Global Shapers Bilbao ahalmen bereziko 20 eta 30 urte arteko gazteek osatzen dute, beren inguruan aldaketa bultzatu nahi dutenak “pentsatu globalki eta ekin lokalki” filosofiaren arabera.
- Hiru erronka aurkeztu dira komunitate honek landu ditzan: Koop SF34 afrikarrentzako ekintzailetza-mintegia, The good lobby adituak konektatzen dituen sarea GKEen ahotsa entzun dadin, eta Fair Saturday arte- eta kultura-mugimendua.
- Ekinbide hau Ikashub, ImproveChange.org, Deustoteche Innobasque-k bultzatzen dute, eta Bizkaia Talent-en babesa du.
Bilbo, 2016ko uztailaren 18a. Gaur goizean aurkeztu da Beaz-en Bilboko egoitzan Global Shapers Bilbao, beren inguruan aldaketa bultzatzen duten gazte lider globalen komunitatea, Davos-eko World Economic Forumaren inguruan sortua, eginkizun aktiboa izateko munduko, eskualdeko eta tokian tokiko agendaren diseinuan. Lorea Argarate eta Borja Mollá dira ekinbide honen arduradun nagusiak, beren inguruneak aldatzeko ahalmen, lorpen eta bultzada bereziko 20 eta 30 urte arteko gazteek sortua eta zuzendua. Mundu osoan Bilbokoa bezalako 450 hub daude, 6.000 sharper baino gehiagorekin 169 herrialdetan, “pentsatu globalki eta ekin lokalki” filosofiaz jarduten dutenak.
Global Shapers Bilbao Lekandene 2015-ren esparruan sortu zen, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren programa esperimentala da, erakunde bazkideen ─batez ere ETEen─ arteko lankidetzara orientatua, berritzaileagoak izan daitezen eta itzulkin ekonomiko eta soziala lor dezaten. Ekinbide hau Ikashub, ImproveChange.org, Innobasque eta Deustotech-eko Agustin Zubillagak bultzatzen dute, Bizkaia Talent-en laguntzaz.
Gaurko ekitaldian hiru erronka aurkeztu dira Bilboko Shaper komunitateak kolabora dezan: Fair Saturday, SF34, eta The Good Lobby.
Honela, Jordi Albaredak Fair Saturday aurkeztu du, kultura- eta gizarte-izaera duen mugimendu globala, urtero azaroaren azken larunbatean masiboki jarduten duten artista- eta kultura-erakundeek garatua, ekitaldi bakoitzarekin GKE edo gizarte-proiektu bat bultzatuz. 2015ean mundu osoko 45 hiritan 3.925 artistak parte hartu zuten 203 ekitalditan, eta horietan 83.537 pertsona izan ziren.
Kamerunen jatorria duen George Belinga euskaldunak azaldu duenez, Koop SF34 irabazi asmorik gabeko elkartea da, Bilboko San Frantzisko auzoko afrikar ekintzaileentzat; bere helburua pertsona hauei aurrean dituzten zailtasunak (hizkuntza, finantzaketa, lokalak…) gainditzen laguntzea da, beren ametsak aurrera atera ahal izan ditzaten. Mikroenpresen mintegi honek auzoaren garapena eta enplegua sustatu nahi ditu bertako afrikarren artean, baita ere erreferente izan daitezen han bizi diren haurrentzat. Espazio honek 20 pertsonak bultzaturiko 11 proiektu batzen ditu.
Azkenik, Alberto Alemanno-k, Getxon bizi den italiar ekintzaileak, uste du botere politikoaren banaketan gero eta oreka gutxiago dagoela, aldi berean herritarrak ahalduntzeko korrontea dagoelarik. Aldea markatzeko eta herri-politiketan eragiteko, lobby egitea proposatzen du, modu eraginkorra izan litekeelako gobernu-erakundeek eta GKEek beren jendearen talentua eta esperientzia batzeko, guztion onaren alde. Bere The good lobby ekinbidearen helburua gaitasun pertsonal handiko jendea biltzea da, eta ikasleek, akademikoek eta profesionalek beren borondatez gaitasun horiek lobbyaren zerbitzura jartzea.