Berrikuntzaren Euskal Agentzia hasiera-hasieratik izan da laguntzaile Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Sarian; Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatzen du Sari hau, eta aurten seigarren edizioa izango du. Innobasqueko presidentea, Manuel Salaverría, sari hau erabakitzen duen epaimahaikoa da, eta urtero emakume teknologo baten ibilbide bikaina aitortzen du bere lana ezagutzera emateko helburuaz. Hautagaiak aurkezteko epea apirilaren 5ean amaituko da eta bide elektronikoz egin behar da. Irabazlearen izena egun batzuk geroago ezagutaraziko da Forotech-en esparruan.
Sariak emakumezko erreferenteak sortzen ditu zientzian eta teknologian, bokazio teknologikoak sustatzeko neska-mutikoen artean, eta aldi berean teknologiaren garrantzia nabarmentzen du ekonomiaren hazkunderako eta gizartearentzat etorkizunerako balio gisa. Teknologia-arloetan, ingeniaritzan eta teknologiarekin erlazio estua duten beste zientzia-arlo batzuetan titulazioa edo ibilbide profesionala duten emakumeentzat da aitortza edo aintzatespen hau.
Hona hemen aurreko edizioetan sarituak: María Ángeles Martín, Teknologia Elektronikoan irakaslea; Regina Llopis, Informatika Aurreratuko Aplikazioetan presidentea; Nuria Oliver, Informatikan ikertzailea; Asunción Gómez, adimen artifizialean aditua; eta Montserrat Meya, Hizkuntzalaritzan lizentziaduna eta doktorea Bartzelonako Unibertsitatearen eskutik, Itzulpengintza Automatikoaz tesia egin duena Massachusetts Institute of Technology-rekin (MIT) lankidetzan.