- Nazioarteko hezkuntza-programa Euskadira itzuliko da Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasqueren eskutik. Erakundeak, Euskadiko gazteak STEAM jardueretara hurbiltzeko duen konpromisoari jarraikiz, lehen aldiz prestakuntza‑tailerren zikloa eskainiko die Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiei (349 guztira), FIRST LEGO League Euskadin parte hartu ala ez
- FIRST LEGO League 6 eta 16 urte arteko ikasleei zuzendutako ekimena da, eta ikasleak mundu zientifiko‑teknologikora eta gaitasun digitaletara hurbiltzen ditu talde‑lanaren, programazioaren, robotikaren eta balioetan oinarritutako hezkuntzaren bidez
- FIRST LEGO League Euskadiren 13. edizioko finala martxoaren 5ean izango da, eta pandemia aurreko parte‑hartzaileen zifrak berreskuratu ditu: aurreko urtearekin alderatuta, ia % 30ean igo da izena eman duten ikastetxeen kopurua
- Beste urtebetez, segurtasuna izango da lehentasun nagusia, eta edizioa une oro egokituko da Eusko Jaurlaritzaren osasun‑ eta hezkuntza‑agintaritzen gidalerroetara
Asteartea, 2022ko urtarrilaren 11. Sormena garraioaren zerbitzura. FIRST LEGO League ligaren antolakuntzak ez ditu ahaztu logistikarekin lotutako mundu‑mailako arazoak. Izan ere, aurtengo edizioan nazioarteko hezkuntza‑programak mundu osoko 560.000 ikasle baino gehiagori proposatzen die ondasun eta salgaien garraioak egun aurrean dituen erronkei aurre egiteko soluzio berritzaile bat bilatzeko. Erronka horretan zientzia, teknologia, dibertsioa eta talde‑lana aplikatu beharko dituzte.
Nazioarteko hezkuntza‑programa Euskadira itzuliko da Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasqueren eskutik, mundu zientifiko‑teknologikoa eta gaitasun digitalak Euskadiko ikasleengana hurbiltzeko, modu atsegin eta desberdinean. Aurten, berritasun gisa, prestakuntza‑saioak irekiak izango dira, eta Euskadiko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiek hartu ahal izango dute parte, FIRST LEGO League Euskadin parte hartu ala ez. Horrela, Berrikuntzaren Euskal Agentziak konpromiso bati erantzuten dio: Euskadin geroz eta ikasle gehiagok parte hartzea STEAM jardueretan (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak, ingelesezko siglaren arabera); hori da erakundearen plan estrategiko berriak aurreikusten duen funtsezko jarduketa‑ildoetako bat.
Prestakuntza‑saio horiek bakarrak dira Estatuan, eta Innobasqueren apustua islatzen dute, txapelketa aurrera eramateko. Gainera, FIRST LEGO League finkatu dute Euskadin erreferentea izango den STEAM hezkuntzako programa gisa.
Pestakuntza‑tailerren zikloa urtarrilean egingo da, online, Euskadiko enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen eskutik. Saioen eskaintza bikoiztu egin da aurreko urteari begira, eta lotura dute edizio bakoitzeko erronkarekin, Euskadiko ikasleek lehen eskutik ezagutu dezaten ikertzaileen, zientzialarien, teknologoen eta proposatutako erronkaren arloan lan egiten duten adituen lana. Haur eta gazteei ikasketa teknikoen alde egiten badute izan dezaketen lanbidea erakustea da helburua.
Hauek dira saioak emango dituzten 13 erakundeak: BCAM (Basque Center for Applied Mathematics), Bexen Medical, Bilbao Portlab, CAF Power, Eroski, Fagor electrónica, Donostia Sustapena, Lander Simulation, Mondragon Unibertsitatea, Serikat-Ehrardt, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea eta UPV/EHU.
FIRST LEGO League Euskadi 2021-2022
Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak FIRST LEGO League Euskadi antolatu du Deustuko Unibertsitatearekin, Donostia Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera. Hiru erakunde horiek ikasleei karrera zientifiko‑teknologikoetan interesa pizteko konpromisoa partekatzen dute, eta zientziara, arazoak konpontzera eta berrikuntzara hurbiltzen dituzte. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du.
Hamahirugarren edizio honetan, zeinaren finala martxoaren 5ean izango den, Covid aurreko parte‑hartze zifrak berreskuratuko dira, pandemiak markatutako iazko edizioarekin alderatuta izena eman duten ikastetxeen kopuruak % 30 egin baitu gora. Hala, aurten 43 ikastetxek eman dute izena, eta iaz 33 baino ez ziren izan.
Horiek guztiek 115 taldetan batuta parte hartuko dute: horietatik 59k Explore haurren kategorian, 6 urtetatik 9 urtetara, zientzia eta teknologiarekin lehen harremana izango dute. Beste 56 taldeek, 10 urtetatik 16 urtetara, Challenge kategoriari dagozkion robotika, arazoen konponketa eta baloreetan lan egiteko sailkapen‑lehiaketan parte hartuko dute.
Gainera, azpimarratu beharrekoa da osasun‑krisiagatik bizi izan zuten egoera zailagatik aurreko edizioan parte hartu ezin izan zuten 11 ikastetxe hezkuntza‑programara itzuli direla, eta beste 8 ikastetxek lehenengo aldiz FIRST LEGO League Euskadin parte hartuko dutela.
FIRST LEGO League Euskadi, prestakuntzaren, talentuaren, eta berrikuntzaren aldeko apustua
Gaur egungo gizartean, inoiz baino gehiago, konpetentzia zientifiko eta teknologikoak dituzten pertsonak behar dira. Hori dela eta, Innobasquek Deustuko Unibertsitatearekin, Donostia Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera FIRST LEGO League Euskadi eskaintzen du ikasleek konpetentzia horiek modu estimulatzailean jorra ditzaten.
Leire Bilbao, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasqueko zuzendari nagusiak, Euskadiko ikastetxe guztietan formakuntza‑saioak irekitzea garrantzitsua dela nabarmendu du: “Innobasquen gero eta gazte gehiagok STEAM jardueretan parte har dezaten nahi dugu, gure plan estrategikoaren helburu nagusietako bat da, eta horrexegatik, lehen aldiz formakuntza‑saioak bigarren hezkuntzako ikastetxe guztietara ireki ditugu, guztira 349 ikastetxetara. Ikastetxe guztiek eman dezakete izena, FIRST LEGO League Euskadin parte hartu ala ez. Euskadiko haurrak eta gazteak mundu zientifiko‑teknologikora hurbildu nahi ditugu, jakin badakigulako FIRST LEGO League Euskadi antolatzen daramagun hamahiru urteetan probatzen duenak errepikatu egiten duela”.
Asier Perallos Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoaren ustez, “geroz eta nabarmenagoa da enpresak eskatzen ari diren profil zientifiko-teknologikoen beharren eta unibertsitatean ikasketa horiek hautatzen dituzten ikasleen faltaren arteko arrakala handia. Nire ustez, gabezia horiek konpontzea funtsezkoa da etorkizuneko garapen ekonomiko eta sozialerako. Deustuko Unibertsitateak parte hartzen du FLL Euskadi antolatzen, eta horrek agerian jartzen du bokazio zientifiko-teknologiko horien garapenarekiko dugun konpromiso irmoa, oso gaztetatik. Gainera, FLLk aukera ematen digu hori formatu eroso baten bidez egiteko, zeina bat datorren gure unibertsitatearen balioekin; ikaskuntza, lankidetza eta gizarteari ekarpenak egitea”.
Ainhoa Aldasoro Donostia Sustapeneko berrikuntza eta proiektuen teknikariak azpimarratu duenez, ekimen hau erakundeak Donostia Innovation Campus izenekoaren bidez egin duen hiri-apustuarekin lerrokatzen da: “Donostia Sustapeneko kideok talentuaren eta berrikuntzaren alde egiten dugu, uste baitugu funtsezko ardatzak direla Donostia garatzeko. Urteak daramatzagu hiriaren hezkuntza-arloan lanean, ikastetxeekin, lanbide-heziketako zentroekin eta unibertsitateekin lankidetzan, gazteen prestakuntza garapena sustatzeko euren gaitasun tekniko eta pertsonalen entrenamenduaren bidez. FIRST LEGO League oso tresna erabilgarria da horretarako; izan ere, egungo munduan sortzen diren arazoak aurkezten dizkie gazte donostiarrei, eta konponbide berritzaileak bilatzeko erronka planteatzen die”.
“2022an hirugarren aldiz antolatuko dugu FLL Euskadi MONDRAGON. Aurreko edizioetako ilusio berdinarekin egingo dugu; izan ere, FLL-ren moduko esperientzia positibo batek aukera ematen digu Euskadiko gazteei programa oso bat eskaintzeko, errealitatean oinarrituta ikasteko gure ikuspuntuarekin lerrokatuta. Horrekin batera, kolektiboari STEAM inguruneak aurkezten dizkiogu. Mondragon Unibertsitatean, gure eredua oinarritzen dugu egiten ikastean, talde-lanean eta gizarte- eta enpresa-erronka errealei konponbide berritzaileak proposatzean”, adierazi du Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak.
Edizio berria baikortasunez aurkeztu da, nahiz eta pandemiak markatuta egongo den. Horrenbestez, beste urtebetez ere segurtasuna lehentasuna izango da, eta edizioa une oro egokituko da Eusko Jaurlaritzaren osasun- eta hezkuntza-agintaritzen gidalerroetara.
https://innobasque.thinkonmarketing.es/microsite/first-lego-league-euskadi-2021/