“Drone” baten fuselajea diseinatzea izan da Diseinua 2014 lankidetzazko proiektua, lanbide-heziketako zenbait ikastetxetako Mekanika sailek garatua; ikastetxe horiek, gizarte-ekimenezko ikastetxe itunpekoak eta irabazi asmorik gabeak, Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartekoak (HETEL) dira. Datorren ekitaldi akademikoan, Fabrikazioa proiektuan dagoen hezkuntza- eta partaidetza-proposamenaren bigarren zatia garatuko dute ikasleek, eta aire-ibilgailuaren produkzioa izango da hori.

Honelako proiektuen dinamika, funtsezko oinarria berrikuntzan eta sormenean dutelarik, 2005. urtean sortu zen HETELeko IKT dinamizatzaileen taldetik. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta metodologia pedagogiko berriak kasu praktikoei aplikatzea planteatu zuten hezkuntza-profesionalek, lanbide-heziketako hainbat ikastetxeren artean kudeatuko zirelarik, prestakuntza tradizionala garai berrietara egokitzeko helburuarekin. Urtebete beranduago, hainbat ikastetxetako mekanika-sailetan Diseinua eta Fabrikazioa proiektuak sortu ziren, eta azkenean 2008an eman ziren argitara. Aritzeko era hau zen: Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ikasleei erronka bat planteatzea, eta Fabrikazio Mekanikoko Programazio zikloko ikasleek egin eta funtzionatzen jartzea urtebete geroago.

Ikasleek gainditu beharreko erronkak eta komunikazio-tresnek eboluzionatu egiten dute, baita proiektuek eurek eta horien eskakizunek ere. Edizio honetan, nobedade gisa, enuntziatua eta lana edo lanaren zati bat ingelesez eman zaie ikasleei, eta 3D inprimagailuak ere erabil ditzakete. Halaber, gaitasun pertsonalaren eremuan, “dronei” eta horien funtzionamendu elektronikoari buruzko ezjakintasunari aurre egin behar izan diote gazteek, jakintza hori funtsezkoa izanik fuselajearen diseinurako, motorretan behar diren gaitasunetarako, plaka, zirkuitu, kable eta abarretarako.

HETEL – Heziketa Teknikoko Elkartea

HETEL Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartea da, gizarte-ekimenezko ikastetxe itunpeko eta irabazi asmorik gabeek osatua; Elkartea 1987an sortu zen, EAEko Lanbide Heziketaren eskaintza eta garapena sustatzeko eta hobetzeko helburuarekin. Gaur egun itunpeko 21 euskal ikastetxe daude bertan: 2 Araban, 10 Bizkaian eta 9 Gipuzkoan. HETELeko 21 ikastetxeetan 20.000 ikasle daude gutxi gorabehera, Lanbide Heziketa arautua eta Lanerako Prestakuntza (lana duten pertsonentzako nahiz lanaren bilaketa aktiboan dabiltzanentzako ikastaroak) barne hartzen dituela.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago