Tecnalia, DTI, Fraunhofer-IPA eta MTCek, Europan mailarik eta osperik handieneko lau teknologia-zentro hauek, enpresen zerbitzura jartzen dute teknologian, azpiegituran, harreman-gaitasunetan eta “mentoring”ean eman dezaketen laguntza, teknologia robotikoen ahalmena garatzeko. RoboTT-net OpenLab ekinbidearen bidez egiten dute.
Datorren ekainaren 9an Donostiako Teknologia Parkean jardunaldia egingo da eta bertan azalduko dira programa honen xehetasunak; 60 laguntza-kupoi eskainiko dira proiektu berritzaileek behar dituzten arloetan “business case” garatzeko eta teknologiaren heldutasunerako; robotikan eta Europan lider diren teknologia-zentroen negozio-ekinbide berrien garapenaren arloan aditurik onenen 400 ordu sartzen dira.
Gero, hautaturiko ekinbideek 150.000 €-rainoko diru-laguntza jasoko dute zure teknologia edo produktua baliozkotzeko pilotuak egiteko, horien ahalmen guztia egiaztatu eta frogatzeko.
Robott-net OpenLab-en manufaktura-enpresek har dezakete parte robotikaren eta automatizazioaren erabilera eraginkorrak zure negozioaren errentagarritasuna nola gehitu dezakeen aurkitzeko; baita robot-fabrikatzaileek eta integratzaileek, unibertsitateek eta teknologia-zentroek ere, zuen berrikuntzak merkatura, ETE eta start-up-etara transferitzea bizkortzeko, robotikaren negozio berriak garatzeko ideia berritzaileekin. Izena emateko egin klik hemen.
Ekinbide hau fabrikazio aurreratuko lehentasunaren barruan kokatzen da, espezializazio adimendunaren estrategian, Euskadiren kasuan Basque Industry 4.0 deitzen dena. Hurrengo industria-iraultza izango da, IKT teknologien integrazio hedakorrean oinarritua. Alemanian sortua, herrialde hartan oso automatizaturiko ekoizpena duten enpresa handiak daude eta, gainera, automatizaziorako sistemen hornitzaile nagusiak dira, 4.0 industria-kontzeptuak (sentsoreak, kontrolatzaileak, komunikazio-sistemak, …) gauzatzeko beharrezkoak.