Iraultza digitala izango da nagusi ekonomiaren arlo guztietan urte gutxi barru. Ekonomia digital globala munduko BPGren %22 izan zen 2015ean. Eta bizkor ari da hazten. 2020an zifra hori %25ekoa izango da, 2005ean %15ekoa zelarik. Horrela agertzen da “Accenture Technology Vision 2016” txostenean, eta ohartarazten du benetako faktore erabakigarria adimenaren aroan hau izango dela: enpresaren trebetasuna bere kultura korporatiboa garatzeko, gorabidean dauden teknologiak ustiatzeaz gain, teknologia horiek bultzatzen dituzten negozio-estrategia berriak ere hartzeko. Gaur egungo mundu digitalean arrakasta izatea erronka bat da, eta ezin da gainditu teknologia gehiago kontsumituz bakarrik.
Txostenak 5 joera digital aurkezten ditu mundua behin eta berriro berrasmatzeko.
1.- Automatizazio adimenduna
Automatizazio adimenduna hazkunde berria eta berrikuntza abiarazteko plataforma da. Adimen artifizialak bultzatuta, soluziobideen hurrengo boladak sistema desberdinen datu pila ikaragarriak batuko ditu, eta sistemak, datuak eta pertsonak elkarrekin lotuz, soluziobideak sortuko ditu, batez ere erakundea aldatuko dutenak, baita zer egiten duen eta nola egiten duen ere.
2.- Lan-indar likidoa
Enpresak aro digitaleko aldaketa etengabearen erritmoari eusteko behar dituzten tresna eta teknologietan ari dira inbertitzen. Hala ere, faktore kritiko bat atzera geratzen ari da: lan-indarra. Enpresek teknologia egokia baino zerbait gehiago behar dute; teknologia hori aprobetxatu behar dute pertsona egokiek gauza egokiak egin ditzaten lan-indar «likidoan», moldakorra, aldaketarako prestatua eta erantzuteko gaitasuna duena izan dadin.
3.- Plataformen ekonomia
Berrikuntza disruptiboaren hurrengo bolada ekosistemetatik etorriko da, sektore guztietan eratzen ari diren plataformak bultzatuta eta teknologiak erraztuta. Teknologia estrategikoki erabiltzean negozio digitalak sortzeko, plataforma-ekonomia moldakor, eskalagarri eta elkarrekin konektatua sortzen ari dira liderrak, hori delarik arrakastaren oinarria ekosistemetan oinarrituriko ekonomia digitalean.
4.- Aurreikus daitekeen disrupzioa
Negozio guztiek ulertzen dute orain teknologia digitalaren ahalmen eraldatzailea. Hala ere, gutxi ohartu dira zein drastikoak eta iraunkorrak izango diren plataformetan oinarrituriko ekosistema berrietatik eratorritako aldaketak. Ez dira bakarrik erabat irauli diren negozio-ereduak. Ekosistema hauek aurreikus daitekeen disrupzio ahaltsua eragiten duten neurrian, ekonomiaren sektore eta segmentu osoak birdefinitu eta berrasmatuko dira erabat.
5.- Konfiantza digitala
Nonahi dauden teknologia berriek arrisku digitaleko arazo berri eta garrantzitsuak planteatzen dituzte. Konfiantzarik gabe, enpresek ezin dituzte partekatu ez erabili beraien eragiketen oinarrian dauden datuak. Horregatik, gaur egungo segurtasun-sistemarik aurreratuenak segurtasun perimetrala ezartzetik askoz urrunago doaz, eta konpromiso ahaltsua dute estandar etikorik handienekin datuei dagokienez.