Aste honetan abiatu den LANGUNE elkartea, 2008. urteaz geroztik Gipuzkoa Berritzen – Innobasque-ren babespean garatu den gogoeta-prozesuaren emaitza da. Hizkuntzen tratamenduarekin zerikusia duten produktu eta zerbitzuak diseinatzeaz, ekoizteaz eta komertzializatzeaz arduratzen den jarduera-sektoreko eragile nagusiak bildu dira denbora honetan, merkatuaren azterketa egin eta etorkizuneko jardun-lerroaren nondik norakoak aurreikusteko.


Gogoeta
horren emaitzaz, garbi ikusi da Hizkuntzen Industria sektore ekonomiko
garrantzitsua dela Euskadin, eta areago sendotu daitekeela elkarlana indartuz.
LANGUNE elkartea  aste honetan eratu da
formalki.

Gipuzkoa
gizarte elebiduna da neurri handian eta ondorioz, bertan garatu da gehien
hizkuntzen kudeaketarekin lotutako zerbitzu eta produktuak eskaintzen duen
industria. Arlo horretakoak dira besteak beste itzulpena, interpretazioa,
softwarearen lokalizazioa, terminologiaren kudeaketa, idazketa teknikoa,
dokumentazio eleaniztuna eta hauen lan-fluxuak kudeatzeko sistemak,
hizkuntza-teknologiako tresnak, hala nola zuzentzaile ortografiko eta
gramatikalak, testua hizketa bihurtzeko eta hizketa testu bihurtzeko sistemak,
itzulpen automatikorako sistemak, hizkuntzen irakaskuntza eta horretarako
baliabideak, etab.

Euskal
Herria Hizkuntzen Industriaren arloan Europa mailako erreferente bilakatzea da
helburu nagusia, eta horretarako nahitaezkoa ikusi da sektore ekonomikoa egituratzea, eragileak
jartzea, solaskidetza indartzea eta sektorearen nazioarteratzea bultzatzea eta
laguntzea. Horretarako guztirako, LANGUNE elkarteak hiru urterako plan
estrategikoa lantzeari ekin dio, sektorearen erronka nagusiei aurre eginez
abian jarriko diren ekimenak bertan jasotzeko. Sektorearen asmoa da industria
sendoa garatzea eta horretarako egoki ikusi da cluster egitura. Hortaz, hiru
urteko plan estrategikoak bere baitan jasoko ditu egitura horretarako iristeko
pausoak.

Gipuzkoa
Berritzen – Innobasque-ren laguntzarekin egin da LANGUNE sortzeko diagnostikoa.
2 urteko lanaren emaitzen arabera, sektoreak aintzakotzat hartzeko adinako
garrantzia badu, baina, aurrera begira agertzen diren erronka eta abaguneei
erantzuteko, oraindik duen atomizazioa eta merkatuaren mugak gainditu behar
dituela ikusi da. Hori lortzeko modurik egokiena sektorean parte hartzen duten
agenteak elkartzea dela ikusirik, haiek cluster baten sorkuntzarako lehen
urrats gisa sortu dute hain zuzen ere LANGUNE elkartea.

Hizkuntzen industria:
etorkizuneko sektore indartsua

Hizkuntzen
industria hazkunde bidean ari den sektorea da munduan. Ekonomia globala da,
jarduteko eta lehiatzeko moduak aldatu egin dira, eta globalizatuz eta zabalduz
doa hizkuntzen industria ere. Hizkuntzaren kudeaketak gero eta garrantzi
handiagoa du ekonomian, eta mugikortasunak, pertsona eta enpresen arteko
interakzioak gehitu egin ditu, eta gehitzen jarraituko duela aurreikusten da
gainera. Gaur egun, mundu mailako hizkuntza zerbitzuen merkatua 10.536 milioi eurotan
zenbatesten da (Common Sense Advisory). Merkatu osoaren %43a, 4.500 milioi euro
inguru, Europako merkatuari dagokiola estimatzen da. Europar Batzordeak
argitara emandako “The size of the language industry in the EU” txostenak
dioenez, 2008 eta 2015 urteen artean urteroko hazkundea % 10ekoa izango da
gutxienez.

Gipuzkoako
Hizkuntzen Industriak 1.575 lanpostu biltzen ditu gaur egun, bertako  biztanleria aktiboaren %0,5. 54 milioi
eurotik gorako sarrerak izan ditu azken urtean, Gipuzkoako Barne Produktu
gordinaren %0,25 gutxienez.


Elkartearen
sortzaileak honako enpresa eta erakunde hauek izan dira

  • Editorial
    Alberdania
  • Plazagunea
  • Fundación
    Tekniker – IK4
  • Anboto
    Group
  • EMUN
    Koop. E.
  • TISA
  • Ametzagaina
  • Editorial
    Erein
  • UZEI
  • Fundación
    Asmoz
  • Gizerbitek
  • Badihardugu
  • Lacunza
  • BITEZ-logos
  • MARA-MARA
  • Codesyntax
  • Mondragon
    Unibertsitatea-HUHEZI
  • EIZIE
  • Mondragon
    Lingua
  • ELEKA
  • Pausumedia
    Elkartea
  • Elhuyar
    Aholkularitza
  • REC
    GRABAKETA ESTUDIOA S.L.
  • Elhuyar
    Fundazioa

Partekatu albiste hau