Gaur, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Innobasquek bat egin nahi du Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak diseinaturiko kanpainarekin; kanpaina honen bidez euskal gizartean berdintasuna sustatzen duten jarrera pertsonalak aitortzen dira “Berdintasuna nire baitan ere hasten da” goiburupean.
Ospakizun hau dela-eta, Innobasquek, bere lantaldean emakumeak gehiengoa izanik (%76), Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Plana 2016-2020 aurkezten du. Honela, Berrikuntzaren Euskal Agentziak bere hondar-aletxoa jartzen du berrikuntzatik berdintasun handiagoko Euskadi lortzeko bidean. Hori lortzeko, Innobasquek, Emakunde eta Murgiberen laguntzaz, Plan hau diseinatu du: 47 ekintza daude hiru helburu estrategiko hedatzen dituztenak Innobasqueko harreman- eta antolaketa-maila guztietan genero-ikuspegia txertatzeko:
- Emakumezkoen presentzia gehitzea Innobasqueko erabakitze-organoetan.
- Berdintasunari buruzko sentiberatasuna hobetzea Innobasqueko maila guztietan, preskribitzaile gisa jardun eta eredu izanez.
- Gizon eta emakumeen artean benetako berdintasuna bultzatuko duten lan-inguruneak eta egoerak sustatzea.
2017rako, Planak zenbait ekintza planteatzen ditu: pixkanaka parekidetasun-irizpidea txertatzea (40/60) zuzendaritza-kontseiluen eraketan, Innobasqueren komunikazio-jardueretan hizkuntzaren eta irudien berdintasunezko erabilera bermatzea, lanean sexu-jazarpenaren eta jazarpen sexistaren aurkako protokoloa diseinatzea, hainbat arlotan adituak diren emakumeen direktorioa sortzea, eta Innobasquek antolatzen dituen foroetan hizlari gisa emakumeak sartzeko ekintza positiboak.
Bestalde, Eustat-en arabera, Euskadi, 58,5 punturekin, Europako Batasuneko herrialdeen artean genero-berdintasunaren indizean bosgarren tokian dago, Belgika baino goraxeago. Euskadi ia 5 puntu dago Espainiako eta Europako batez bestekoaren aurretik, hau 52,9 puntukoa baita. Sailkapen honetan liderrak Suedia, Finlandia, Danimarka eta Herbehereak dira.
Oro har, Euskadin landunak diren hiru pertsonetatik batek (%32k) esaten du zailtasun handiak dituela lana eta mendekotasuna dutenak zaintzea bateragarri egiteko, eta antzeko ehunekoak (%31,2) aitortzen ditu zailtasun horiek adin txikiko seme-alabak zaintzeko. Ohargarria da gizonek zailtasun handiagoa adierazten dutela lana adin txikikoen zaintzarekin bateragarri egiteko, zeren eta %72,7k esaten du zailtasun ertain edo handia duela, eta emakumeen %62,8k adierazten du hori. Bestalde, ikusi da ama izateak lan-promoziorako desberdintasunak sor ditzakeela emakume landunen %18,9rentzat; gizonen %8,8k bakarrik uste du aita izateak nabarmen eragin diezaiokeela.