Durangoko Landako Gunea euskal berrikuntzaren erdigune izan da gaur. Global Innovation Day jardunaldiaren hamabigarren edizioa berrikuntzaren euskal ekosistemaren topagune izan da beste behin. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, antolatu du ekitaldia, Basque Artificial Intelligence Center, BAIC, eta Ihobe, Ingurumen-jarduketarako Sozietate Publikoarekin lankidetzan. Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak itxi du jardunaldia. Irekieran, Manuel Salaverriak, Euskadin berrikuntza sustatzen duen agentziaren presidenteak, “berrikuntzak gure lurraldean duen dinamismo handia” nabarmendu du, eta adimen artifizialaren eta ingurumen jasangarritasunaren (aurtengo ekitaldiaren bi ardatzak) garrantzia azpimarratu du. “Berrikuntza-jardueraren bi makrojoera nagusiak horiek dira gaur egun, eta aukera ezin hobeak dira Euskadirako. Digitala, gizakiak garatutako tresna handiena delako inondik ere, eta orain arte gaindiezinak iruditzen zitzaizkigun erronkei eta arazoei konponbidea eta soluzioa emateko aukera ekarri digutelako. Eta jasangarritasuna, agerikoa delako planeta eskuetatik joaten ari zaigula eta ahalegin betea egin behar dugula joera horri buelta eman eta lehengoratzeko. Horretarako, berrikuntza da eta izango da giltzarria”.

Ikus-entzunezko formatu berritzaile batekin, berrikuntzaren euskal ekosistemako eragileak bildu dira ekitaldian: enpresak, ETEak, enpresa munduko I+G arloko unitateak, ikastetxeak eta Lanbide Heziketako zentroak, eskualdeetako agentziak, teknologia- eta ikerketa-zentroak, baita era guztietako administrazio publikoak ere. 

Etorkizunerako bidea erakusten duten enpresen kasu praktikoak

Beren ikuspegi aurreratuarekin eta proiektu berritzaileekin etorkizunerako bidea erakusten ari diren hainbat euskal enpresa lider izan dira Global Innovation Day jardunaldiaren 2023ko edizioan. Energiaren, konputazio kuantikoaren eta medikuntzaren esparruan adimen artifiziala aplikatzen duten hiru kasu praktiko aurkeztu dira, baita jasangarritasuna ardatz harturik ekodiseinuaren, energia-eraginkortasunaren eta eraikuntzak birgaitzearen esparruetan diharduten beste hiru ere.

Laura Marrón, BAICeko zuzendari nagusia, arduratu da AAri eskainitako blokeaz, eta Ihobeko haren homologoa, Alexander Boto, jasangarritasunaren blokeko kasuez.

Andrés Portelak, Aratubo enpresako I+G+b arloko zuzendariak, Adimen Artifizialaren erabileran kasu aitzindari bat aurkeztu du, eta beren enpresan energiaren kontsumoa aurreikusteko nola erabiltzen duten azaldu du. Altzairuzko hodien soluzio integralak eskaintzen ditu Aratubok. Ikuspegi honek, eraginkortasuna hobetzeaz gain, ekoizpen-prozesu jasangarriagoak lortzeko bidea erraztu du.

Aitor Morenok, Ibermatica, anAyesa Company enpresako Adimen Artifiziala & Quantum Computing departamentuko buruak, bere enpresen eta ONCEren arteko lankidetza arrakastatsuaren berri eman du, eta AAko preskripzio-modeloetan konputazio kuantikoa nola ezarri duten eta horrek salmenta-postuak berriro esleitzeko prozesuan zer-nolako iraultza ekarri duen azaldu du. Proiektuak estandar berri bat ezarri du gora bidean diren teknologiak aplikatzeko, eta, horren bidez, nabarmen hobetu du eraginkortasuna.

Horiez gain, Erik Isusquizak, Ulma Medical Technologies enpresako merkataritza arloko arduradunak, Oñatiko mikroETEak ezarri duen ikuspegi disruptiboaren berri eman du, eta azaldu du adimen artifiziala oinarritzat hartuta, erretinografien analisi automatizatuari esker, erretinopatia diabetikoa lehen mailako arretan detektatu daitekeela gaur egun.

Jon Ander Agirrebengoak, Emica Bombas enpresako zuzendari nagusiak, EPAdis proiektua azaldu du, eta azpimarratu du mugarri bat izan dela Produktu Hedatuaren Ikuspegia (“EPA”, gaztelaniaz) aintzat hartuta diseinatutako (ekodiseinua) ponpa zentrifugoen sektorean. Kasu honek ageriko lidertza erakusten du jasangarritasunean, eta estandar bat ezartzen du diseinu ekologikoan berritzeko.

Fagor Arrasate Gipuzkoako kooperatibak bultzatutako Repump proiektuaren funtsa prentsa hidrauliko handiak modernizatzea eta berriro manufakturatzea da. Prentsa horien bidez, galerarik gabeko lan hidraulikoa garatzen da, eta, horri esker, erabiltzaileek hainbat hobekuntza lortzen dituzte energia-eraginkortasunean, lehiakortasunean eta ingurumen-inpaktuari dagokionean. Horrela nabarmendu du Unai Argaratek, Fagor Arrasateko Ikerketa eta Garapeneko teknikariak.

Azkenik, Rubén Fernándezek, Construcciones Fhimasa enpresako Negozio-garapeneko eta Berrikuntzako zuzendariak, ur-hornidura sistemak eta eraikinen birgaitze energetikorako sistemak optimizatzeko IoT plataforma eta Big Data sistema aditua aurkeztu ditu. Ikuspegi horrek onura nabarmena ekarri du eraginkortasunean, eta baliabideak lankidetzan eta modu jasangarrian kudeatzeko oinarriak ezarri ditu. 

Mar Mendibe eta Alex Rayón: bi talentu adimentsu, elkarrekin solasean

Eguneko beste ekitaldi nagusietako bat Mar Mendiberen eta Alex Rayónen arteko solasaldi inspiratzailea izan da. Mendibe, Biobizkaia Osasun Ikerkuntzako zuzendari zientifikoa, eta Rayón, adimen artifizialean aditua eta Brain and Code enpresaren sortzaileetako bat, osasun arloaren eta adimen artifizialaren uztarketari buruz aritu dira. Haien ideia trukeak ikuspegi argigarria eskaini du adimen artifizialaren, neuroteknologiaren eta osasun arloaren arteko loturari buruz. Bi adituen esanetan lotura hori goitik behera eraldatzen ari da osasun-arreta eta ikerkuntza medikua.   Solasaldian, hainbat gai izan dira hizpide: AA ez erabiltzeak sortzen duen ziurgabetasuna, AAk lan egiteko moduan ekarriko duen disrupzioa, teknologia horren buru diren herrialdeek datuen zer tratamendu egiten duten…

Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak gidatu duen “Adimen artifiziala eta jasangarritasuna: Euskadirako aukerak” mahai-inguruan ere hainbat aditu izan dira hizlari: Iraia Ibarzabal, Multiverse Computing enpresako hazkundeko zuzendaria; José Antonio Lorenzo, Lantek enpresako datuen arloko arduraduna, eta Mikel Santamaría, Indumetal Recycling enpresako industria-zuzendaria. AA eta jasangarritasuna uztartzeak sortzen dituen erronka eta aukerei buruz sakondu dute hizlariek. 

AAko proiektu berriak

Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak itxi du ekitaldia, eta, ondoren, berritasun gisa, hainbat bilera izan dira, adimen artifiziala hornitzen duten euskal enpresen eta teknologia horren bidez proiektuak gauzatuko dituzten enpresen artean.

HEMEN EKITALDIAREN ARGAZKI GUZTIAK.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago