Erakunde zurigorriaren filosofia “hain da ideia berritzailea ezen inork ez baitu imitatzen”. Horiek izan ziren Athletic Clubeko Josu Urrutiaren hitzak joan zen martxoan Deustuko Unibertsitatean egin zen Innobasqueren Astearteak: kirola eta berrikuntza jardunaldian.

Athleticek 1898an sortu zenetik bere harrobiaren alde egindako apustuak berekin dakartza ukiezin batzuk (konpromisoa, fedea edo erresistentzia…), balio erantsia sortzen dutenak eta jokalari eta zaletuengan klubeko kide izatearen zentzua indartzen dutenak. Balio hauen transmisioa funtsezkoa da tradizioari eusteko, eta ez dago berrikuntzarekin kontraesanean, zeren eta, berez, beste arlo batzuetan ere egiten baita: informatikan, osasun-arloan edo azpiegituretan.

Giltzarrietako bat da bistatik ez galtzea zer esan nahi duen Athleticek. The Guardian egunkariak, “What Athletic Bilbao can teach brands about risk and innovation” artikuluan, azaldu zuen berrikuntzak, azaleratzeko, ez dituela milioika dolar behar, baizik eta hil ala biziko egoerak. Athleticen arrakasta negozioen eta enpresaren mundura estrapola daiteke, marketinean arriskuarekiko higuina baitago. Britainiar egunkariko Simon James kazetariak zioen “berrikuntza hazkundea maximizatzeko diseinaturiko estrategia dela, arriskua onartuz beste batzuek beldurra duten lekuan”. Athleticentzat ez dago arriskurik bere estrategian, zeren eta berrikuntza eta talentu-sorkuntza bide posible bakarra baita, ez dago alternatibarik eta, beraz, ez dago beldurrik.

Irizpide horri eutsiz Athleticek lortu du maila goreneko klub gisa mantentzea, adibidez, datorren denboraldian Europa League-n bere parte-hartzea bermatuz, eta bihar bertan Erregearen Kopako finala jokatuz gaur egun txapelduna den F.C. Barcelona-ren aurka. AUPA ATHLETIC!

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago