaiko ETE honek ISIM 170 sortu du, “merkatuko satelite txikientzako kamera onena”, Euroconsult nazioarteko ingeniaritza‑aholkulariaren arabera.
- Sidenor: enpresak hondakin erregogorrak produktu berrietan gehitzen ditu (% 70 hondakin mota horietatik dator). Kalkulatzen du ekonomia zirkularraren praktika horrek urtean 250.000 euro aurrezteko aukera ematen diola.
Berrikuntzaren soinu-banda
Global Innovation Day eguneko unerik hunkigarrienetako bat Fernando Velázquez orkestra-zuzendari euskaldunak berrikuntzaren soinu-banda konposatu eta interpretatzen duenekoa izango da: ex profeso sortu da ekitaldi honetarako.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko kideek hartuko dute parte ekitaldian. Organo hori da Jaurlaritzaren aholkularitza-organoa gai horietan, eta honako hauek osatzen dute: lehendakariak, buru gisa; Ogasun, Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasun, Hezkuntza eta Unibertsitate, Osasun, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuek; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako batzordekideek; hiru ahaldun nagusiek; Mondragon Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta EHUko errektoreek; BRTA, Neiker eta DIPC (Donostia International Phisics Center) eta Ikerbasque erakundeetako zuzendariek; Jakiunde eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteek; eta Euskadiko lau enpresa eragiletako zuzendariek: Danobatgroup, Faes Farma, Global Dominion Access eta Arteche Taldea.
EGITARAUA
11:30: Ongietorria
11:32: Manuel Salaverria Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentearen hitzaldia.
11:40: Euskadiko 6 berrikuntza-kasu praktiko
- Jorge García del Arco, Aquadat-eko zuzendari-kudeatzailea
- Igor González, Dbus-eko zuzendari nagusia
- Álvaro Saiz, Zero Zabor Fundazioaren sortzailea
- Javier Aranceta, Mondragon Korporazioko Osagaien Dibisioko Berrikuntza zuzendaria
- Eider Ocerin, Satlantis-eko Estrategia zuzendaria
- Aintzane Soto, Sidenor-eko prozesuen ikertzailea
12:10: “Berrikuntza-joerak Euskadin eta Europan” etorkizuneko elkarrizketak
- Bea Mahieu, Technopolis-eko bazkidea
- Leire Bilbao, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia
- Iñaki Garmendia, Ega Master-eko industria-zuzendaria
- Pello Rodríguez, Danobatgroup-eko zuzendari nagusia
- Iván Martén, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko presidentea
12:50: Itxiera. Iñigo Urkullu Rentería lehendakariak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea inauguratuko du.
13:00: Agurra eta itxiera
13:08: Komunikabide akreditatuentzako argazkia (BEC!-eko hall nagusiko eskaileretan)
- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua, lehendakaria buru.
- Global Innovation Day-ko partaideak lehendakariarekin.
1.ERANSKINA. ETORKIZUNEKO ELKARRIZKETEKO HIZLARIEN BIOGRAFIA
BEA MAHIEU Technopolis Group taldeko bazkidea
Bea Mahieuk 20 urtetik gorako esperientzia du eskualdeko, nazioko eta EBko berrikuntza- eta ikerketa-politiken aholkularitzan. Ikerketa eta berrikuntzarako laguntza-politika eta -programen eraginaren azterketan, ebaluaketan eta balorazioan dago espezializatuta. Haren esperientziak IKTak ditu ardatz, baita IKTek gaitutako berrikuntza ere, zerbitzu publikoen eta industriaren digitalizazioa barne. Technopolis Group taldean sartu aurretik, Nazioarteko Negozioen Unitateko buru izan zen Databank enpresa italiarrean, zeina adimen lehiakorrean aritzen den. Horrez gain, Nazioarteko Programen zuzendaria izan zen Inventa kudeaketa-aholkularitza txekiarrean. Filologia Eslaviarreko masterra du Ganteko Unibertsitatean (Belgika), eta Literatura Txekiarreko graduondokoa Pragako Charles Unibertsitatean (Txekiar Errepublika). Nederlandera (ama-hizkuntza), ingelesa, italiera, frantsesa eta txekieran erraztasunez mintzatzen da, eta ondo ezagutzen ditu alemana eta gaztelania.
LEIRE BILBAO Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusia
Leire Bilbao informatikako ingeniaria da Deustuko Unibertsitatean, eta kudeaketa aurreratuan aditua IE Business Schoolen eta Enpresa Zuzendaritzan IESE Business Schoolen. Aditua da giza taldeen eta harreman komertzialen kudeaketan, eta haren ibilbide profesionala bere ibilbide profesionala bai industria pribatuan bai publikoan garatu da. Erresuma Batuko sektore petrokimiko eta elektronikoan bere hastapenetan , eta azken 20 urteetan berrikuntzaren arloan. Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzaren ardura hartu zuen 2013 eta 2017 artean. BCBL, BCAM eta Euskaliteko zuzendaritza-batzordeetako kidea da.
PELLO RODRÍGUEZ Danobatgroup-eko zuzendari nagusia da
Pello Rodríguez goi-mailako industria-ingeniaria da, mekanikan espezializatuta Bilboko Ingeniari Industrialen Goi Mailako Eskola Teknikoan. Horrez gain, antolakuntzan espezializatutako goi-mailako industria-ingeniaritza ikasi zuen Pariseko L´école Nationale Supérieure d’Arts et Métiers eskolan. Haren ibilbide profesionalak lotura du Danobatekin, bertan hasi baitzuen ibilbidea ekoizpen-zuzendari eta proiektu-kudeatzaile gisa, General Electric erakundearentzat. Ondoren, Danobaten Erresuma Batuan eta Alemaniako enpresetan karguak izan zituen, eta 2010ean Danobaten torneaketa-lantokiko zuzendari izendatu zuten. Azkenik, 2013an Danobateko gerente izendatu zuten. 2016az geroztik Danobatgroupeko zuzendari nagusia da, eta Mondragon Corporación-eko Makina-Erreminta eta Automatizazio Industriala dibisioetako presidenteordea.
IÑAKI GARMENDIA Ega Masterreko industria-zuzendaria eta Ega Solutions filialeko zuzendari nagusia.
Iñaki Garmendiak 20 urtetik gorako esperientzia profesionala du industria-beharrei erantzuten. Antolakuntza Industrialeko goi-mailako ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta bi master ditu: Logistika Integraleko masterra Mondragon Unibertsitatean eta Enpresen Zuzendaritzako masterra Deusto Business School zentroan. Gaur egun, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren aholkularitza-batzorde zientifikoko kidea da, eta aurretik Tecnalia Research & Innovation erakundeko Batzorde Exekutiboko kidea eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberako Osoko Bilkurako kidea izan da.
IVÁN MARTÉN Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko presidentea
Iván Martén summa cum laude doktorea da Zientzia Ekonomikoetan, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren eskutik. Hogeita hamar urtetik gorako esperientzia profesionala du aholkularitza estrategikoan, eta enpresa eta gobernuentzako egin du lan. Gaur egun, hainbat enpresa eta erakundetako aholkulari independentea da, besteak beste hauena: Center for Global Economy and Geopolitics (ESADEgeo), Tubacex, Innovation Fund Denmark, Energiaren Euskal Erakundea, T2 Energy Transition Fund eta Aspen Institute. Martén nazioarteko mailako hizlari ezaguna da energiarekin, ingurumenarekin eta geopolitikarekin lotutako gaietan, eta nazioarteko hainbat unibertsitaterekin aritu da lankidetzan.