Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, adierazpen bat egin dute Euskadiko erakunde nagusiek; hain zuzen ere, gaur ─abenduak 3─ ospatzen da Euskararen Eguna, eta adierazpen horretan elkarlanaren eta hiztunak aktibatzearen alde egin dute, euskara bultzatzeko gakoak direlakoan. Gaur goizean izan da ospakizunaren ekitaldi nagusia Gasteizko Europa Jauregian, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela.
Adierazpenean “elkarlanaren” garrantzia azpimarratu dute euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko: “Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana”.
Gainera, memento honen egokitasuna azpimarratu dute ildo honetan aurrera egiteko: “Une aproposa da administrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko”.
Iñigo Urkullu lehendakaria izan da buru Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldi nagusian. Ospakizuna 12:00etan hasi da eta bertan erakunde-ordezkariak eta euskararen munduko eragileak elkartu dira.