Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziak Arabako enpresei aurkeztu dizkie gaur Berrikuntza Profilak, ETE-ei euren berrikuntzarako gaitasuna hobetzen laguntzeko tresna. Horretarako, Innobasqueren bazkide den A&B Laboratorios enpresaren arrakasta-kasua aurkeztu du “Arabako industria-enpresentzako berrikuntza jasangarriko aukerak” online jardunaldian. Ekimena Arabako Parke Teknologikoan egin da, eta 2030erako Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantzak antolatu du, Arabako Foru Aldundiak sustatuta.
Ekitaldia Ramiro González Arabako diputatu nagusiak inauguratu du, eta honako hau adierazi du bere hitzaldian: “berrikuntza eta jasangarritasuna elkar atzeraelikatzen duten printzipioak dira, eta horien gainean eraiki nahi dugu Arabaren etorkizuna, jasangarritasun lehiakorraren abangoardian egon dadin”. Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen zuzendari nagusiaren mintzaldiaren ondoren, berrikuntzaren alde egin duten enpresa eta erakundeen arteko lankidetzako lau arrakasta-kasu aurkeztu dira.
Luis Manerok, Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziako Enpresa Berrikuntzako zuzendariak, azaldu du nola lagundu ahal dien Innobasqueren Berrikuntza Profilak beste enpresa batzuei berritzeko orduan. Industria-enpresei zuzendutako laguntza-zerbitzu bat da, horien berrikuntza-gaitasunak eta -jarduera sustatzeko xedea duena. Europako Batzordeko Enpresa Txiki eta Ertainentzako Agentzia Exekutiboak (EASME) baliozkotu egin du tresna hori, enpresetan berrikuntzaren kudeaketa hobetzeko tresna gisa.
Euskadiko 300 enpresak baino gehiagok egin dute jada euren Berrikuntza Profila. Horren bidez, enpresei berritzeko dauzkaten gaitasunak jasotzen dituen txosten osatu bat helarazi zaie, dagokion ETEaren testuinguruari buruzko informazioa, enpresaren indarguneak eta ahulguneak, eta antzeko beste agente batzuekiko konparazioak ere jasotzen dituena. Eta horrek guztiak ikuspegi berri bat ematen du negozio-aukera berriei heltzeko. Txostenak hobetu beharreko arloak eta zenbait gomendio ere biltzen ditu.
Jon Kepa Izaguirrek, kimikaren sektoreko A&B Laboratorios ETE industrialeko Kalitateko eta I+G+b-ko zuzendariak, zerbitzuaren oso balorazio positiboa egin du. Duela lau urte, Innobasqueren Berrikuntza Profilaren bidez gomendatu zitzaien berrikuntza jasangarrian sakontzea, digitalizazioaren eta multikanalitatearen bidez merkatu berrietan sartzea, eta produktu adimendunei erreparatzea. Ondorioz, BRTArekin harremanetan jarri ziren, amaierako txostenean iradokitako moduan, eta ekodisolbatzaileen gama berri bat sortu zuten, 2020an Europako Ingurumen Saria irabazi zuena.
Esperientzia on horretan oinarrituta, A&B Laboratorios Innobasqueren proiektu-pilotuan parte hartzera animatu zen, negozio-eredu berrietan berritzeko xedez. Amaitzeko, Izagirrek ETEak animatu ditu Innobasquerekin harremanetan jarri eta euren Berrikuntza Profila egitera. Horrez gain, nabarmendu nahi izan du, batetik, Innobasqueren entzuteko gaitasuna, eta, bestetik, prozesu osoan zehar laguntzen duen adituen talde oso bat jartzen duela enpresen esku.
Horrez gain, beste hauen esperientzien berri ere eman da: Luis Jiménez, Euskaliteko Industriako arduraduna; Eugenio Morillo, Dorlet ETEaren Produktuko arduraduna; José Mª Fernández, Ihobeko Ekonomia Zirkularreko zuzendaria; Koldo Beitia, Zayer enpresako Berrikuntzako arduraduna; Garbiñe Manterola, BRTAko Transferentziako arduraduna; eta Aimar Andollo, Euroresin enpresako zuzendari teknikoa.
Azkenik, Javier Lasartek, Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapena, Berrikuntza eta Demografia Erronka Saileko kideak, aldundiak Arabako ETE-ei berrikuntza-jarduera areagotu dezaten eskaintzen dien laguntza-lerroaren berri eman du.