Eskola-zientzia eta -teknologiaren festarik handiena gaur izan da, FIRST LEGO League Euskadiren historiako lehen final egoitzaniztunean; lehiaketa honek zientzia eta teknologiarekiko bokazioak sustatzen ditu erronka tematikoen bidez. Hiru lehiaketa aldi berean jokatu dira Deustu-Bilbon, Donostian eta Arrasaten, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustuko Unibertsitate, Donostia Sustapena eta Mondragon Unibertsitatearen arteko aliantzari esker; horiek guztiak Innobasqueko bazkideak dira, eta ikasleak ikerketan, arazoen konponbidean eta zientzian murgiltzeko interesa partekatzen dute Agentziarekin batera.
Bilboko Begoñazpi Ikastolako Ecocivitas, Donostiako Axular Lizeoko Overclock eta Bermeoko (Bizkaia) Jesusen Bihotza Ikastetxeko Bermirobot izan dira aurrekaririk gabeko edizio honetako hiru talde irabazleak, lehen postuan sailkatu ondoren Deustu-Bilbo, Donostia eta Arrasateko lehiaketetan, hurrenez hurren. Parte hartu duten 126 taldeen artean, osoenak bezala aukeratu dituzte aurtengo erronka tematikoaren ─CITY SHAPER: bizitzeko eta lan egiteko ingurune hobeak eraikitzea─ hiru esparruetan. .
Horrela, azken sei hilabeteetan egin duten lana ebaluatzeko hiru proba egin dituzte: hiriekin zerikusia duen arazo bat hobetzeko garatu duten berrikuntza-proiektuaren aurkezpena; beraiek diseinatu, eraiki eta programatu duten LEGO Mindstorms robotaren jokoa; eta proiektuak FIRST LEGO League balioak ─hau da, aurkikuntza, berrikuntza, inpaktua, inklusioa, talde-lana eta dibertsioa─ kontuan hartuta garatu dituztela erakustea.
Halaber, saririk izan da bigarren tokian sailkaturiko taldeentzat: Portugaleteko (Bizkaia) Construcciones y Demoliciones-Senide Arteko Taldea, Deustu-Bilboko lehiaketan; Burgeluko (Araba) Landederros Gamberros, Donostiakoan; eta Arrasateko (Gipuzkoa) Arizmendi Ikastolako Ikerlan Eguzkilore, Arrasatekoan.
Horiek guztiak joango dira Espainiako finalera irabazleekin batera, eta, beraz, sei euskal taldek ordezkatuko dute Euskadi Espainiako FIRST LEGO League finalean, Tenerifen, martxoaren 28an eta 29an. Han aukera izango dute Estatu Batuetan, Japonian, Grezian, Brasilen eta Australian apiril eta uztail bitartean egingo diren nazioarteko lehiaketetara joateko baimena lortzeko; egia esan, FIRST LEGO Leaguen parte hartzen duten mundu osoko 100 herrialdetako 500.000 ikaslek baino gehiagok dute helburu hori. Irabazleen zerrenda osoa hemen ikus daiteke.
“Innobasquek, Deustuko Unibertsitateak, Donostia Sustapenak eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean egin dugun lana funtsezkoa izan da finalaren arrakastarako ez ezik, sei hilabetez egindako lanaren arrakastarako ere, 6.000 euskal ikaslerengana iritsi ahal izateko eta euskal errealitate zientifiko-teknologikoa modu berritzaile, dibertigarri eta hunkigarrian beraiengana hurbiltzeko”.
FIRST LEGO League Euskadi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen STEAM Hezkuntza Estrategiaren parte da, eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiekin batera, ekimen honekin lankidetza estuan dihardu Jaurlaritzak berak