Teknologia robotikoa arlo ekonomiko berria da, konpainia eta enplegu berriak sortzeko gaitasuna duena, 2 milioi lanposturaino hurrengo 8 urteetan, eta produktibitatean eragin zuzena duena.
- Robotikak aplikazio ugari ditu fabrikazio aurreratuko industrian, baina baita nekazaritzan, medikuntzan, segurtasunean edo mantentze-lanetan ere.
- Tecnaliak eta IK4-k industria aurreraturako garapenetan lan egiten dute, baina badira euskal enpresak robotika beste arlo batzuetan erabiltzen dutenak ere. Kiro Robotics, Drone by drone eta Minirobots-en kasua da.
Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb)Argazkia
Donostia, 2015eko ekainaren 16a. Gizarte aurreratuetako jendearen zahartzeak lan-indarra gutxitzea ekarriko du, eta beraz produktibitatea konpentsatu beharko da lehiakortasunari eusteko. Testuinguru honetan, produktibitatea hobetzeko nabarmen lagundu dezakeen teknologia gisa agertzen da robotika. Sektorea XXI. mendean hazkunderik handiena izan duen bosten artean dago. Robotika funtsezko arlo ekonomiko bat da eta bere garrantzia gehituz doa: 2020rako adimen artifiziala eta manipulazioa errealitateak izango dira; 30eko hamarkadan bizitza artifiziala izango da joera, eta 2040rako ciborg-ak gehitzea espero da. Horiek izan dira gaur goizean “Robotika eta Berrikuntza” jardunaldian ateratako ondorioetako batzuk; Donostian izan da Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta, Koldo Mitxelena Kulturunearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.
Parte-hartzaileak honako hauek izan dira: Jon Agirre, EU Roboticseko eta Tecnaliako Board of directors-eko kidea; Juan Luis Elorriaga, Espainiako Robotika Elkarteko (AER) lehendakaria; Loreto Susperregi, IK4 Tekniker-eko ikerketa-koordinatzailea; Mildred Puerto, Tecnaliako proiektu-zuzendaria; Borja Lizari, Kiro Robotics-eko zuzendaria; Daniel del Río, Minirobots-ekoa; Ander García, Drone by Drone-ko zuzendari teknikoa; eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.
Robotikaren erabilera industrian fabrikazio aurreratuaren ezaugarrietako bat da. Aurrerapen teknologiko hau industria-arloaren lehiakortasuna gehitzen ari da sistema-integrazioari esker, zereginen zehaztasun eta produktibitate handiagoari esker, eta hori gune partekatuak sortzen ari da pertsona eta makinen artean, hauek gero eta adimentsuagoak eta iragartzeko eta egoera ezberdinetara egokitzeko gaitasun handiagokoak baitira. Horrela azaldu dute Tecnaliako eta IK4 Tekniker-eko ordezkariek. 2014an roboten instalazioa industrian %15 gehitu zen mundu osoan eta bi digituko hazkundeak aurreikusten dira datozen bi urteetarako. Erabilera profesionalerako zerbitzu-robotika ere hazkunde garrantzitsuak izaten ari da. Robotikako Nazioarteko Federazioaren (IFR) datuen arabera, 1996 eta 2008 artean 63.500 robot-ale saldu baldin baziren, 2010etik 2015era 100.000 saldu ziren. Baita ere Federazioak dio 2 milioi lanpostu baino gehiago sortuko direla datozen 8 urteetan, industria-robotikari esker.
Robotikaren erronketako bat ETEetan duen ezarpena da. Serie gero eta laburragoen ekoizpena, automatizazio-prozesuen gabezia, roboten kostua, baita maneiatzeko gai den pertsonarik ez egotea ere, makina hauen sendotasunaren pertzepzioarekin batera: horiek dira enpresa txiki eta ertainen oztopo nagusiak horiek inplementatzeko orduan.
Hala ere, dagoeneko asko ari dira lanean eremu honetan. Horietako hiru ezagutarazi dira gaur: Kiro Robotics, Minirobots eta Drone by Drone.
Mondragon Korporazioko Kiro Robotics-ek Kiro Oncology robota garatu du, eta honek zain barneko medikazioa prestatzen du kimioterapian, produktu oso arriskutsuekin kontaktuan dauden osasun-langileentzat arriskua minimizatuz. Minirobots bizkaitarrek hezkuntza-robotika sortzen dute eta dagoeneko 15.000 ale saldu dituzte 30 herrialdetan. Datorren urterako Singapurreko ikastetxe publikoen sarean sartzea espero dute. Azkenik, Drone by drone, Bilboko enpresa ziurtatuak tripulatu gabeko ibilgailu hauek eskaintzen dituzten zerbitzuen aukera erakutsi du hainbat sektoretan: ikus-entzunezkoa, segurtasuna, nekazaritza, industriako mantentze-lanak, ingurumena.
Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.