Metodologia berriak, zerbitzu ekosistemikoak, ETEen zeregina, bizi-amaiera, marketina eta ekodiseinuaren aplikazioa elikaduraren, mugikortasunaren eta zuraren arloetan: horiek izango dira Basque Ecodesign Meeting 2014-ko (BEM2014) 8 jardunaldi tematikoak, gaur bertan Bilbon egiten ari diren topaketan. Basque Ecodesing Center-ek antolatua, bi urtean behin ekodiseinuari buruz egiten den nazioarteko topaketa da, Basque Ecodesign Center-ek eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ─Ihobe baltzu publikoaren bidez─ antolatua, eta, beste erakunde batzuenaz gain, Innobasqueren laguntza ere badu.
Gaurko jardunaldian 80 hizlari izango dira, eta hainbat ikuspegitatik ekodiseinuaren erabilera aztertuko dute:
- “Life Cycle Thinking”aren eta kostuen azterketaren aplikazio-metodologiak, produktuaren diseinu iraunkorrari aplikatuak. Tresna berriak aurkeztuko dira bizi-zikloaren ikuspegiaz, eta manufakturen eta zerbitzuen sektoreari nola aplikatu eztabaidatuko da.
- Zerbitzu ekosistemikoak enpresentzat abagune gisa, eta “Enpresa eta Zerbitzu ekosistemikoak” gidaliburuaren aurkezpena, azpiegitura berdeei buruzko eztabaida-mahaiarekin.
- ETEen zeregina ekodiseinuan arrakasta-kasuekin, adibidez Steelcase, BSH eta Nicolás Correa. Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskolako eta Mondragon Unibertsitateko Ekodiseinu Ikasgelen proiektua. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Joan Rieradevall-en hitzaldia; Europan ospe handieneko adituetako bat da bera.
- Bizi-amaiera eta kudeaketa-sistema integratuak.
- Ekodiseinua enpresa-marketineko estrategia gisa.
- Mugikortasuna: itsas, trenbide, aeronautika eta automobilgintzaren azpi-arloetako joerak identifikatzea; eta kasu praktikoak, besteak beste, Boeing, Airbus, Aernnova, Wartsila, LKS edo CIE Automotive.
- Ekoberrikuntza elikadura-arloari aplikatua, AZTI-Tecnaliak koordinaturiko saioan. Elikadura-industria eta nekazaritzarekin lotuta, bizi-zikloaren azterketaz hitz egingo da, Europako eremuan dagoen ikuspegi estrategikotik ingurumen-eraginak arintzeko neurri gisa, baita bere komunikazio-ahalmenari buruz ere ingurumen-etiketatzea egiteko tresnen bidez. Elikadura-arloa Europako Batzordeak lehentasunezkotzat jotzen duen sektoreetako bat da.
- Habic, EAEko ekipamendu, zur eta diseinuaren Clusterrak iraunkortasunari buruzko saio berezi bat koordinatuko du habitat, bulego, zur eta contract arloan, non identifikatuko diren sektoreari planoan eragiten dioten ekoberrikuntzako estrategia nagusiak.