iNNvest Sareak, 50 inbertitzailek, finantzatzailek eta ekintzaile berritzaileei laguntzeko eragilek osatuak, joan zen irailaren 17an topaketa bat antolatu zuen, eta bertan ekintzailetza berritzaileko proiektuak bultzatzeko konexio-formulak bilatu zituzten. Finantza- eta inbertsio-munduko 50 pertsona baino gehiago elkartu ziren iNNvest Konekta!-ren II. edizioan; hau iNNvest sarearen ekinbide berria da, eta ekintzailetza-ekosistema osatzen duten funtsezko eragileen artean topaketak bultzatzen ditu, ekintzaile berritzaileek beharrezko baliabideak errazago lortze aldera konponbideak bilatzeko betiere. Jardunaldiak “ekintzailetza berritzailearen kultura sustatzeko” balio izan zuen, “gizartea eraldatzeko eta aberastasuna, enplegua eta ongizatea sortzeko gai den kultura”, Txema Villatek, Innobasqueko zuzendari nagusiak, adierazi zuenez.
Finantza-erakundeen aldetik lehen mailako ordezkariak etorri ziren, inbertsio eta ekintzailetzaren laguntzarako sailetakoak: Banco Santander (Jesús Mª Celaya – Santander Advance), Banco Sabadell (Yolanda Pérez – Bstartup), Laboral Kutxa (Oscar Muguerza – Gaztenpresa), Banco Popular (Andrés Alonso), Bankoa (Patxi Lasaosa), Kutxabank (Ander Aizpurua), Bankinter (Pablo Lancry – Bankinter Berrikuntzaren Fundazioa) eta La Caixa (Oriol Lendínez – Microbank): horiek eztabaidan parte hartu zuten, eta moderatzailea Joseba Madariaga izan zen, Deusto Business School-eko dekano-ordea eta Laboral Kutxako Azterketa Zerbitzu-burua.
Inbertitzaileen aldetik honako hauen ordezkariak izan ziren: Abra Invest, Albia Capital, CRECER+, Emprendiza, Hub Group, CAF Ventures, CEIT-IK4, CIE Automotive, Deba Energy, Iberdrola Perseo, Ibermática, IK4, Microwave, Mondragon Eko, Orza, Repsol Ventures, Seed Capital, SGECR, Talde, Tecnalia Ventures eta Velatia.
Hitzaldietan iNNvest Sarea bezalako tresnekin sarean lan egitearen onurak nabarmendu ziren, arriskuak partekatuz eta balio handiagoa eta ekintzailearenganako hurbiltasuna eskainiz. Halaber, hainbat modalitatetan baliabide ekonomikoak jartzen dituztenen artean zubiak eraikitzeko premia detektatu zen. Partekatzeak eta lankidetzak arriskuak gutxitzen laguntzen du.
Horren haritik, hizlari guztiak bat etorri ziren proiektuak ebaluatzeak duen garrantziaz eta zailtasunaz, ez bakarrik inbertsioaren itzulkin edo erretornuaren ikuspuntu ekonomikotik, baita ere proiektuen bideragarritasunaz teknologia eta merkataritzaren ikuspegitik. Beste alderdi batzuk ere aipatu ziren, adibidez balio erantsiko zerbitzuekin proiektuen hazkundean inplikatzeko joera orokorra dagoela, eta proiektu ekintzailearen taldea osatzen duten pertsonek garrantzi izugarria dutela.
Azkenik, proiektuak bultzatzeko eragile publikoen eginkizun erabakigarria nabarmendu zuten –SGECR eta Seed Capital Bizkaia sarearen parte dira–, oso garrantzitsua izanik proiektuak merkatura orientaturik egon daitezen bultzatzea, diru-laguntzak eta bestelako laguntzak helburu bihurtzea saihestuz.
Eztabaida amaiturik, konexioa gauzatzen hasteko eta finantzarioen eta inbertitzaileen artean harremanak estutu ahal izateko, workshop bat egin zen, eta bertan banku bakoitzak aukera izan zuen bere finantza-tresnak, ekintzailetza berritzailera zuzenduak, inbertitzaileen aurrean azaltzeko. Helburu argia indarrak batzea eta hemendik aurrera jarduerak koordinatzea da, ekintzailetza berritzaileko proiektuek laguntza onenak aurki ditzaten iNNvest sarean.
Topaketaren irudi gehiago hemen:
https://www.flickr.com/photos/innobasque/albums/72157658488586879