2021ko irailaren 16ko erreportajea

Amaiera emango diogu Horizon Europe esparru-programaren 2. zutabeak europar bizimoduaren babesa lantzen duen 3. klusterrarekin finantzatuko dituen lehenetsitako arloen errepasoari. 

Gaur, datozen bi urteetan Horizon Europek finantzatuko dituen lehenetsitako arloen errepasoa itxiko dugu, eta 3. klusterrera hurbilduko gara. Kluster hori gizartearentzako segurtasun zibilari buruzkoa da, eta, inkesta guztien arabera, EBko herritarrak gehien kezkatzen dituen alderdietako bat da. Izan ere, segurtasun zibilaz hitz egiten badugu, agian burura datorkigun lehenengo gauza da nola aurre egin delinkuentzia edo terrorismo mota ugariei (eta horiek teknologiara egokitzeari), baina kontzeptu horrek askoz ere faktore gehiago biltzen ditu. Elikagaien osasun-kontroletik, hornidura-kateen babesetik edo lehergailuak eta agente kimikoak manipulatzen dituzten langileen lan-baldintzak gainbegiratzetik hasi, eta gezurren aurkako borrokara edo etxeko indarkeria eta ingurumen-delituak desagerraraztera, pandemia berri bat bezalako mehatxuak goiz antzematetik edo hondamendi naturalen gaineko arriskuak ebaluatzetik igarota. Hori guztia kluster honetan eta haren lan-programan jasotako ikerketarako eta berrikuntzarako lehenetsitako sei arloetan biltzen da. 

2. zutabean sartutako seietatik, hasiera batean, gure eragile zientifiko-teknologikoek eta enpresek honako honetan presentzia txikiagoa izatea espero da; izan ere, Europako I+G+B proiektuetan euskal parte-hartzea aztertzeko behatokiaren datuen arabera, aurreko esparru-programan, Europako Batzordeak arlo horretako 30 proiektu finantzatu zituen euskal erakundeen parte-hartzearekin. Guztira, 14,3 milioi euroko finantzaketa lortu zuten. 

Halere, esparru-programa berriak aurrekoak baino askoz ere gehiago sustatzen du beste programa batzuekin sinergiak bilatzea, eta kluster honetan EBko politika estrategikoek bat egitea, beste kluster batzuetan protagonistak direnek, non euskal I+G+Bak pisu handiagoa duen; horrek 3. kluster honentzat interesgarriak diren arloetan aukera berriak sortzea ekar dezake. Beraz, Europako proiektuetan parte hartu nahi baduzu, lehenengo deialdiei begiratu bat ematera gonbidatzen zaitugu. Batzordeak dagoeneko argitaratu ditu deialdi horiek, eta 220,54 milioi euroko aurrekontua dute aurten. Xehetasun guztiekin ezagutu ditzakezu, hemen kontsultatuz online egindako aurkezpena (eskuineko leihoan, ‘recordings of the sessions’ atalean), eta gehiago jakin behar baduzu, gogoratu Enterprise Europe Network-eko (EEN) euskal nodora jo dezakezula. Sare hori Batzordeak sortu zuen ETE-ei nazioartean berritzen eta hazten laguntzeko. EEN Basque eskualdeko nodoak Innobasqueren parte-hartzea du, SPRI, BEAZ eta Arabako, Bilboko eta Gipuzkoako merkataritza-ganberekin batera. Haren xedea da autonomia-erkidegoko enpresa txiki eta ertainek Europako finantzaketa duten programetan parte har dezaten sustatzea, zientziaren, garapen teknologikoaren eta hura merkatuan hedatzearen bidez, merkatu bakarraren barruan eta kanpoan negozio-aukera berriak aurki ditzaten.

 

3. KLUSTERREAN BAT EGITEN DUTEN POLITIKAK ETA ESTRATEGIAK

Hasieran esan dugu moduan, 3. klusterra gizarte zibilerako segurtasunean diharduten enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratuta dago, eta bertan bat egiten dute EBk 2019an datozen urteetarako ezarritako lehentasun handienetako hiruk: Europar bizimoduaren babesa, Itun Berdea eta aro digitalera egokitutako Europa. Horiekin batera, Batasunaren segurtasunerako EBren estrategia eta zibersegurtasunerako estrategia berria ere oso kontuan hartu behar dira hemen. 

Lehenengoak, Batasunaren segurtasunerako EBren estrategiak, gure ingurune fisiko eta digitalaren segurtasuna bermatzeko 2025era arte garatu behar diren tresnak eta neurriak ezartzen ditu. Horretarako, lau lehentasun zehazten ditu. Lehenengoa segurtasun-ingurune bat sortzea da, denborak aurrera egin ahala iraungo duena. Ingurune horrek ardatz izango ditu kritikotzat jotzen diren azpiegituren eta ‘utilities’ enpresen (oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituztenak, hala nola elektrizitatea edo energia) segurtasuna hobetzea, zibersegurtasunaren kudeaketan gure autonomia estrategikoa bermatzea, eta hirigune publikoak babestea. Bigarrenak mehatxu aldakorrei aurre egiteko lege-tresna espezifikoak nola eskuratu aztertzen du, hala nola ziberdelikuentzia eta sareko eduki bidegabeen edo Interneteko nortasun‑lapurreten aurkako borrokaren ugaritzea. Helburu horiek estrategia honen hirugarren lehentasunarekin gainjartzen dira, hau da, Europako herritarrak terrorismotik eta krimen antolatutik babestearekin. 

Europako estrategiaren laugarren ardatzak EBren barruan segurtasun-ekosistema sendo bat sortzeko modua du ardatz. Hor sartzen dira, besteak beste, honako helburu hauek: nazioarteko lankidetza eta informazio-trukea hobetzea, kanpoko mugak indartzea, gaitasunak ematea eta, azkenik, ikerketa eta berrikuntza indartzea. Azken horretan, azken erabiltzaileen eskura egongo diren tresnak garatzea planteatzen da, merkatuaren zatiketa gainditzea, autonomia estrategikoa areagotzea zibersegurtasuna bezalako arloetan, segurtasun-indarrei eta -kidegoei eta larrialdi-zerbitzuei beren lana erraztuko dieten tresnak eta sistemak ematea, eta zibersegurtasuneko gaitasunetarako Europako zentro bat sortzea. 

EBk zibersegurtasunean duen estrategiari dagokionez, legegintza-, koordinazio- eta finantzaketa-paketeak ezartzen ditu (non Horizon Europe programak protagonismo handia izango duen). Horiek ahalbidetuko dute Europak bere lidergoa indartzea ziberespazioaren nazioarteko arauen esparruan, bai eta mundu osoko bazkideekin duen lankidetza sustatzea ere, zuzenbide-estatuan, giza eskubideetan, oinarrizko askatasunetan eta balio demokratikoetan oinarritutako ziberespazio global, ireki, egonkor eta segurua sustatzeko. 

Hori guztia laburbilduta, esan dezakegu 3. klusterraren alderdi garrantzitsuenak direla segurtasun-indarrei eta -kidegoei gaitasunak ematean oinarritzen den ikuspegia duela, berehalako edo epe laburreko beharrak eta punta-puntako teknologien garapena uztartzen dituena, urrunagoko agertokien balizko premiei aurreko egiteko; finantzatuko diren proposamen guztietan faktore soziala, etikoa eta gizatiarra integratzea sustatzen du, eta azkenik, beste programa batzuekin sinergiak eta zubiak sortzen ditu. Horrek eremu horietan I+G+Bren emaitzak merkatura eta azken erabiltzaileengana iristea ahalbidetzen du; horiek segurtasun-indar eta kidegoak izan daitezke, baita azpiegitura kritikoen operadoreak, gobernuz kanpoko erakundeak, Interneteko erabiltzaileen elkarteak edo erakunde ofizialak ere, hala nola elikagaien segurtasuna zaintzeaz arduratzen diren agentziak.

 

3. KLUSTERREAN LEHENETSITAKO ARLOAK

Batzordeak lehenetsitako sei jardun-arlo ezarri ditu 2021-2022 aldirako, aurreko esparru‑programan ikusitakoarekin oso kontinuistak direnak. Alde handiena da Horizon Europen garrantzi handiagoa emango zaiola I+G+B azken erabiltzaileengana iristeari, merkatuari gehiago zuzendutako ekintzei eta zibersegurtasunaren gaineko lankidetza sortzeari esker. Horrela, lehen urterako lehenetsitako arlo edo ‘destinations’ hauek zehaztuta daude:

 

1. LEHENETSITAKO ARLOA: EB eta bertako herritarrak hobeto babestea delinkuentziaren eta terrorismoaren aurka

– Delinkuentziaren eta terrorismoaren aurkako borrokarako informazioa aztertzea

-Terrorismoaren eta beste delinkuentzia larri batzuen aurka borrokatzea, turismoaren sektorean erabakiak hartzeko datuak aztertuz (“travel intelligence”)

-Gaizkileak teknologia berrien eta azaleratzen ari diren teknologien bidez geldiaraztea (5G eta haratago, konputazio kuantikoa eta zifratua)

-Desinformazioaren eta albiste faltsuen aurka borrokatzea eta mundu digitalarekiko konfiantza areagotzea

-Delinkuentziaren eta terrorismoaren aurkako borrokari buruzko ikerketa-datuetarako sarbidea hobetzea

-Auzitegiko zientzian eta poliziak erabilitako biometria modernoa hobetzea

-Zenbait delinkuentzia motekin lotutako gizarte-arazoen prebentzioa, hautematea eta disuasioa hobetzea

-Etxeko indarkeria eta sexu-indarkeria prebenitzea eta horren aurka borrokatzea

-Terrorismoaren aurrean herritarrek duten segurtasuna handitzea, gune publikoak barne

-Gune publikoen aurkako erasoei buruzko prestakuntza hobetzea

-Kultura-ondasunen trafikoaren aurka borrokatzea

-Delinkuentzia antolatuaren aurka borrokatzea ingurumenaren arloan

-Suzko armen trafikoaren aurka borrokatzea

-Herritarrak babestuta egotea ziberdelinkuentziaren aurka

-Haurren sexu-esplotazioa prebenitzea

-Interneteko nortasuna usurpatzearen aurka borrokatzea

 

2. LEHENETSITAKO ARLOA: EBko kanpoko mugen kudeaketa eraginkorra

-Segurtasuna eta mugen, itsas ingurunearen, jardueren eta garraioaren kudeaketa hobetzea, zaintza-gaitasuna areagotuz, altitude handiko eta iraupen luzeko aire-laguntza barne

-Mugak eta Kostaldeak Zaintzeko Europako Agentziaren (Frontex) eta Europako aduana‑agintarien segurtasuna, babesa eta errendimendua handitzea

-Mugako kontrolak hobetzea, bidaiarien eta mugako agintarien esperientzia hobetzeko

-Posta bidezko bidalketetan eta premiazko mezularitzan mehatxuak eta merkantzia debekatuak modu aurreratuan hautematea

-Pertsonen gorputzaren gainean eta barruan ezkutatuta dauden objektuak hobeto hautematea

 

3. LEHENETSITAKO ARLOA: azpiegitura erresilienteak

-Europako azpiegituren eskala handiko perturbazioen aurreko prestaketa eta erantzuna hobetzea

-Europako azpiegiturak eta haien autonomia arrisku sistemikoetatik babestea

-Pandemiarik izanez gero, azpiegituren erresistentzia bermatzea

 

4. LEHENETSITAKO ARLOA: zibersegurtasuna areagotzea

-Azpiegitura digital seguru eta erresistenteak eta interkonektatutako sistemak

-Maila anitzeko zibersegurtasunerako ereduetan eta iragarpenetan oinarritutako negozio- eta berreskuratze-jarraipenerako metodologia dinamikoak

-Segurtasuna hobetzea konektatutako gailuetarako kode-hardwarean eta zehaztapen irekietan

-Zibersegurtasuna indartzeko adimen artifiziala

-Pribatutasuna babesteko teknologia eskalagarriak Europako mugaz gaindiko konputazio federaturako, datu pertsonalekin

 

5. LEHENETSITAKO ARLOA: hondamendien aurkako gizarte erresilienteak Europarako

-Arriskuarekiko esposizioaren ulermena eta kontzientziazio publikoa hobetzea hainbat arriskuren eraginpean dauden eremuetan

-Hondamendien arriskuaren kudeaketa eta gobernantza hobetzea

-Muturreko fenomeno klimatikoen kasuan hondamendi-arriskua modu integratuan murriztea: alerta goiztiarreko sistemak, epe luzerako egokitzapena eta erresilientziaren areagotzea

-Hondamendi-arriskuen, egokitzeko gaitasunen eta agertokien sorreraren ebaluazioa hobetzea, datu historikoetatik eta eskuragarri dauden proiekzioetatik abiatuta

-Lehenespen-mekanismo bat garatzea, arrisku naturalekin eta/edo QBRN-E sektoreekin lotutako (kimikoak, biologikoak, erradioaktiboak, nuklearrak eta lehergailuak) normalizazioaren arloko ikerketa programatzeko

-Laborategi mugikorrak azkar hedatzea, pandemien eta gaixotasun infekzioso berrien egoera hobeto ezagutzeko

 

6. LEHENETSITAKO ARLOA: segurtasunaren arloko ikerketa eta berrikuntza indartzea

-Segurtasunaren arloko ikerketaren eta berrikuntzaren zutabeak indartzea

-Segurtasun-teknologien heldutasuna ebaluatzeko esparru bat

-Segurtasunaren arloko ikerketarako eta berrikuntzarako ezagutza-sareak

-Harremanetarako Puntu Nazionalak (NPCak) segurtasunaren eta zibersegurtasunaren eremuan

-Eskaerak bultzatutako berrikuntza, babes zibileko egoera ezagutzeko

-Gizarte zibilaren parte-hartze aktiboak bultzatutako segurtasun-arloko ikerketa‑teknologikoak: inpaktu soziala ebaluatzeko eta inpaktua sortzeko diziplinaz gaindiko metodoak

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago