Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak argitaratze-lanari ekin dio “Nolakoa da gizarte berritzailea”? liburuarekin; Ander Gurrutxaga eta Daniel Innerarity irakasleen lana da, eta gaur Gizarte Berrikuntzari buruzko jardunaldi baten esparruan aurkeztu da, Koopera enplegu eta gizarteratzeko sarearen egoitzan.
Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak argitaratze-lanari ekin dio “Nolakoa da gizarte berritzailea”? liburuarekin; Ander Gurrutxaga eta Daniel Innerarity irakasleen lana da, eta gaur Gizarte Berrikuntzari buruzko jardunaldi baten esparruan aurkeztu da, Koopera enplegu eta gizarteratzeko sarearen egoitzan.
Liburuaren egileekin batera, ekitaldian izan dira Pablo Angulo, Eusko Jaurlaritzako Enplegu, Prestakuntza eta Gizarteratzeko sailburuordea, Andoni Zubizarreta futbolari ohia, eta Pedro Luis Uriarte, Innobasqueko presidentea.
“Gizarte-berrikuntza oraindik ikertu gabeko lurraldea da, eta aldi berean ezinbesteko arloa gaur egungo gizarte konplexu honek aurkezten dizkigun erronken aurrean sendotuta irten nahi badugu”, esan du Pedro Luis Uriartek. Bere iritziz, “azterlan honek lagungarri izan behar du gizarte berritzaile eta iraunkorra sustatzeko kontuan izan behar ditugun arazoetan argi egiteko”. Innobasqueko presidenteak azpimarratu duenez, “Berrikuntza ez da helburu bat berez, baizik eta interes partekatuei erantzuten laguntzen digun estrategia, gure gizartearen -eta hedaduraz, gure planetaren- ongizatea eta iraunkortasuna bermatzeko helburua duena. Baina, gainera, kontzeptu berri baten aurrean gaude”.
Hain zuzen ere, eremu zabal honen kontzeptualizazioa izan da azken hilabeteotako lanik handienetakoa, hor talde gisa eta eskuzabaltasunez aritu direlarik Innobasqueko Gizarte Berrikuntzako Kontseiluko eta Kontzeptualizazioko i-Taldeko kideak, guztira 260 pertsona baino gehiago.
Luis Mari Ullibarrik, Innobasqueko Gizarte Berrikuntzako zuzendari nagusiak, eta Xabier Retegik -lehen Gizarte Berrikuntzako Kontseiluko presidenteak (aurtengo urtearen hasieran Jose María Muñoak ordezkatu duenak)- egin diote liburuari hitzaurrea. Ullibarriren arabera, “eraikitzen lagundu nahi dugun gizarte berritzailearen ereduak, herritarrok Berrikuntzari atxikitako balioak bizitzeko eta geure portaera eta jarreretan balio horiekin koherenteak izateko ingurunea lortzeko helburua du”.
Nolakoa da gizarte berritzailea?
Ander Gurrutxagak eta Daniel Innerarityk beren ikuspegia ematen dute gure gizartearen etorkizuneko erronkei buruz, eta dauden arazoak konpontzeko eta etorkizuneko arazoak identifikatzeko gure gaitasunaren hobekuntzarekin lotzen dute gizarte-berrikuntza.
Daniel Innerarityren ustez, gure gizarteko arazoen zergatiko garrantzitsua hau da: ekonomia, politika, teknologia eta gizartearen alorretako berrikuntzaren abiadura desberdinen arteko desoreka. Gizarte-alorra ekonomiaren aurrean motelago ibiltzeak desberdintasunak eta gatazkak eragiten ditu, eta saiatu dira horiek politikaren eremutik konpontzen, baina arrakasta urriaz. Azkenean Innerarityk dio ez aurrera eta ez atzera geratze honen irtenbidea zera dela: politika botere kooperatibo gisa ulertu eta garatzea sare heterogeneo batean.
Gurrutxagaren arabera, berrikuntzak testuinguru egokiak behar ditu eta lantzeko eremuak, horietan ernetzen direlarik jarduerak ezagutza sortu, aplikatu eta partekatzeko, eta aldi berean arazoei kolektiboki aurre egiteko aukera eskaintzen digute. Horregatik guztiagatik, bizi-kalitate handiena eskaintzen duten hiriak eta aniztasuna ongien hartzen dutenek, talentua erakarri eta atxikitzen dute eta, aldi berean, eraginkorragoak izaten dira teknologian jarduera intentsiboak sortzeko. Garrantzitsua da “eko-sistema sortzaileak” sustatzea, eta horiek sortzeko behar diren baldintzen artean, tolerantzia dago.
Egileak
Ander Gurrutxaga Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatu eta doktoratu zen, eta 1994tik Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna da. Baita ere UNEDeko irakasle tutore izan da Bizkaian eta irakasle bisitari atzerriko hainbat unibertsitatetan: Duke University, North Caroline; New School University, New York; Sta. Barbara University, California; Chapell-Hill University, North Caroline. Gainera, Gurrutxaga Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle-gaietako errektore-orde izan zen 1990/1991n. Doktore-tesi asko zuzendu ditu eta ikerketa-proiektuak gidatu ditu gizarte-egitura eta aldaketari buruzkoak. Liburuak eta artikulu ugari idatzi ditu, batez ere nazionalismoari buruzko gaiez.
Daniel Innerarity Bilbon jaio zen 1959an. Gaur egun filosofiako irakasle titularra da Zaragozako Unibertsitatean. Bere azken liburuak, gaur Kooperan aurkezturikoaz gain, hauek dira: “Ética de la hospitalidad”, “La transformación de la política” (Miguel de Unamuno III. Saiakera Saria eta Literaturako Sari Nazionala saiakera-modalitatean 2003an), “La sociedad invisible” (Saiakerako XXI. Espasa Saria), “El nuevo espacio público” eta “El futuro y sus enemigos”. Baita ere jaso du Eusko Ikaskuntzako Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako Saria 2008an. Iritzi-artikuluak idatzi ohi ditu El País eta El Correo/Diario Vasco egunkarietan, baita “Claves de razón práctica” aldizkarian ere. Innerarity Salzburgon egoitza duen Zientzia eta Arte Akademiako kide da.