Innobasque, 2020ko irailaren 30a. Ideia berritzaile bat izan daiteke enpresa pribatu, elkarte edo erakunde publiko baten barruan krisiari arrakastaz aurre egiteko giltza. Jarrera proaktiboa eta aldaketarako irekia izatea funtsezkoa da zailtasun-uneetan. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak kasu praktikoak bilatzen ditu, non ikuspegi berritzaile eta alternatiboak balio izan duen egungo osasun-egoera bezalako erronka, finantza-arazo zehatzak, zailtasun ekonomiko globalak edo edozein motatako aldaketak gainditzeko. Deialdi hau urriaren 9ra arte egongo da zabalik, eta mota guztietako euskal erakundeei ─enpresei, ikerketa- eta garapen-eragileei, I+G+b eragileei, elkarteei, ikastetxeei, erakunde zibiko-sozialei edo administrazio publikoei─ dago zuzenduta, beraien izaera, tamaina edo jarduera-sektorea edozein dela ere.

Aurkeztutako kasuek azken bost urteetan (2016-2020) abian jarriak edo inplementatuak izan behar dute, eta emaitza kualitatibo edo kuantitatibo egiaztagarriak erakutsi behar dituzte. Beste erakunde batzuetan ere errepikagarriak izan behar dute, haien lehiakortasuna hobetzeko. Jarduerak barne-antolamendu, eraldaketa teknologiko, estrategia orokor edo ekoizpen-sistemarekin lotuta egon daitezke.

Hautatutako esperientziek Global Innovation Day jardunaldiaren bederatzigarren edizioan parte hartuko dute, azaroaren 2an. Banaka aurkeztuko dituzte kasuak eta hitz egingo dute hitzordu garrantzitsu honetan publikoak jarraitu ahal izango duen eztabaidan, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XX. Asteari hasiera emango dion ekitaldian. Halaber, Innobasqueren zuzeneko laguntza jaso ahal izango dute interes estrategikoko gaietan. Berrikuntzaren Euskal Agentziak esperientzia profesional horiek komunikabideetan ere zabalduko ditu, eta horien aitortza sustatuko du. Global Innovation Day deialdian hautatutako irtenbide berritzaileak Innobasqueko kasu praktikoen bankuan sartuko dira.

Nola aurkeztu hautagaitza?

Erakunde interesdun bakoitzak modu zehatz eta argian aurkeztu beharko du berrikuntzan duen kasu praktikoa, honako formulario honen bidez: https://mapa.innobasque.eus/formulario-casos-practicos-innovacion-innobasque. Urriaren 20an jakinaraziko da zein esperientzia aukeratu diren.

 

Partekatu albiste hau