Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailak merkatu-aukera berriak sortu nahi ditu nanoteknologian eta horretarako, nanoBasque (SPRI) agentziaren eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren bidez, datozen apirilaren 24 eta 25ean, nazioarteko lan-bilerak antolatu ditu enpresen, teknologia-zentroen eta unibertsitateen artean, ImagineNano 2013ren esparruan, hain zuzen.
- Topaketak ImagineNano 2013-ren esparruan izango dira, apirilaren 24 eta 25ean BECen, Europan nanoteknologiaz eta nanozientziaz egiten den topaketarik handienean.
- Bilera hauek aukera paregabea dira mundu osoan lankidetzarako bazkide izan daitezkeenekin harremanetan jartzeko, eta merkatu-aukera berriak, bezero berriak, ikerketa-proiektuak eta teknologia-transferentzia, eta nanoteknologiari buruzko “know how” aurkitzeko.
Zamudio, 2013ko apirilaren 2a. Bi urtean behingo azoka hau Europan nanoteknologiaz eta nanozientziaz egiten den topaketarik handiena da eta bigarren edizio hau Bilbao Exhibition Centre-n (BEC) egingo da; ekitaldia antolatzen duen Phantoms Foundation-en arabera, “Euskadik indarguneak ditu nanozientzian eta nanoteknologian eta eragile garrantzitsu gisa kokatzen da ‘nano’ munduan, gora egiten ari den arlo honetan lider diren eragile asko hartzen dituelarik”.
Industria-erakusketa handiaz gain, eta han etorkizuneko nanojoerak agertuko dira, Basque Enterprise Europe Network partzuergoak planifikaturik, nazioarteko izaera duten lan-bilerak (“brokerage event”) ari dira sustatzen, teknologia-garatzaileak beraien erabiltzaileekin harremanetan jartzeko, arlo honetan lankidetza teknologikoa bultzatzeko helburuarekin betiere.
Enpresa, teknologia-zentro, ikerketa- eta garapen-institutu, laborategi, unibertsitate eta ikertzaile pribatuek aukera izango dute beren teknologia berritzaileak eta “know how”a aurkezteko, negozio-bazkide izan daitezkeenekin edo I+G-ko europar proiektuetan kolaboratzeko modukoekin harremanetan jartzeko, eta nazioarteko harremanak ezartzeko.
Horretarako, apirilaren 15a baino lehen eman behar dute izena hemen: b2match. Webgune honetan agertuko dira izena ematen duten guztien profilak, zer eskaintzen duten, zer lankidetza ari diren bilatzen, eta jorratu nahi dituzten gai zehatzak. Profil horiek direktorio publiko baten parte izango dira. Honela, bizkor eta erraz, bi aldeko hitzorduak hitzartu eta agendak erabakitzen dira ekitaldia egin aurreko egun eta asteetan; eta bertaratzen direnean, deitutakoak mahai batean aurkitzen dira 20 minutuko bilera egiteko. Denbora hori igarotakoan txirrinak jotzen du eta hurrengo bilera hasten da. Kontuan izanda aldez aurretik elkar ezagutzen dutela, baita aztertuko diren gaiak ere, bilerak oso emankorrak izaten dira.
Bilera hauek garapen mikro/nanoteknologiko eta horien aplikazioetara bideraturik daude hainbat industria-sektoretan: manufaktura, teknologia aeroespazial, materialen teknologia, kimika, robotika, metal astunen industria, elektronika, energia, medikuntza, bioteknologia, farmazeutika, ingurumena edo neurketak eta estandarrak.
Antolatzaileak prest daude izena eman nahi duten erakundeei aholkularitza emateko eta ekitaldi hau gogobetegarria gerta dadin laguntzeko. nanoBasque (SPRI) agentziaz eta Innobasquez gain, hona hemen ekimen honetan lagunduko dutenak: ARIST/CCIR eta Grenobleko Merkataritza eta Industria Ganbera (Frantzia), Steinbeis Europa-Zentrum (Alemania) eta Zientzia Ikerketen Kontseilu Gorena eta SEIMED (Espainia).