ICOT 2015 pentsamenduari buruzko biltzarrik handiena da munduan, eta bere 17 edizioetan lehenengo aldiz enpresa-munduari eskainitako bloke bat izango du oraingoan; uztailaren 2an eta 3an egingo da Innobasqueren eskutik, orain arte foro hau egin den hiri ez anglofono bakarrean.
- Edward de Bono, pentsamendu lateralaren eta pentsatzeko 6 kapelen teknikaren sortzailea, bihar eta etzi nazioarteko adituekin izango da bertan, eta ekonomia zirkularra, lidergoa, talentua, sareko lana eta kooperatibismoa bezalako gaiak jorratuko dituzte.
- COAS Hezkuntza Taldeak eta TuInnovas-ek, topaketaren antolatzaile nagusiek, Innobasqueren laguntza izan dute pentsamendu kritiko, analitiko eta sortzailea enpresara hurbiltzeko berrikuntzaren bidez.
Bilbo, 2015eko uztailaren 1a. Uztailaren 2an eta 3an, bihar eta etzi, ICOT 2015ek, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik, munduko pentsamenduaren abangoardia konektatuko du enpresa-ikuspegiarekin. Pentsamenduari buruzko munduko biltzarrik garrantzitsuenak bere 17 edizioetan lehenengo aldiz ikuspegi hau hartu du, eta aldi berean lehenengo aldiz egingo da anglofonoa ez den hiri batean, Bilbon, alegia. COAS Hezkuntza Taldea eta TuInnovas dira joan zen astelehenean, ekainaren 29an, hasi eta uztailaren 3an amaituko den foro honen antolatzaile nagusiak, eta pentsamendu kritiko, analitiko eta sortzailean 100 aditu inguru biltzea lortu dute “Thinking for constructive communities” (Komunitate eraikitzaileentzako pentsamendua) goiburupean.
Horien artean bereziki nabarmentzekoa da Maltako Edward de Bono, pentsamendu lateralaren eta pentsatzeko 6 kapelen teknikaren sortzailea, 43 hizkuntzatara itzuli eta 58 herrialdetan zabaldu dituen 70 liburu baino gehiagoren egilea.
Baita ere, Ken Webster, Ellen MacArthur Fundazioan Berrikuntza zuzendaria; Shanin Rahimifard, Fabrikazio Iraunkorrerako eta Teknologiak Birziklatzeko Zentroaren (SMART) sortzaile eta zuzendaria; eta Guido Braam, Circle Economy Cooperative-ren sortzailea: hiru hauek ekonomia zirkularraren aukerak erakutsiko dituzte, eta zein garrantzitsua den eraldaketa bizkortzea beste eredu ekonomiko baterantz, hondakin gutxiago sortzeko eta ezinbestekoak direnak berrerabiltzeko.
Gero, talentua landuko da millennial-en ikuspegitik: 90eko urteetatik aurrera jaiotako gazteak dira, beren identitateari loturiko balioak eta enpresa-kultura sutsua berreskuratzen ari direnak. Jorge Martínezek, 2008an eta 2009an Espainiako Gazte Sortzaile Onena eta Fila Cero Fundazioaren sortzaile izandakoak, kontatuko du. Berarekin izango dira Koldo Saratxaga, Irizar Group-eko lehendakari ohia eta (harreman estilo berriko) gbe-ner taldearen sortzailea, eta Jose Maria Luzurraga, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta Mondragon Team Academy ekintzaile-sarearen sortzaileetako bat: hauek profesional onenak, gora egiten ari diren sektoreetan espezializatuak, non eta nola lortu azalduko dute.
Sareen ahalmena eta horiek enpresen kulturan duten eragina nazioarteko zenbait kasu praktikoren eta hainbat kolektiboren (emakume, gazte edo ekintzaileen) bidez erakutsiko da. Gloria Lorenzok, Oracle Women´s Leadership-eko zuzendariak eta Professional Women´s Network Global-eko kideak, eta Anastasia Kalininak, Comunidad Global Shapers-eko zuzendariak (hau 20 eta 30 urte arteko gazteak buru dituzten 400 zentro baino gehiagoren sarea da mundu osoan) erosotasunezko eremutik irtetera gonbidatuko gaituzte sarean lan egiteko.
Lidergoa da enpresa-saioetan landuko den bloke handietako beste bat. Carmen Brieger-ek, Atresmedia Fundazioaren zuzendariak eta 2013an Espainiako 100 Emakume Liderretako bat zenak, bere ikuspegia emango du; baita ere Peter Facione-k, Measured Reasons LLC-ko zuzendariak; hau pentsamendu estrategiko eta lidergoaren bikaintasuna ikertu eta bultzatzeko aholkularitza-enpresa da, arrazoiketa ebaluatzeko tresnak garatu dituena. Liderren taldeak gidatzeko beharrezko buru-zolitasunaz Brendan Spillanek hitz egingo du; coach exekutibo hau nazioartean ospetsua eta hezitzaile goretsia da, aldaketa sistemikorako ekinbide garrantzitsuak garatu dituena, antolaketaren berrikuntzan eta hobekuntzan ardaztuta.
Azkenik, ostiralean, uztailaren 3an, Mondragon Korporazioaren kooperatiba-esperientzia ezagutaraziko da Juan Mari Palencia, Javier Goioenetxea, Victor Arrizabalaga, Eneritz Pagalday eta Saioa Arando-ren eskutik.
Tradizioz foroa hezkuntzaren inguruan egin izan da. Hala ere, edizio honetan, ICOTek ia 100 aditu bilduko ditu, enpresa, kirol eta arte-munduan ere espezialistak, eta ia 2.000 lagun erakarriko ditu Bilboko Euskalduna jauregira. Topaketa hau bi urtean behin egiten da eta azkeneko edizioan Zeelanda Berriko Wellington hiria hautatu zuten egoitza gisa.