Zein dira hemendik 2020ra etorkizun handieneko bi lanpostuak? Datu-analista eta saltzaile espezialista. Lehenengoak teknologia disruptiboek sorturiko datu-uholdeari zentzua ematen lagunduko die enpresei; bigarrenak, enpresek bezeroei eskaintzen dieten horretan salmenta-indar espezializatuak izateko duten premiari erantzuten dio. Proiekzioa izango duten beste espezialitate batzuk hauek dira: Giza Baliabide mota berriak eta antolaketa-garapenean espezialistak; ingeniaritzako espezialitateak (materialak, biokimikoak, nanoteknologia eta robotika); gobernu- eta erregulazio-harremanetan espezialistak, geoespazioko informazio-sistemetan adituak, eta industria- eta merkataritza-diseinatzaileak.  

Munduko Ekonomia Foroak “Enpleguaren etorkizuna” txostena eman du argitara, munduko 15 ekonomia nagusietan eta 9 industria-arlotan egina, eta 13 milioi enplegatu ordezkatzen dituena (munduko lan-indarraren %65); bertan aztertu du langileei eskaturiko gaitasunek nola eboluzionatuko duten, laugarren industria-iraultzak sortuko duen disrupzio edo hausturari aurre egiteko. Beharrezko gaitasunak ere aztertu ditu lanak.

Hona hemen 2020ko langileei eskatuko zaizkien 10 gaitasun edo trebetasun nagusiak:

  1. Arazo konplexuen ebazpena
  2. Pentsamendu kritikoa
  3. Sormena
  4.  Pertsonen kudeaketa
  5. Beste batzuekiko koordinazioa
  6. Adimen emozionala
  7. Burubidea eta erabakitzeko gaitasuna
  8. Zerbitzura bideratzea
  9. Negoziazioa
  10. Ezaguera-malgutasuna

 

 Eta hona hemen 2015eko enplegatuenak:

  1. Arazo konplexuen ebazpena
  2. Beste batzuekiko koordinazioa
  3. Pertsonen kudeaketa
  4. Pentsamendu kritikoa
  5. Negoziazioa
  6. Kalitate-kontrola
  7. Zerbitzura bideratzea
  8. Burubidea eta erabakitzeko gaitasuna
  9. Entzute aktiboa
  10. Sormena

 

Laugarren Industria Iraultzak aldaketa sakonak eragingo ditu, jendearen trebetasunetan ez ezik, baita negozio-ereduetan ere, adimen artifizialak, nanoteknologiak, 3D inprimaketak, robotikak, genetikak eta bioteknologiak eraginda.

Datozen 5 urteotarako aldaketa hauek 7,1 milioi pertsona kaleratzea ekarriko dute, batez ere behargin lepo-zuriak eta administrazio-lanetan ari direnak. Galera hori konpentsatzeko 2,1 milioi enplegu sortuko dira arlo espezializatuetan, matematika, IKT, arkitektura edo ingeniaritzarekin zerikusia dutenetan.

Datu-analisia, Internet mugikorra, Gauzen Interneta eta robotika izango dira enpleguak sortuko dituzten arloak. Hala ere, indar bultzatzaile handienak aldaketa demografikoak eta sozio-ekonomikoak izango dira, adibidez, klase ertain berri bat agertzea eta biztanleria gaztea gorabideko herrialdeetan, eta emakumeek lortu nahi duten botere ekonomikoa. Aldakortasun geopolitikoa da, bestalde, enplegua sortzeko etsairik handiena.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago