- Kursaal jauregiak Euskadin berrikuntzarako foro handienaren edizio berria hartuko du. Foro horretan urtero Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak aztergai ditu joera zientifiko, teknologiko, sozial eta kultural nagusiak. Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak itxiko du jardunaldia
- Bi euskal talentu handi Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, eta Pedro Miguel Echenique, Donostia International Physics Center (DIPC) Fundazioko presidentea, aurrez aurreko elkarrizketa bizia izango dute
- Euskadin industriaren, teknologiaren, zientziaren, kulturaren eta hezkuntzaren eremuetan egindako berrikuntzako hamar kasu praktiko aurkeztuko dira
- Informazio gehiago eta erregistroa: https://innobasque.thinkonmarketing.es/microsite/global-innovation-day-2022/
Innobasquen, 2022ko urriaren 13an. Azaroaren 9an, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXII. Astearekin bat etorriz, berriz itzuliko da euskal berrikuntzaren hitzordu nagusia. Bueltan da Global Innovation Day, hain zuzen ere, duela hamarkada bat baino gehiago, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak urtero antolatzen duen topagunea. Bertan joera zientifiko, teknologiko, sozial eta kultural nagusietako protagonistak elkartzen dira berrikuntzak garapen ekonomikoaren motor gisa duen garrantzia gizarteari aditzera emateko. Topaketaren hamaikagarren edizioa Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak itxiko du, eta talentua garatu, erakarri eta atxikitzeari arreta jarriko dio, talentu hori Euskadi lurralde berritzaile gisa kokatzeko oinarria baita. Herritar guztiek esteka honetan eman ahal izango dute izena ekitaldian parte hartzeko, eta Donostiako Kursaal jauregiko ganbara aretoan egingo da 10:00etatik 13:00etara.
Jardunaldia Manuel Salaverria Innobasqueko presidentearen ongietorriarekin hasiko da. Euskal ekosistema berritzailearen transmisio-uhal gisa Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zeregina deskribatuko du. Ekitaldian bi euskal talentu handi ere izango dira: Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, eta Pedro Miguel Echenique, Donostia International Physics Center (DIPC) Fundazioko presidentea. Elkarrizketa bizia izango dute. Horrez gain, Leire Bilbaok, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, “Talentua, berrikuntzaren motorra” izenburupean mahai-inguru bat moderatuko du.
Halaber, Global Innovation Dayren edizio berri honetan protagonistak izango dira hautatu diren ekimen berritzaileen bultzatzaileak, eta berrikuntzaren esparruan kasu praktikoak aurkeztuko dituzte. Guztira, foroan hamar kasu arrakastatsu azalduko dira: lau industriaren, zientziaren eta teknologiaren arlokoak, hiru kulturaren eremukoak eta beste hiru hezkuntzaren esparrukoak. Horiek guztiak, kasu praktikoen deialdira aurkeztu eta deialdi horretan eskatzen diren baldintzak betetzen kasuekin batera, Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuan sartuko dira.
Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak jardunaldia 13:00etan itxiko du.