Mila ikasle baino gehiago elkartuko dira datorren otsailaren 8an Deustun (Bilbo), Donostian eta Arrasaten FIRST LEGO League Euskadiren hamaikagarren edizioaren finala jokatzeko. Bilbon Deustuko Unibertsitatea, Donostian Eureka Museoa eta Arrasaten Mondragon Unibertsitatearen Iturripeko Campusa izango dira txapelketa honen egoitzak, euskal gazteen zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzeko helburuarekin betiere.

Urtero, mundu osoko milaka gaztek hartzen dute parte ekimen honetan, eta Euskadin Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen du; aurten Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Sustapena eta Mondragon Unibertsitatea batu zaizkio ekimenari, eta hezkuntza-programa honen finala antolatu dute, lehen aldiz hiru egoitzatan aldi berean. Erakunde horiek talde gehiagok parte har dezaten laguntzen dute, eta uste dute, Innobasquek bezalaxe, ikasleek ikerketan eta arazoak konpontzen parte hartu eta zientziarekiko interes handiagoa izan behar dutela. FIRST LEGO League Euskadi ekimena Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiaren parte da.

Sei hilabetez, 6 eta 16 urte bitarteko gazteek soluzio berritzaileak asmatu dituzte hiri adimendunei buruz, nola hobetu hiriak, hori baita erronka komuna mundu osoko taldeentzat. Erronkari aurre egiteko, parte-hartzaileak enpresa, unibertsitate, zentro teknologiko eta beste leku interesgarri batzuetara joan dira, eta horrela jakin dute zer egiten den Euskadin esparru horretan, eta zein profesional dauden inplikatuta: ingeniaritzan, teknologian, geologian, artean, arkitekturan, energian eta abarretan espezialistak. Aditu horiek FIRST Lego League Euskadik urtero eskaintzen duen 38 saioko eta 1.100 postuko prestakuntza-programa berdingabe eta esklusiboaren parte dira; Begoñako Andra Marik (BAM) koordinatzen du programa hori, eta 13 erakunde publiko eta pribaturen partaidetza du.

Talde parte-hartzaileek robot bat diseinatu eta programatzen dute, hainbat misio egin ditzan. Azkenik, frogatu behar dute egindako lan guztia zenbait balio jarraituz egin dela, hala nola aurkikuntza, berrikuntza, inklusioa, talde-lana eta dibertsioa. Hiru alderdietan osoenak diren taldeek jasoko dituzte puntuaziorik onenak. Egoitza bakoitzeko bi onenak martxoan Tenerifen egingo den Espainiako finalera joango dira. Horrela, nazioarteko beste txapelketa batzuetan parte hartzeko aukera izan dezakete, eta euskal taldeek esperientzia oso atsegingarriak dituzte maila horretan.

Otsailaren 8an, 126 ikasle-taldek sei hilabeteotan egindako ahaleginaren emaitza erakutsiko dute. Hori dela eta, beren familien, lagunen, irakasleen eta ia berrehun boluntarioren laguntza eta babesa izango dute, txapelketa esperientzia ahaztezina, zirraragarria eta dibertigarria izan dadin. Sarrera libre eta doan da, edonor joan daiteke animatzera eta berritzaileen euskal harrobiarekin gozatzera.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ere laguntzen dute STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematicsen akronimoa) Hezkuntzako ekimen honetan.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago