Ikasle euskaldunentzako FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza-programak bere historiako lehen final egoitzaniztuna izango du larunbatean, otsailaren 8an, Donostian, Deustun eta Arrasaten. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin batera Donostia Sustapenak antolatzen duen lehiaketaren Donostiako egoitzaren aurkezpen ofiziala egin da bertako udaletxean. Deustuko Unibertsitateak Bilbon eta Mondragon Unibertsitateak Arrasaten dituzten egoitzek ere eman dute euren lehiaketen berri.
Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, “Final hau, urtero bezala, FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza-programaren amaiera handia da; izan ere, azken 6 hilabeteetan, 2.000 euskal ikasle lanean aritu dira FIRST LEGO Leagueko nazioarteko erakundeak aurten jarri duen erronkan: CITY SHAPER – Bizitzeko eta lan egiteko ingurune hobeak eraikitzea, eta gai honetan Euskadin egiten dena ezagutzen aritu dira. 11 urte hauetan, FIRST LEGO League STEAM Hezkuntzan ─zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematikan─ erreferentziazko programetako bat izan da Euskadin.
Ernesto Gasco Donostiako Udalean Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak adierazi duenez, “Donostia Sustapena-n dugun lan-estrategia bat dator Innobasquek FIRST LEGO League Euskadi lehiaketa ospetsuaren bidez STEM konpetentzien eta berrikuntzaren alde egindako apustuarekin. Guretzat garrantzitsua da dinamika hori erakartzea eta abian jartzea gure hirian, FLL Euskadi lehiaketaren bidez, gazteak teknologia berri horietan, baina baita balioetan ere, heztearen eta trebatzearen garrantziaz sentsibilizatu eta komunikatzeko; datozen urteetan programa honetan parte hartzen duten Donostiako ikasle eta ikastetxeen kopurua handitu nahi genuke, baita Donostia Sustapenatik Donostia Innovation Campus programaren bidez hedatzen ditugun beste ekimen batzuetan ere”.
Eureka-Zientzia Museoa izango da FIRST LEGO League Euskadiren Donostiako egoitza, eta bertan 35 euskal taldetako 350 ikasle inguruk, bi kategoriatan banatuta (6-9 urte eta 10- 16 urte), beren irtenbide berritzaileak defendatu eta robotak erakutsiko dituzte.
Bestalde, Deustuko Unibertsitateak dena prest du Bilboko campusean, Deustun, lehiaketa egiteko. Bertako kirol-instalazioetan, 6 eta 16 urte bitarteko 400 gazte bilduko dira, Euskadiko 20 ikastetxetako 45 taldetan banatuta: FLL (10-16 urte) eta FLL Junior (6-9 urte).
Arrasaten jokatuko den finalean Euskadi osotik etorritako 13 ikastetxek parte hartuko dute, 352 ikasle izango dira, 22 taldek parte hartuko dute FLL lehiaketan, eta 20k FLL Juniorren.
Egoitza bakoitzeko bi talde onenek, seik guztira, parte hartuko dute martxoan Tenerifen izango den Espainiako finalean.
FIRST LEGO League Euskadi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen STEAM Hezkuntza Estrategiaren parte da, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien laguntza ere badu.
.
.