Berrikuntzaren Euskal Agentziako 50en bat bazkidek hartu dute parte Innobasque Exchangeren zazpigarren edizioan; lankidetzazko berrikuntza-ekinbide bat da Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkideentzat, eta berrikuntzarako lankidetzaren erronkari aurre egiten laguntzen die.
- Innobasque sareko 8 proiektu berritzaile aurkeztu dira lankidetza bila, horretarako lantaldeak nahastu eta gaitasunak eta ezagupenak konbinatuz: Binarysoul, Bikonsulting, Kimetsport, Babyduino, Warantum, Irisbond, Comparko eta Bajoelagua Factory
Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb) Argazkia
Zamudio, 2014ko urriaren 23a. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako 50 bazkidek baino gehixeagok hartu dute parte gaur goizean Innobasque Exchangelankidetzazko berrikuntza-jardunaldiaren zazpigarren edizioan. Zortzi proiektu berritzaile aurkeztu dira, eta lankidetza bilatzen dute hazten jarraitzeko: Binarysoul, Bikonsulting, Kimetsport, Babyduino, Warantum, Irisbond, Comparko eta Bajoelagua Factory.
Taldeka antolatuta, parte-hartzaileek bost orduz lan egin dute eta proiektuetan sakondu dute metodologia propioaren bidez; lau urrats ditu: proiektuak ezagutzea, erronka zehaztea, ideiak sortzea eta partekatzea. Innobasque Exchangeren zazpi edizio hauetan 60 proiektu aurkeztu dira, 400 pertsonak aberastu dituzte horiek, eta 20 akordio baino gehiago egin dira.
Honela, lantaldeak nahasten dira, gaitasuna eta ezagupenak konbinatzen dira, eta lankidetza-era berriak aztertzen dira balioa sortu eta erakartzeko. Innobasque Exchangek berrikuntzarako lankidetzan aritzeko erronka estrategikoari aurre egiten laguntzen die enpresei.
Jardunaldiaren hasieran, adimen lehiakor eta estrategikorako software libreko Hontza plataformaren arduradunek Innobasque Exchangeren laugarren edizioan parte hartu zutenetik izandako bilakaera positiboa azaldu dute.
Innobasque Exchangek berrikuntza aktibatzen du, batez ere ETE eta mikroETEetan, berrikuntza egin dezaten eta itunak lortu, berehalako emaitzetara zuzenduta. Ideia berriak aurkitzen laguntzen du, eta berrikuntzaren arriskua murrizten du guztien gaitasun edo ahalmenak erabiliz.
Gaur zortzi erakundek aurkeztu dituzte beren proiektu berritzaileak, lankidetza-formulak bilatzen dituztelarik horietarako:
- Binarysoulek MotionBOx aurkeztu du; konponbide interaktibo honetan 3D elementuen kontrol eta bistaratzea eskuen keinuz bakarrik egiten da, teklatuak edo beste gailu batzuk zuzenean ukitu beharrik gabe. Standetan edo makina erremintaren arloan erabil daiteke.
- Bikonsultingen eskutik, Guztion Onaren aldeko Udalerrien Plataformak ere ezagutarazi du bere burua. Ezagutza eta lankidetza trukatzeko on-line espazio honek hainbat tresna eta baliabide eskaintzen dizkie udalerriei, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko kudeaketan laguntzeko. Erakundeek beren ahaleginak guztion onurara bideratzea da azken helburua.
- Kimet Planning, Kimet Sport-ena, bere metodologia kirol-federazioek homologatua duen lehenengo softwarea da munduan. Banako, talde, antolaketa eta ebaluazio mailan, kirol-garapena era pertsonalizatuan planifikatu eta optimizatzea ahalbidetzen du.
- Babyduino, Hiritarren Berrikuntzako Laborategi Iberoamerikarrerako aukeratua, open source kit bat da, beste funtzionaltasun batzuen artean, umetxoen eta mendekotasuna dutenen bihotz-erritmoa edo gorputz-tenperatura monitorizatu ahal izateko, beraiek molestatu gabe.
- Warantumek bere online plataforma aurkeztu du edozein produktu komertzialen bermeak erregistratzeko. Saltokietarako nahiz erosleentzat, galtzeko beldurrik gabe, bermeak gordetzeko eta behar den guztian beraietara jotzeko aukera handia da.
- Irisbond Primma-k, bere “Mintzo diren begiradak” proiektuarekin, komunikazio alternatiborako sistema aurreratua erakutsi du, ordenagailua begiez kontrolatzeko aukera ematen baitu era zehatz eta intuitiboan.
- ComParko-k bere web plataforma ekarri du, partikularrek garaje-postua parteka dezaten, denbora partzial edo osoz. Honela diru-sarrera berezi batzuk lortu eta aparkaleku-tokiak erabiltzen dira hutsik daudenean.
- Azkenik, Bajoelagua Factory-k, Turismo Berrikuntzako saria jaso duenak, “Itsaspean berrikuntzan” proiektua aurkeztu du, eta itsas ingurunean ekonomia eta ingurumen aldetik bideragarriak izango diren enpresa-proiektu eta ekinbideak garatzea bilatzen du.