Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak ikuspegi berritzailea sustatzen du, osasuna ulertzeko eran paradigma-aldaketa bultzatzeko; eta horretarako, arlo hau enpresetan kudeatzeak onura ekonomiko eta sozialak, kostuak baino handiagoak, sortzen dituela azpimarratzen du.
- Osasuna sustatzen inbertituriko euro bakoitzak 2-5 euro arteko itzulkina (ROI) izan dezake enpresarentzat.
- Gehitu egin dira mundu osoan osasuna sustatzeko ekimenak enpresa-erakundeetan.
- Lan-ingurunean osasuna kudeatzeak negozio-aukera berriak eragiten ditu.
Bilbo, 2012ko maiatzaren 29a.Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak ikuspegi berritzailea sustatzen du osasunari dagokionez: ez du arreta jartzen gaixotasunak tratatzen dituen osasungintza edo sanitatearen kostuan; Innobasquek osasunaren balio osoa kudeatzearen alde egiten du, horren onura ekonomiko eta sozialak inbertsioaren kostuak baino askoz handiagoak baitira. Horrek guztiorrek azkenean erakundeen produktibitatean eragiten du eta, hedaduraz, herrialdeen lehiakortasunean. Hori garbi azaldu da gaur goizean, Bilboko Foru Liburutegian, Innobasquek antolaturiko “Osasunaren kudeaketa, lehiarako abantaila erakundeentzat” jardunaldian.
Bertan partaide izan dira Olga Rivera, Eusko Jaurlaritzako Osasunaren Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntzako sailburuordea; Borje Svensson, Karolinska Institutet Health Management-eko CEO; Kepa Celaya, Caja Laboraleko medikua; Ana Hernández, Guardian Glass Express-eko Giza Baliabideen sailekoa eta HealthGuard; Kepa Larrea, Athlon-eko Osasun-programako teknikaria; Annette Clefberg, Svensson & Svensson-eko aholkularia; Anne Murphy, Innovation in Learning-eko zuzendaria; Lola Elejalde eta Txema Villate, Innobasqueko programa-zuzendaria eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren.
Jardunaldian zehar norabide berean doazen hainbat azterlan eta datu eman dira argitara. Horrela, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren arabera, enpresetan osasuna sustatzen inbertitzen den euro bakoitzak 2 eta 5 euro arteko itzulkina (ROI) izaten du erakundearentzat, eta osasunean inbertitzea errentagarria dela erakusten du horrek. Hori guztiori ahaztu gabe lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen kostua herrialdeen BPGren %2,6 eta %3,8 artekoa izaten dela Europan, kostu horrek eragina duelarik bai enpresetan eta bai nazioen ekonomietan. Gainera, Occupational and Environmental Medicine-k argitara emandako azterketa batek ziurtatzen du ahalegin handia egin beharra, aitortza apala eta beren lanarekiko kontrol txikia duten langileek 2 eta 3 aldiz joera handiagoa izaten dutela infekzioak hartzeko egoera horietan ez daudenek baino. Bestalde, gizeneri edo obesitatearen eta gaixotasun kronikoen gehitzeak osasun-kostuak izugarri igotzea ekarriko du, baldin eta erremediorik ez bazaio jartzen.
Negozio-aukera berriak
Testuinguru hori kontuan izanda, Osasunaren Mundu Erakundearen, Europako Batzordearen eta Suediako Karolinska Institutet Health Management ospetsuaren ustez, osasuna herrialdeen lehiakortasun ekonomikoan inbertitzea da, ez bakarrik berez ere helburu bat delako, baita hazkunde ekonomiko eta lehiakortasunerako faktore erabakigarria delako ere. Ildo horretan ari da lanean Innobasque, lan-ingurune osasuntsuak sustatzen, kontuan izanda osasuna erabakigarria dela erronka berriei aurre egiteko. Ez da bakarrik ongizate pertsonalerako oinarria, baita produktibitate, berrikuntza eta gizarte-kohesiorako ere.
Honela, Innobasquek ikuspegi berritzailea ematen du eta osasuna sustatzeko bizi-ohituretan aldaketa bultzatzen du Gosasun mugimenduaren bidez: honek ohitura-aldaketa erabaki pertsonala eta bere inguruneek aldaketa pertsonal horri ematen dioten babesa uztartzetik etorriko dela defenditzen du.
Jardunaldian zehar euskal eta britainiar enpresetan (Caja Laboral eta Guardian Glass Express) osasuna kudeatzen izandako jardunbide egokien arrakasta-faktoreak aztertu dira. Baina ez dira bakarrak, mundu guztian baitaude enpresa-sareak, gero eta ugariagoak, osasuna kudeatzeko sistemak praktikan jarri dituztenak; adibidez, Enterprise for Health, Michigan Unibertsitateko Health Management Research Center edo Workplace Wellness Alliance.
Negozio-aukera berriez ere hitz egin da, lan-ingurunean osasuna kudeatzea loturik baitago prozesu, produktu eta zerbitzu berriak sortzearekin ere.
Gainera, bertaratuek aukera izan dute saio praktiko batean parte hartzeko, ikusteko nola aplikatu osasunaren kudeaketa beren enpresetan. Lan-dinamika horretan laguntzaile izan dira Annette Clefberg, Svensson & Svensson-eko aholkularia, eta Anne Murphy, Innovation in Learning-eko zuzendaria.
Jardunaldi hau “Innobasqueko Astearteetan” kokatzen da; ekimen horrek hilero dei egiten die berrikuntzaren protagonistei foro dibulgatzaile eta ireki batera, euskal berrikuntza pertsonen, antolaeren eta komunikabideen begiradapean ezartzeko.